Aurrera darrai Berlingo Euskal Etxea urte amaierako bere kultur proposamenekin eta gonbidapena luzatzen du gaur bertan alemaniar hiriburuan egingo duen 'Markak' filmaren aurkezpenerako, Hannot Mintegia zuzendaria eta Lobak elkarteko Amaia Badiola eta Usua Uribe bertan partaide. Iganderako, Aitor Etxebarria eta Ensembleren kontzertua iragarri du, eta datorren astetik aurrera 'Euskal Zinemaldia Berlinen' gauzatuko du, zenbait euskal filma emanez Euskararen Nazioarteko Eguna den datorren iganderaino.
Berlin, Alemania. Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeko (EKE) Pantxoa Etchegoien zuzendariak joan den astean Berlingo Euskal Etxeak antolatuta eman zuen hitzaldiaren ostean, alemaniar hiriburuko euskal elkarteak abiada onean darraie bere kultur proposamenei eta gaur bertan eutsiko dio bere hurrengo jarduerari, izan ere oraindik ere Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurreneko urtean gauden honetan 'Markak' filmaren aurkezpena egingo du gaur arratsaldean, Hannot Mintegia zuzendaria eta Lobak elkarteko Amaia Badiola eta Usua Uribe bertan direla.
Filma euskaraz, alemanezko azpitituluekin emango da --Euskal Etxekoek eginiko lanari esker-- eta lekua Wolf Kino, Weserstraße 59, Berlin-Neukölln helbidean izango da, iluntzeko zortzietan.
Igandean, berriz, urteurren berarekin harian, Aitor Etxebarria Ensembleren 'Markak' kontzertua iragarri dute, dokumentaleko soinu banda zuzenean eman eta azalduz, hau berriz Musikbrauerei-n, Greifswalder Str. 23A, 10405 Berlin helbidean, ordu berean, iluntzeko zortzietan.
Hurrengo asterako ekitaldi berriak prestatu dutuzte Berlingo Euskal Etxeko lagunek, izan ere 'Euskal Zinemaldia Berlinen' izenpean, astean zehar zenbait euskal izenburu proiektatuz, igandera --abenduaren 3a, ENE Euskararen Nazioarteko Eguna-- behar bezala iristeko. Baina honi buruz segituko dugu hizketan datorren astean. Zorionak Berlingo euskaldunei eta euskaldunen lagunei euren ohiko engaiamendu eta lanarengatik!