euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martin Petrus, EIAEko koordinatzailea: Indarrak batu ditugu mundu aleman hiztunari Euskal Herria aurkezteko

2007/05/19

Martin Petrus (argazkia BasqueHeritage.com)
Martin Petrus (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herria eta euskal kultura gero eta oihartzun handiagoa ari da lortzen Alemanian. Euskal literatura hasia da alemanez agertzen, euskara-alemana hiztegia plazaratu da, euskal kultura asteak egiten dira Alemaniako hirietan, euskara eta euskal kultura ikasteko aukeran eskaintzen dira unibertsitate germaniarretan... Euskal kultura ahalegin horretan dabil, besteak beste, Martin Petrus, geure kulturaz maitemindutako alemana. Bera da Frankfurt-eko 'Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea' (sic) erakundeko koordinatzaile. Uda honetarako prest dauzkate jadanik ikastaro eta emanaldiak. Jarraian HABE aldizkariak Petrusi iaz egindako elkarrizketa bat berreskuratu dugu, egungotasuna mantentzen duelakoan.
Gasteizen egin genuen hitzordua Martin Petrus, Frankfurteko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxearen koordinatzailearekin. Euskal Herrira egin berri duen bidaia aitzakia hartuta, Euskal Ikaskuntzen Etxea zertan den eta nolako lanak egiten dituzten jakite aldera, hainbat galdera luzatu genizkion. Hona hemen erantzunak.

-Zertara etorri da Euskal Herrira Martin Petrus?

-Lehenik eta behin, oporretara. Euskal Herria gehiago ezagutu nahi izan dut oraingoan. Etorri nintzen lehen aldian hiru egunez bakarrik egon nintzen Gasteizen. Euskal Herriari buruz hainbeste irakurri ondoren, hainbeste hitz egin ondoren, jakin-min handia nuen bisitatzeko, ikusteko. Kaletik euskara entzun nahi nuen, Alemanian ezinezkoa baita eta azkenik, hainbat jenderekin harremana dudanez, pertsona horiek ikuste aldera.

-Nondik sortu zen Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea sortzeko premia?

-Ideiaren sustatzaile nagusia Stegmann irakaslea izan zen. Frankfurteko liburu-azokara etorri ziren euskal editoreei aurkeztu zien berak zuen liburutegi kataluniarra. Orduan esan zuten beraiek ere nahi zutela antzeko zerbait eduki. Beste pertsona garrantzitsua Christian Münch izan zen, euskaldun batekin ezkondua dagoena, eta maila pertsonalean, Euskal Herrian hainbat lagun zituena. Liburutegi bat eraikitzeko ideia izan zuen, baita euskara-eskolak ematekoa ere. Bada hirugarren protagonista bat, Phule irakaslea, Ludger Mees historialariaren irakasle, azken honek karrera hasi zuenean. Azkenik, Gippert irakaslea aipatu behar dugu, Hizkuntza konparatuen Institutuko irakasle eta zuzendaria, duela hainbat urte Berlinen euskara-eskolak bideratzen hasitakoa berau, Martinez irakaslearekin batera (laster emango da argitara bere euskara-aleman hiztegia).

-Nork jotzen du zuen zentrora?

-Bereziki, ikasleek, eskaintzen ditugun ikastaroak hizkuntza erromanikoak ikasten ari diren ikasleei zuzenduta baitaude. Ikastaro hauek Euskal Herriko kultura eta literaturari buruzkoak dira. Hizkuntza bera, euskara, ikasten dutenak hizkuntz konparatuak ikasten ari diren ikasleak dira. Euskara, hain berezia izanik, arlo akademiko ona baita beste hizkuntzekin konparatu ahal izateko. Bestalde, baditugu hainbat ekitaldi kultural: zine-emanaldiak edota irratsaioak, esaterako. Horiek guztiak, lehenik eta behin, unibertsitateko ikasleentzat dira. Baina, nik horien berri ahalik eta leku gehienetan ematen dudanez, beste era bateko jendeak ere hartzen du parte.

-Zein da zure egitekoa, orokorrean?

-Alderdi administratiboan, hitzarmen bat daukagu Eusko Jaurlaritzarekin ikastaroak emateko, gure liburutegia euskal liburuez hornitzeko... etab. Hasiera batean, liburutegiaz arduratzen nintzen eta gaur egun ez diot hainbeste denbora eskaintzen, besteak beste, ez daukadalako. Horretaz gain, koordinazio-lanak esan nahi du asmatu egin behar dudala noiz eta zein ekintza kultural antola daitezkeen euskal kultura sustatzeko, baita euskal editoreei liburu-azokan literatur ekitaldiak antolatzen laguntzeko. Bisitak ere antolatu ohi ditut, Ibarretxe Lehendakariarena, esaterako. Komunikabideetan ere ematen dut egiten dugunaren berri. Oro har, koordinazio-lana egiten dut.

-Nolako saioak egiten dira 'Irrati X' irratian? Nori zuzenduta daude, zein entzule-motari?

-Irratia ez da komertziala. Esan daiteke gutxieneko diru-laguntzak jasotzen dituela. Ez dakigu zehatz-mehatz zenbat entzule dituen, beraz. Baina, larunbatetan, 12etatik 13etara, gure irratsaioko garaian 5.000-7.000 entzule inguruk jartzen omen du irratia. Entzuleak ohituta daude hizkuntza ezberdinetan egiten diren saioak entzuten: alemanez, euskaraz, gaztelaniaz, kurdueraz, finlandieraz, katalanez... egiten baitira. Baina, gure saioetan, batez ere, Euskal Herriari buruzko informazioa ematen dugu: nolakoa den, zein muga geografiko dituen... Zail samarra gertatzen baita Alemanian ulertzea Euskal Herriak Espainia eta Frantziako estatuak hartzen dituela. Nik uste dut eragin handia duela euskaldun-kopuru txikia egoteak bertan. Katalanak, gehiago direnez, ezagunagoak dira. Ez dira zuzeneko emanaldiak izaten eta jendeak tarteka deitu egiten du musika-talde jakin bati buruz galdetzeko, esaterako.

-Zeren arabera aukeratzen dituzue euskal talde edo idazleak?

-Frankfurt hiria oso anitza da kulturen aldetik eta hainbat musika-jaialdi antolatzen dira bertan. Guri gustatuko litzaiguke euskal kantari eta taldeak hurbiltzea, mota guztietako musika eskaintzen dutenak.

-Ba al duzue web orririk?

-Martxan dago. Baina, momentuz aurkezpen birtual bat besterik ez dago, bost hizkuntzatan, helbide honetan. Aurrerago egin nahi duguna nahiko diseinatuta daukagu, dena den, diruz lagunduko digutela ziurtatu zain gaude aurrera egiteko. Besteak beste, e-learning plataforma eraiki nahian gabiltza.

-Alemaniako prentsarako idatziak ere prestatzen omen dituzu...

-Euskaldun baten bisita jasotzen badugu, Mariasun Landa idazlearena, esaterako, nik berri motzak prestatzen ditut alemaniar prentsarako, jendeak ekitaldian parte har dezan. Zail samarra gertatzen da, hala ere. Alemaniako prentsak kaleko jendeak bezain gutxi baitaki euskal gaien inguruan eta beraz, interes gutxi adierazten du horrelako berriekiko. Horregatik, bide ezberdinak jorratu nahi ditut, publiko zabalagoarengana iritsi ahal izateko: jende gaztearengana musikaren bidez, edota jende helduagoarengana Arriagaren kontzertu baten bidez, esaterako.

-Nolako ikerketa zientifikoa egiten da Alemanian dagoen euskal presentziaz?

