euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marixabel Azpillaga hautetsiak Concepcion del Uruguayko Ibai Txori Euskal Etxea bisitatu du asteburuan

2008/09/05

Marixabel Azpillaga hautetsia Argachá profesorea ondoan duela, joan den igandean Concepcion del Uruguayn eskainitako hitzaldiaren ondotik
Marixabel Azpillaga hautetsia Argachá profesorea ondoan duela, joan den igandean Concepcion del Uruguayn eskainitako hitzaldiaren ondotik

PUBLIZITATEA

Marixabel Azpillaga eusko legebiltzarkidea Concepcion del Uruguay herri argentinarreko 'Ibai Txori' Euskal Etxera heldu zen joan den asteburuan, Argentina eta Uruguain zehar ematen ari den hitzaldi itzuliaren baitan. 'Erabaki, eraikitzeko' izenburupean herriko Joan Paulo II.a Aretoan eskainitako solasaren ondotik, hautetsiak Celomar Argachá profesorearen 'Col. del Uruguay J.J. de Urquiza' liburuaren ale bat jaso zuen opari gisa egilearen beraren eskutik, segidan Ibai Txoriren egoitza bisitatu zuelarik herri erdigunean.

Concepcion del Uruguay, Argentina. Concepcion del Uruguay --Uruguayko errepublikarekin muga egiten duen Uruguay ibaitik biltzen du herriak bere izen hori-- herri argentinarreko 'Ibai Txori' Euskal Etxekoek ongi etorria eman zioten joan den asteburuan bi erresuma hauetan hitzaldi itzulia ematen ari den Marixabel Azpillaga eusko legebiltzarkide jeltzalea. Hautetsia uruguayense-en aurrean agertu zen igandean, herriko Joan Paulo II.a Aretoan, 'Erabaki, eraikitzeko' izenburupeko hitzaldia eskaintzeko, Euskal Herriak egun bizi duen egoera politikoaz.

marixabel azpillaga ibai txori concepcion del uruguay-01

[Marixabel Azpillaga hautetsia (erdian), bere ezkerrean Lucia Arcelus 'Ibai Txori'ko lehendakaria, eta Euskal Etxeko beste zenbait kiderekin batera]

Psikologian lizentziatua eta Enpresa Kudeaketa eta Administrazioan masterduna den Azpillagak harrera ezinhobea jaso zuen hitzaldira bertaratutakoen aldetik eta partikularzki 'Ibai Txori' Euskal Etxeko agintari eta bazkideen aldetik, guztiak interes biziz eta galderak eginez segitu zutelarik bere hitzaldia. Ekitaldiaren ondotik, eta opari berezi gisa, legegileak Celomar Argachá irakasleak idatzitako 'Col. del Uruguay J.J. de Urquiza' izeneko liburuaren ale bat bildu zuen egilearen beraren eskutik. Liburu honek, herrian, Entre Ríos probintzian eta baita Argentinako historian ere berezko tokia daukan J.J. Urquiza izeneko eskolaren historia kontatzen du, izan ere euskaldun edo euskal jatorriko asko protagonista dituen historia, Urquiza bera kasu --Justo José Urquizak, geroago Argentinako lehenengo presidente konstituzionala izango zenak, sortu zuen eskola, Manuel Maria Erausquin apaizarekin batera-- bere garapenean ere hamaika izen euskaldun izan zituela.

marixabel azpillaga ibai txori concepcion del uruguay-02

[Euskal Etxearen egoitzan, bertako zenbait kide eta arduradunekin berbetan]

Euskal Herritik etorritako hizlariak 'Ibai Txori'ren egoitza ere bisitatu zuen, euskal elkarteko lehendakari den Lucia Arcelus-ekin eta Carlos Izaguirre eta Zuzendaritza Batzordeko beste zenbait kide eta bazkideekin. 'Ibai Txori' Euskal Etxeak, Uruguay ibaitik hartzen du bere izena, guarani hizkuntzan 'Txorien ibaia' esan nahi omen baitu eta hortik erabaki zuten euskal etxekoek izena paratzea euren euskal elkarteari.

Lotura interesgarriak

"El exilio en la conformación del clero argentino. El caso vasco (1840-1940)"
Óscar Álvarez Gila-ren lana Cervantesvirtual.com webgunean

JJ de Urquiza eskola eta Manuel Maria Erausquin euskal apaiza
1848ko urriaren lehenean hasi zituen eskolak klaseak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia