euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martin Goicoechea eta Johnny Curutchet bertsolari estatubatuarrak Egaña eta Lujanbiorekin kantuan gaur Zizurkilen

2015/10/14

Martin Goicoechea eta Johnny Curuchet (argazkia EuskalKultura.com)
Martin Goicoechea eta Johnny Curuchet (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian bira labur bat egiten ari dira egunotan Wyomingeko Martin Goicoechea eta Kaliforniako Johnny Curutchet bertsolariak, Euskal Kultur Erakundea, Bertsularien Lagunak eta Bertsozale Elkarteak gonbidatuta. Gaur Zizurkilen izango dira, bertso bazkari batean Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin kantuan (sarrera doan) eta ostiralean euskal Diasporari buruzko "Euskal emigrazioa: oroitzapena baino gehiago?" jardunaldian izango dira Uztaritzen.

Uztaritze, Lapurdi. Estatu Batuetatik Euskal Herrira etorri dira Martin Goicoechea eta Johnny Curutchet bertsolariak, Frantxua Bidaurreta San Frantziskoko Euskal Etxeko kide eta lehendakari-ohiak lagundurik, hemengo bertsolaritza munduarekin harremanak estutzeko asmoarekin. Horretarako, hainbat jarduera egin dituzte eta egingo dituzte datozen egunetan.

Gaur, esaterako, Villabonako Mintzolan Bertsozale Elkartearen proiektuaren aurkezpenean izango dira eta eguerdian Zizurkilen egingo den bertso bazkarian parte hartuko dute. Bazkarian izango dira, besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Iñaki Murua, Aritz Zerain eta Karlos Aizpurua. Arratsalde partean, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin batera bertso saioa egingo duten,Karlos Aizpurua gaijartzaile. Sarrera doan da. 

Euskal emigrazioaz

Bihar, AEBetako bertsolariek Baionako Euskal Erakustokia ikusiko dute eta elkarrizketetarako tartea egingo dute. Ostiralean, urriaren 16an, Euskal emigrazioa: oroitzapena baino gehiago? eztabaidan parte hartuko dute, Uztaritzeko Lapurdi gelan. Euskal Kultur Erakundeak eta Eusko Diasporak antolatua da jardunaldia, eta online ikusi ahalko da mundu osoan Kanaldude herri telebistaren webgunearen bidez. 

Bidaiari amaiera emateko, larunbatean, urriaren 17an, Baigorrin izango dira, Hernandorena saria bertso saioan gonbidatu gisa. Bertsoen ostean, afaria eta klika-txarangarekin gaualdia egingo da.

"Bertsulari" filma

Goicoechea eta Curutchet urriaren 12an heldu ziren Euskal Herrira eta egun hauetan bertsolaritza eta Diaspora uztartuz hainbat ekitalditan parte hartu dute. Herenegun, esaterako, iparraldeko bertsolaritzaz mintzatu ziren Euskal Kultur Erakundearen egoitzan, Daniel Landart eta Beñat Soulérekin.

Atzo, aldiz, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart eskolako Bertso-Eskolan parte hartu zuten, eta gauean, Senperen, “Bertsulari” filmaren aurkezpenean parte hartu zuten, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariekin.

Informazio guztia eta zehaztasunak, Euskal Kultur Elkartearen webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia