Tandil, Argentina. Egiari zor, Tandilgo Gure Etxean joan den ostiralean "Marrazkiak, pintxoak eta sagardoa” izenburupean deitutako gaualdi artistikoa, urteko une berezi eta gogoangarrietako bat bihurtu zen. 80 bat bazkide eta lagunek artez eta emozioz betetako arrats magiko bat partekatu dute urriaren 20an. Arrakastaren seinale, ekitaldia eta lortu zuen giroa goizaldeko ordu txikietaraino luzatu izana, Euskal Herriko historia, irudi eta zaporeak bertaratutakoen bilgarri eta sentiarazle.
Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta jardueraren koordinatzaile Marcos Juarez Iruretak jaurtitako ideiak lengoaia artistiko desberdinak nahastea proposatzen zuen, honakoan hain zuzen irudia eta literatura. Kontaktatu zituen horretarako, Iñaki Echeverría ilustratzaile eta komiko grafiko balcarcetarra eta Tandil bertako Valeria Aramburu literatura irakaslea, azken hau “El mar en sus ojos" (Itsasoa bere begietan) lanarekin “Mis raíces inmigrantes" (Nire etorkin sustraiak) literatur lehiaketako irabazlea 2017an.
Emozioa airean
Euskal Etxeko jarduera-arloetako hainbat kide ikus zitezkeen publikoa osatzen. Valeria Aramburuk bere ipuin saritua kontatzen zuen bitartean, atzealdean Echeverriak, Euskal Herriko irudi hautatuekin ilustratu zuen kontakizuna. Familia istorioek narrazioan eta irudietan hartu zuten isla, eta Euskal Etxean pilotari, muslari, dantzari, euskara ikasle, senide eta lagun direnen emozio nabarmena lortu zuten.
“Kultura partekatzeko modu zoragarria izan zen", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Valeria Aramburuk, bera ere hunkituta. "Ez genuen eragin zuen eta lortu zuen efektu hori espero. Bukatutakoan, jendea hurbildu zitzaigun eta, batzuek malkoak begietan, eskerrak eman zizkiguten euren istorioekin konektatu genuelako”, laburbildu du idazle tandildarrak.