euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martin Goikoetxea, Wyoming-eko bertsolari: “Poz handia hartu nuen 2003an AEBetako sari nazionala eman zigutenean”

2016/07/01

Martin Goikoetxea Wyoming-eko bertsolari gorritiarra aste honetan Washington hirian (argazkia EuskalKultura.com)
Martin Goikoetxea Wyoming-eko bertsolari gorritiarra aste honetan Washington hirian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Nafarroako Gorritin jaioa, 50 urte dira Wyoming-en bizi dela, baina bizi ere bertsolari bizi da bertako Rock Springs-en. Estatu Batuetan nonahi kantatzen du, eta bisitan joaten denean, baita Euskal Herrian ere. Aste honetan Washington hiriburuan ari da Smithsonian Folklife Festival-en, bertsolari eta bertsolaritzaren azaltzaile estatubatuar ez-euskaldunei.

Joseba Etxarri. Asteko egunetan, bizileku duen Wyoming-eko Rock Springs-eko beste edozein biztanlerena bezalakoa da Martin Goikoetxearen bizitza: lana eta dauzkan laneko obligazioak betetzea, auto eta motordun salerosketa enpresa bat baitauka Rock Springs-en. Atzera begira, baina, makina bat izerdi bota izan ditu, bere inguruko gazte euskaldun askok bezala, 1966ko urrian Ipar Ameriketara abiatu zenetik Nafarroa eta Euskal Herria utzirik 18 urte besterik ez zituela bizimodu hobe bila. Ordurako bazen bertsolari, eta patuaren gauza izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaletarako txartela eskuan zuela, beste txartel bat, Estatu Batuetara etortzekoa, iritsi izana. Ameriketan lana tokatu zitzaion eta bertsolaritzaren grina isilean gorde zuen hogeita bost urtez, Nevadako Gardnervillen 1991ean antolatu zuten bertso eta kantu eguna iritsi arte. Geroztik, beste 25 urte joan dira eta plazarik plaza segitzen du deitzen dioten euskal ekitaldietan kantari, Estatu Batu Mendebaldean, Kalifornian gehienbat.

Hogeita bost urte bertsolaritza berreskuratu zenuenetik. Zorionak, Martin.

-Eskerrik asko.

Azken urteotan AEBetako euskal bizitzako hainbat momentu garrantzitsuren kronista bilakatu zara, parte hartzea eskatu baitizute ekitaldi ugaritan, AEB Mendebaldean, baina baita ere, esaterako, New York eta Washingtonen.

-Nire ustez estimu handiagoa dago orain hemen bertsolaritzarentzat etorri nintzenean baino; egia da, baina, orduan lana eta aurrera egitea zela nire lehentasuna, baina gogoratzen naiz, bakarrik bisitan joaten nintzenean Euskal Herrira kantatzen nuela. Gogoan daukat, esaterako, bidaia horietako batean, Lekunberri ondoan, Mugiroko plazan, Argiñarenarekin kantatu izana, edo Areson Joxe Agirre eta Joxe Lizasorekin, anaiak neu sorpresaz eramanda; edo Gorritin bertan. Bestalde, Wyoming AEBetako euskal komunitate handiak dauden lekuetatik urruti samar geratzen da. Niretzat, gauzak Gardnervillen Kantu eta Bertso Eguna antolatzen hasi zirenetik aldatu ziren. Lehenengo urtean lehiaketa gisa antolatu zuten, baina 1991etik aurrera kantu eta bertso exhibizio moduan. Ordura arte inork ez zekien bertsotan aritzen nintzenik ere. Han, ordea, urte hartan, kantatu eta konfidantza hartu nuen. Geroztik bide bat egin dugu eta gaur, berriz, euskal ekitaldiak antolatzerakoan gogoan hartzen gaituztela esango nuke. Ez da gauza bera leku batera zeure kasa joatea edo antolatzaileek eskatuta. Apreziazio maila bat ere behar dugu.

