euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martin Etchart, 'Aritzona'ren egilea: 'Elaberria bere erroak atxematen dituen gazte euskalamerikar baten istorioa da'

2007/05/17

Martin Etchart Arizonan jaiotako idazle euskal amerikarra (argazkia Ttarttalo)
Martin Etchart Arizonan jaiotako idazle euskal amerikarra (argazkia Ttarttalo)

PUBLIZITATEA

Ttarttalo argitaletxeak Martin Etchart idazle euskal amerikarraren Aritzona, the good oak elaberriaren gaztelerazko bertsioa argitatu berri du. Liburuak Matt izeneko 13 urteko gazte baten istorioa kontatzen du. Familia ezbehar baten ondorioz Mattek, bere aitonari lagunduz, artalde bat eraman beharko du 70. hamarkadako Arizonan zehar, bidean bere euskal jatorriari eta familiari buruz jakingo duelarik. Liburua Etchartek bere aitari eta familiari egiten dien omenaldia da. Euskal Herrian da egunotan egilea, gaztelerazko bertsioa aurkeztu eta obraren bigarren partea prestatzen. Hitzaldia eskainiko du gaur literatura euskalamerikarraz Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Aritzona, el roble protector da Martin Etchart euskalamerikarrak Euskal Herrian argitaratu duen lehenengo liburuaren izenburua. Jatorrizko bertsioa --ingelesezkoa-- Nevadako Unibertsitateak argitaratu zuen 2005ean eta arrakasta polita bildu zuen Estatu Batuetako euskal komunitatean. Etchart Euskal Herrian da orain, liburua aurkeztu eta Urepeleko (Nafarroa Beherea) familia bisitatzeko. Xalbador bertsolari ezaguna aitaren lehengusua zuen. Idazlea Iruñean izango da gaur, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Euskalamerikar literaturari buruzko mintzaldi bat emateko.

'Elaberriak bere sustraiak eta familiaren istorioa aurkitu eta berreskuratzen dituen gazte baten esperientzia kontatzen du. Matt gazte bihurria da eta familia ezbehar baten ondorioz bere aitonarekin artalde bat gidatu beharko du. Aitonarekin egingo duen bidaian bere familia eta kulturari buruzko gauza asko ikasiko ditu...', azaltzen dio egileak EuskalKultura.com-i. Izan ere, liburuak Etchart beraren esperientzia jasotzen du maila batean. 'Gaztetan etxean amatxiri aitarekin euskaraz hitz egiten entzuten nion, baina nirekin ez zuten sekula egiten euskaraz. Nagusiago izan nintzenean, ordea, aitak Donostiara bidali ninduen euskara ikasteko. Egunotan dexente ari naiz praktikatzen eta nire lehengusuek zuzendu egiten naute!', kexatzen da irri artean.

Euskarazko slang-a elaberri amerikar batean

Elaberriak euskarazko esamolde ugari jasotzen ditu jatorrizko ingelesezko --eta orain gaztelaniazko-- esaldien artean. 'Ia-ia slang-a dela esan daiteke, euskarazko hitzak gure etxean esaten ziren bezalaxe jaso ditudalako, Urepeleko moldean. Horrelako etxeko hizkera galtzen ari dela uste dut eta ilusioa egiten dit maila apal batean Arizonan gordetzeko gai izan garela pentsatzeak'. Euskara eta ingelesezko dikotomia hau dela-eta, liburua gaztelerara itzuli dute, euskarara baino.

'Zailagoa litzateke Matt-ek egiten duen euskararen deskubrimenduaren prozesua azaltzea liburu osoa euskaraz idatzita balego', azaltzen du bere aldetik José Carte, liburua gazteleratu duen itzultzaileak. 'Ingelesezko bertsioa 2005eko Durangoko Azokan aurkitu nuen eta oso euskal amerikar literatura modernoa zela pentsatu nuen, Laxalt baino modernoagoa. Gazte baten istorioa da, baina kontatzen duena publiko zabalago batengana ere heltzen da, baita Diasporako beste herrietako euskaldunengana ere'. [Ezkerreko goiko irudian 'Aritzona, el roble protector' liburuaren portada. Izenburuak estatuaren izenaren euskal jatorriaren teoria jasotzen du: aritz eta ona hitzetatik. 'Udan artzainek artaldeak mendietara eramaten omen zituzten, zuhaitzen freskotasunera eta horregatik liburuaren izenburua', aipatzen du Etchartek]

Elaberriaren bigarren partea, Euskal Herrian kokatua

Matt gaztearen abentura ez da, ordea, hemen bukatuko, ezta gutxiago ere, Etchart liburuaren bigarren zatia prestatzen ari baita. 'Bigarren liburu honetan Mattek 20 urte beteko ditu eta Euskal Herrira bidaia egingo du bere sustraiak eta familia ezagutzeko', azaltzen du idazleak. 'Egunotan dokumentazioa biltzen ari naiz eta Donibane Garazi, Urepele eta Baiona bezalako tokiak bisitatzen ari naiz, izan ere bigarren partea bertan gertatuko delako'.


Lotura interesgarriak

'Aritzona, el roble protector' internetez erosteko
Ttarttalo argitaletxearen webgunean

Jatorrizko 'Aritzona, the good oak'-en kritika bat
www.unpress.nevada.edu webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia