Urteroko piknika ospatu zuten, joan den igandean, Kaliforniako Marin Sonoma Basque Association-eko euskaldunek, San Frantziskotik milia batzuk iparraldera. “Plan ona eta lasaia izan zen, ohi bezala”, esan dio Arrecheak Euskalkultura.com-i. Ehun lagun inguru batu ziren, hain juxtu, euskal etxeak mende laurdena betetzen duen urtean.
Penngrove, AEB. Duela 25 urte, 1989. urtean, sortu zuten Marin Sonoma Euskal Elkartea, Marin eta Sonoma konderrietako euskaldunen biltzaile. San Frantziskotik iparraldera ordubete eskasera dagoen komunitate txikia dira, berrehun bazkide baino gutxiagokoa. Hala ere bizirik mantentzen dituzte euren ohiturak eta urtero, martxoan antolatzen dute mus txapelketa eta iraileko bigarren asteburuan bazkari eta besta hau.
“Bazkaria baino ez dute egiten, musikarik eta dantzarik ez daukate, baina modu ederra da lagunekin elkartzeko, solastu eta udako balantzea egiteko”, NABOko lehendakariaren berbetan. Jatekoa eta edatekoa kideek eraman eta prestatu ohi dute eta, aurten, barbakoan egindako oilaskoa, babak, piperrada, entsalada, gâteau basque eta gazta jan dute. “Aita Cachenaut agertu zen bazkari ostean, polita izan zen hori”, gogoratu du Arrecheak. Laurogeigarren hamarkadan Ameriketan euskaldunen kapilau edo omonier aritutako apaiza da Jean-Pierre Cachenaut iholdiarra. Euskal Herrian bizi da egun, baina lagun zaharrekin elkartzeko etorri da Ameriketara egun gutxi batzuetarako uda ondar honetan.
“Ez dago euskaldun izatea zelebratzeko modu onik ez txarrik”, azpimarratu nahi izan du Arrecheak. “Euskal etxe txiki hauek handiagoak direnak bezain garrantzitsuak dira, beraientzat inportantea dena eginez ospatzen dituzte beren komunitateak. Oso garrantzitsua da euskal etxe hauek beren tradizioak mantentzea, aberastu egiten baitute Ameriketako euskal diaspora”.