Egun hauetan Washingtonen zaude, Smithsonian Folklife Festival-eko zenbait ekitalditan parte hartzen, bertsolari gisa, Euskal Herritik etorri diren Xabi Paya eta Irati Andarekin batera, bertsolaritza zer den azaltzeko zenbait forotan. Washington, ordea, hiri ezaguna daukazu, sariren bat tarteko...

-(irribarrea) Pozik esan dezaket hori, ohoreak bereziki espero ez dituzunean eskertzen baitira. Eta ohore handia izan zen guretzat, AEBetako bertsolarientzat, 2003an National Endowment for the Arts sari nazionala eskuratzea. Jesus Arriada eta Johnny Curutchet (San Frantzisko), Jesus Goñi (Reno) eta neu Wyoming-etik, laurok etorri ginen Mendebaldetik, astebete, gonbidatuta. Erregeak bezala tratatu gintuzten; eta arte kontuetan nazio mailan sari nagusietakoa den hori emanez gainera. Meritua eman zioten bertsolaritzari, bapatean diskurtso bat asmatzeari, eta Estatu Batuetan altxor hori bizirik gordetzen egiten dugun ahaleginari. Ederra izan zen, aurretik kontatu eta ezin sinestekoa. Gero, bigarren batean etorri nintzen; 25 urte bete ziren Endowment of the Arts sariak sortu zituztela eta Wyoming Estatuak AEBetako Kongresuko Liburutegiak egindako afari batera gonbidatu ninduen, mahai berean Wyomingeko Mike Enzi senadorearekin eta Ted Kennedy-rekin egoteko. New Yorkera ere gonbidau gintuzten beste behin, poesia inprobisatuzko nazioarteko kongresu batera, World Poetry deitzen diote. Eta euskal komunitateak antolatutako ekitaldiak normalean beti Mendebaldean badira ere, New Yorkeko Ellis Island-en euskal erakusketa zabaldu zenean ere aritu nintzen bertsotan, inaugurazio egunean, ekitaldi nagusiaren bihotzean.

Gutxik esan dezaketen beste marka bat ere baduzu. Seguruenik Diasporan grabatu den bertso kasete original bakarraren egilea zara. 1998an grabatu zenuen Kalifornian, zuk asmatutako bertsoekin. Aitari eskainitako bertso hunkigarriak ere bildu zenituen horra.

-Jean-Paul Barthe teknikari grabatu nuen San Frantziskon. Kasetearen aleak Euskal Herrian batzuk eta gehienak Kalifornian zabaldu nituen, euskal etxeetan eta lagunen artean... Gai aldetik, amodio bertsoak daude, aitari eskainitako bertsoak... aita Euskal Herrian hil zen eta nik ezin izan nuen Ameriketatik garaiz iritsi, juxtu ailegatu nintzen ehorzketara eta esan ahal izan ez nizkionak bertso bihurtuta kasete horretan plazaratu nituen.

Aste honetan bertsolari eta bertsolaritza azaltzaile zabiltza Washingtonen, euskaldunak eta euskal kultura protagonista dituen 2016ko Smithsonian Folklife Festival-en. Egun batzuk baizik ez dira hasi zela, baina zer nolako esperientzia ari da izaten? Bestela, noiz daukazu hurrengo saioa?

-Hemengoa, ederra eta gogoangarria ari da izaten. Publiko ia guztia amerikar ez-euskaldunak eta turistak dira eta oso interes handiz, eta errespetu handiz, hori inportantea da, ari dira jarraitzen jardunaldiak eta ematen dizkiegun azalpenak. Hemengoa bukatuta, itxita, hiru hilabete barru daukat saioa, Kaliforniako Lincoln herrian, Iparreko Ibarra euskal etxeak gonbidatuta. Ez dakit aurretik beste ezer sortuko zaidan. Lincoln-koak jende gaztea eta euskal etxe gaztea dira, eta antolatzen duten urteroko bilkura famili girokoa da. Plazera da beti haien lana babestea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia