Hasiberriei zuzendutako beste mus ikastaro bat antolatu du San Frantziskoko Euskal Etxeak irailean. “Bada betidanik jokatzen ikasteko nahia izan bai, baina ikasteko sekula aukerarik izan ez duen jendea”, esan dio NABOko lehendakari Valerie Arrecheak Euskalkultura.com-i. Aurten, bost hilabete gehiago luzatuko dituzte eskolak, harik eta NABOko mus txapelketa hasten den arte.
San Frantzizko, AEB. Antzeko ikastaroak antolatzen hasi zen Euskal Etxe hau, bi urtean behin, “duela zortzi urte edo”, Arrechearen berbatan. “Ahal dugunean egiten ditugu. Aurten maiatzean egin nahi genituen baina ezinezkoa zen eta irailean antolatzea, berriz, posible izan da”.
Iraileko lau ostiraletan, Euskal Etxean bertan antolatutako doako eskola hauetara hamar bat lagun hurbildu dira. “Oso ondo pasatu du jendeak”, antolatzailearen hitzetan. Gauzak horrela, otsailera arte luzatuko dute ikastaroa, nahiz eta hilean behin baino ez diren batuko bigarren txanda honetarako. Hileko lehen ostiralean izango dira eta hasiberri eta maila ertaineko jokalariei egongo da zuzendua.
“Jokoaren nondik norakoak irakasten dizkiegu hasieran eta, behin hori menperatuta, estrategiez egiten dugu berba”, adierazten digu Arrecheak. Eta honetaz guztiaz gain, euskaraz ere zertxobait ikasten dute jokalari berriek: “Azalpenak ingelesez egiten baditugu ere jokatzerako orduan euskaraz egiten dugu. Euskarazkoak dira hitz guztiak”.
Arrechearekin batera beste zenbait jokalari iaio ibili dira irakasle lanetan. Tartean Hella Basque blogeko arduraduna den Anne Marie Chiramberro: “Blogak antolatutako lehendabiziko mus txapelketa egin nuen iaz, baina gurasoek eta hainbat lagunek ezin izan zuten parte hartu jokatzen ez zekitelako”, adierazi du. Eta bigarren txapelketa urrian antolatuko duenez, laguntzaile izan da eskola hauetan.