-Benninghauss Echegaray andrea dugu lan honetan laguntzaile. Bera jatorriz euskalduna da eta txikitan Euskal Herrian bizi izan zen, euskara irakasten ez zen garaian. Ondoren, Alemaniara joan zen eta gaztelania-alemana itzulpengintza-ikasketak egin zituen. Euskararekiko zaletasunak bultzatuta, euskara ikasten hasi zen Frankfurten. Gaur egun ikerketa zientifikoa egiten ari da Alemanian dagoen euskal presentziari buruz. Arlo ezberdinak daude: Artea edota euskal enpresak (auto-industrian, adibidez). Horretan ari da eta bere borondatez ari da. Oraingoz, ez daukagu ezer aurkezteko modukorik. Baina, izango dugu. Denbora behar du. Egitasmoen artean, hirien arteko senidetasun-ekintzak daude, adibidez, Donostia eta Wiesbaden hirien artekoa, bat aipatzearren. Hogeiren bat hiri daude gaur egun senidetuta.

-Nolakoak dira euskarazko klaseak?

-Astean bi ordu eskaintzen dira, sei hilabetez. Lehenengoa, hasi berrientzat eta bigarrena, jarraitzen dutenentzat. Eskaintzen ditugun hirugarren eta laugarrena, berriz, irakurketa lantzeko dira. Irailera aldera Euskal Herria bisitatzeko asmoa dugu, ikasleekin batera.

-Zer egitasmo duzue aurrera begira?

-Egitasmoen artean azpimarratuko nuke Alemania, Suitza eta Austriaren arteko indarrak batzekoa. Lan honetan Ingo Niebel (Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein-Euskal-Alemaniar Kultur Elkartea) lankidearen laguntza izango dut. Asmoa ez da arlo akademikora mugatuko, elkarte txikietara ere iritsi nahi baitugu: euskal herriekin senidetuta dauden hirietara, esaterako. Web orri komun bat eraiki nahi dugu, euskal gaien inguruko interesa dugunok bat egiteko modua izan dezagun.

-Euskara eta katalana Alemanian. Jende-mota bera al da? Egoera berean al daude? Aldeak eta antzekotasunak.

-Alemaniara lanera datorren euskal jendea eta katalana antzekoa da. Denbora gutxi ematen du Alemanian eta azkar itzultzen da bere herrialdera. Horregatik, gertatzen zaigu hain zaila jende hau elkartzea. Alemanian aspaldian bizi direnek, berriz, gustu handiz hartzen dute euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen edozer. Dena dela, asko dira katalan-eskolak ematen dituzten alemaniar unibertsitateak. Baina, ez dugu ahaztu behar askoz ere errazagoa dela katalana ikastea euskara ikastea baino, alemana eta ingelesa dakien ikasle-jendea bada ere.

(HABE aldizkarian 2006-04-11ean argitara emana)


Enlaces relacionados

Frankfurt am Main-eko Unibertsitateko Euskal Liburutegia
http://titus.uni-frankfurt.de/basklib

Euskal sukaldaritza eta euskal literatura alemanez
2007ko apirilaren 25ean BasqueHeritage.com-en argitara emana

Euskal artista baten kontzertua Urte Zaharrean Frankfurt-en
2006ko abenduaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

Nabarralde eta euskal kultur zabalkundea Alemanian
2006ko azaroaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal kultura ikastaro berria Frankfurten
2006ko urriaren 16an argitara emana

Gaztelupe koral donostiarrak kontzertua Frankfurten (agenda)
2006ko irailaren 22an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Dantzari eta Txalapartariek Frankfurteko geltokia okupatu
2006ko uztailaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Udako Euskal Ikasketa ikastaroa Frankfurten
2006ko ekainaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Irrati X', euskal-germaniar irratsaioa
2006ko ekainaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana

Martin Petrus bisitari EuskalKultura.com-eko erredakzioan
2006ko martxoaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia