euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde" ekimenean parte hartzeko deia egin dute Buenos Airesen

2014/06/26

Ekainaren 5ean Uruguaiko Legebiltzarran egindako "Uruguai Euskal Herriko Bakearen Alde" elkarretaratzea
Ekainaren 5ean Uruguaiko Legebiltzarran egindako "Uruguai Euskal Herriko Bakearen Alde" elkarretaratzea

PUBLIZITATEA

Ekitaldi publikoa azarorako iragarri da, Buenos Aires hiriburuan, helburu jakin batekin: “Euskal Bake Prozesua bultzatzea eta ondorioz, horren bidez, arazo politikoa konpontzea”. 2010ean Mexikon eta aurtengo ekainaren 5ean Uruguaiko Parlamentuan burututako elkarretaratzeak eredu hartuz, Argentinakoan ere izen handiko pertsonaia publikoek parte hartzea aurreikusi da, politika, artea, kirola, hezkuntza eta beste zenbait arlokoek eta baita erakundeek eta euskal gizataldeko ordezkariek ere.

Buenos Aires, Argentina. Plazaratu berria da Buenos Airesen "Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde" izenpean euskal egoera politikoaren aurrerabidean hondar-alea ipini nahi duen ekimena eta bertan parte hartzeko gonbitea. Bilkura azaroan izango da, seguruenik hiriburuko Legebiltzarrean. Elkarretaratzearen baitan euskal gatazkaren irtenbide baketsuaren aldeko aldarrikapena egingo du lagun multzo zabal batek, esparru eta ideologia askotarikoak.

Aurretik Mexikon eta Uruguain bezala, bildutakoek Aldarrikapen bat kaleratuko dute, haien ildo berekoa, prozesuan aurrera egitea sostengatuz, honako edo antzeko testuaz: “'Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde' elkarretaratzeko partaideek eta aldarrikapen hau sinatzen dugunok uste dugu une politiko historikoa ari dela bizitzen gaur Euskal Herria. Nobel saridun batzuek Bruselako 2010eko martxoan sinatutako Aldarrikapenak, 2010eko iraileko Gernikako Akordioak, Ezker Abertzalearen debateak eta ETAren su-etenak denboraldi politiko berria ekartzen dute Euskal Herrira eta baita estatu espainiarrera eta frantziarrera ere oro har”. 

“Gure ustez, gaur egungo egoerara iristeko ezinbestekoak izan dira 2011ko urriaren 17an Donostian eginiko Bakearen Aldeko Nazioarteko Konferentzia eta 2013ko urriaren 17an Mexikon burututako Euskal Herriko Bakearen Aldeko Elkarretaratze Kontinentala. Nazioarteko oihartzuneko pertsonek antolatu eta babestutako bi ekimen horiek balio handia hartzen dute Euskal Herriak hain beharrezkoak dituen irtenbide baketsuak bilatzeko prozesuan. Argentinatik lekukoa jaso eta bat egingo dugu aurreko elkarretaratzetan egindako aldarrikapenekin eta babes gehiago biltzen segitu nahi dugu Euskal Herriak bake iraunkorra eta bidezkoa lor dezan”.

Talde antolatzailea

Gonbitea euskal diaspora argentinarreko lau kide ezagunen eskutik plazaratu bada ere –lehenengo deia Mariana Fernandez Castellik, Cesar Arrondok, Santiago Bereciartuak eta Carlos A. Martinezek sinatu dute-, antolatzaileek berek euskal gizataldearen mugak aisa gaindituko dituen proposamena sustatzen ari direla aitortzen dute eta “euskal kolektibitatearekin engaiamendu handia duen herritar argentinar multzo ahalik eta zabalena" biltzekotan dira.

Pertsona eta talde guztiak dira ongi etorriak euren atxikimendua azaltzeko edota ekimenaren alde lan egiteko. Interesatuek Cesar Arrondorekin edo Mariana Fernandez Castellirekin jar daitezke kontaktuan.

“Lau hilabete baino ez ditugu eta lan handia dugu aurretik. Hala ere, ekimena abian da dagoeneko eta badakigu lagun askoren babesa izango dugula. Izan ere, garrantzitsua da azpimarratzea deialdiak ideologia eta alderdi politikoen mugak gainditu nahi dituela; are gehiago, euskal gizataldearenak ere gaindituko ditu kolektibitatekoak ez diren hainbat pertsona bilduz”, azaldu dio Cesar Arrondok EuskalKultura.com-i.



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia