euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marseillako Euskal Etxeak bere 10. urteurrena ospatu du, filma, kantuak, euskal mozkinak... eta lagun onekin

2024/10/23

PUBLIZITATEA

Marseilla, Frantzia. 10 urte bete ditu hilabete honetan Marseillako Euskal Etxeak eta urriaren 12an ospatu du, Marseillako Etxe Korsikarraren egoitzan, Fermin Muguruzaren Black is Beltza filma pantailaratuz. Pelikula ikusi eta gero eztabaida interesgarria sortu zen bildutakoen artean, Frantziako eskualdetako hizkuntzei buruz, beren egoera, irakaskuntza eta presentzia, etorkizuna eta erakundeek jokatu beharko luketen rola gaitzat hartuz.

Marseillako Euskal Etxeak 'Black is beltza' emanez ospatu zuen 10. urteurrena, elkarsolasarekin ondoren. EEko ohorezko kide izendatu zuten Korsikako Etxeko presidentea

Iritzi-truke eta solasaldiaren ostean, euskal kantutegiko abesti batzuk kantatu zituzten eta Euskal Herriko mozkinak partekatu zituzten, topaketa honetarako propio ekarriak, tartean Elizaldeko gazta eta hestebeteak, Eztigar-eko sagardoa eta sagar zukua, euskal pastiza… EEaren lagun diren erakunde batzuetako kideak ere bildu ziren, hala nola Montpellierreko Euskal Etxeko lagunak eta Marseillako Korsikako Etxeko presidente Jean Dal Colettok. Are gehiago, zeremoniaren baitan Jean Dal Coletto ohorezko kide izendatu zuten, Euskal Etxearen Ohorezko Zerrendan sartu.

“Jean Dal Coletto Euskal Etxearen adiskide ona da eta ezinbesteko laguntzailea, erakundea sortu genuenetik. Berak beti esaten digu egoitza propioa ez dugun bitartean, Korsikako Etxea gure etxea ere izango dela. Horrexegatik, hamargarren urteagern karietara erabaki dugu merezi zuela gure ohorezko zerrendan egotea”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Fernando Zabalza Marseillako Euskal Etxeko lehendakariak.

Euskara eta Mus Txapelketak

Marseillako Euskal Etxeak badu bere baitan euskararen presentzia areagotzeko helburua eta horren barne euskara eskolak eskaintzen ditu online asteazkenero eta ostegunero, arratsaldez.. Musa ere badu ekintza nagusietako bat eta izan ere Mus Txapelketa antolatzen eta deitzekotan dabil urtea amaitu baino lehen. Datorren urteari begira ere badituzte planak euskal marseillarrek, urrunago joan gabe mus alorrean, Frantziako Hego-Ekialdeko Mus Txapelketa antolatuko dute, aurten apirilean Montpellieren egindako lehen edizio arrakastatsuari segida emanez. Eta 2025 uztailean, eurak arduratuko dira Frantzia osoko euskal etxeek Baionako Bestetan egin ohi duten bilera antolatzeaz..

- Marseillako Euskal Etxea Facebook-en, Marseillako Euskal Etxea - La Maison Basque de Marseille



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia