Sukaldaritzari eskainitako asteburu oso bat bizi izan dute Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko lagunek Marita Echaveren eskutik. Ekintzen programaren baitan "Euskal baserrietako sukaldaritza" liburua aurkeztu eta tailer bat eman zuen sukaldari cordobatarrak. Chivilcoyko Euskal Etxearen baitan ari den ‘Amalur’ gastronomia taldea, berriz, asteburuko afariez arduratu zen.
Chivilcoy, Argentina. Beti Aurrerak gonbidaturik, joan den ostiralean, urriaren 28an iritsi zen Marita Echave Chivilcoy-ra bertako Beti Aurrera Euskal Etxeak antolatutako ekintzetan parte hartzeko. Ostiralean bertan, tailer moduko aurkezpena eskaini zuen sukaldariak liburuan agertzen diren errezeta batzuk, tartean "txerri solomoa esnearekin" eta "limoi pastela", irakasteko. Echaveren esanetan, “estimaezina izan zen etxeko emakumeen laguntza Argentinara etorri ziren gure amona euskaldunen errezeta hauek prestatzeko". "Sukaldean aritu ginen bitartean, maitasuna darien hainbat kontakizun eta oroitzapen partekatu genituen, izan ere gure nortasuna indartzeko hain baliagarriak diren historia horietakoak. Euskal emakumearen izaeraz ere mintzatu ginen, euren ezaugarri nabarmenenak –indarra, laguntasuna, babesteko joera…– azpimarratuz”.
Ostiraleko aktibitateekin bukatzeko, Euskal Etxeko ‘Amalur’ Sukaldaritza Taldeak prestatu zuen afaria, bisitariaren omenean. Marita berarekin batera, afariko gonbidatuen artean, Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxeko Juan Carlos Echesarreta, bere emaztea eta Susana lehengusina ere izan ziren.
Larunbatean, komunitateari begirako euskal jai bat egin zuten Beti Aurrerako lagunek, Euskal Etxearen egoitzan. Festan ‘Amalur’ taldeak prestatutako tripakiak, haragi-bolak piperrekin, tortilla eta paella dastatu zituzten gonbidatuek. Elkarretaratzea aurresku batekin hasi zen eta ondoren ‘Gaztelugatxeko Martxa’ taularatu zuten dantzari anfitrioiek. Festa bukatu aurretik opariak trukatu zituzten etxekoek eta gonbidatuek eta erromeria ordu txikiak arte luzatu zen.
“Primeran hartu gaituzte Beti Aurrerako kideek, adeitasun handiz. Lagunak berriro ikusteak gure arteko loturak eta gure sustraiekiko daukagun sentimendua indartu egin ditu”, adierazi du Marita Echavek bisitaren balantzea egitean.