euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marita Echave sukaldari eta idazle euskal-argentinarra arrakastaz pasatu da TVtik euskal lekukotasun emaile

2016/11/15

PUBLIZITATEA

Orain urte batzuk plazaratu zuen "Cocina vasca campesina-Euskal baserri sukaldaritza" (sic) liburuak segitzen du interesa pizten, bere aitona-amona immigranteei bildu eta 178 orrialdetan banatutako 50 errezetei garai bateko euskal moldeen kutsua baitarie, hamaika plater eta prestaketak aitzaki ezinhobea baitira pasadizo eta ixtorio bidez izaera eta nortasun baten lekukotasuna emateko. Marita Echave izan berria da Canal 13 telebistako "A mi manera" saioan, Rio Cuartoko Gure Ametza EEko lagunekin batera, eta elkarrizketa eman dio bertako El Puntal egunkariari.

Donostia-San Sebastian. Cordoba probintzia argentinarreko Coronel Moldes herrian finkatutako euskal familia batean jaiotako Marita Echavek sukaldaritza herrikoia medio zabaltzen du Argentinan bere euskalduntasuna. Bere aurrekoei ikasitako sukalde moldeek egin zuten hein batean bera euskaldun, etxe batean pentsatu baino leku garrantzitsuagoa baitira sukaldea eta sutondoa kultura eta nortasuna transmititzeko. Liburura bildutako errezetak batean eta bestean azaldu eta sukaldaritza tailer eta hitzaldi praktikoak ematearekin, Euskal Herriaz eta euskaldunen manerez mintzo da Marita, miresmenetik eta kateari begi berriak gehitzeko bere ahaleginetik.

Eta horren lekukotasuna eman zuen, eman ere, beste behin, joan den astelehenean Rio Cuartoko Canal 13 telebistara egin zuen bisitan. Bisitaren haritik, Coronel Moldes bere herrian eginiko elkarrizketa eman zuen astelehenean bertan argitara El Puntal kazetak (irakur ezazu hemen jatorrizko bertsioa). Behar da esan, aipatu liburuaz gain, beste zenbaiten egile ere badela jatorri gipuzkoarreko idazlea, eta bera jaio zen lurreko eta Euskal Herritik eta beste hainbat lekutatik ekaritako ondarea bertako zaharrei biltzeaz gain, testu laburren eta olerki idazle ere badela, orohar kulturari eta liburuen munduari zinez irekitako pertsona baita Echave, liburudenda bat duen emakumea Coronel Moldesen.

Argentina osoa ibilia du Marita Echavek arbasoengandik jasotako euskal sukaldaritza herrikoiaz aurkezpenak egiten, euskal etxeetan eta bestela ere, sukaldaritza arte unibertsala baita eta errezeta gustudunak ez baitute nazionalitaterik. Ahalegin berezia egiten du berak, ematen dituen euskal erreferentziak baieztatzen eta dokumentatzen, eta euskarazko hitzak behar bezala idatziak izan daitezen.

Ez du berak euskara mintzo, baina euskara errespetuz, zinez present dago berak azaltzen duen munduan. Zeure euskal etxera gonbidatu nahi baduzu, liburuaren aurkezpena egin eta bide batez sukaldaritza tailerra eman edo errezetaren bat prestatzeko euskal ondareaz mintzo dela, aski duzu Facebook-eko bere kontura idaztea edo, zuzenean, emailez, haize13@gmail.com-era.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia