euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marie Louise Lekumberry: "Euskaldunak ezagunak gara West-ean baina ezagutza-kalitate eskasarekin"

2015/12/29

Euskoak ere onartzen dituzte Gardnervilleko JT ostatuan eta hala du ezarria, euskaraz eta ingelesez, Marie Louisek (argazkia EuskalKultura.com)
Euskoak ere onartzen dituzte Gardnervilleko JT ostatuan eta hala du ezarria, euskaraz eta ingelesez, Marie Louisek (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Nevadako Gardnerville herrian ibiltzea 'Basque West'en ibiltzea da. Baina ez soilik iragana duen horretan, geroari ere begiratzen dionean baizik. Euskal erro sakonduna eta aldi berean nevadatar petoa, 'JT Basque' euskal ostatua Gardnervilleko karrika luze nagusian dago. Bertako nagusiarekin bildu gara, EuskalKultura.com-en irakurle den Marie Louise Lekumberry euskal-amerikarrarekin.

Joseba Etxarri. Western herri tipikoa da Gardnerville, karrika nagusi luzekoa eta honen erdialdean kokatzen da 'JT Basque' edo 'JT' ostatua (iei ti ahoskatua), 1960ean Jean Lekumberry ortzaiztarrak, bere emazte amerikar Shirley-rekin eta gerora Euskal Herrira itzuliko zen bere anaia Pete-kin beste euskaldun batzuei erosi ziena. Geroztik, 1993an Jean bera hil ondoren ere, 'JT'k gorde eta zabaldu du lau haizetara --Jeanen seme-alaba Marie Louise eta JBri esker-- aske eta bizi-bizirik Gardnervillen eta Carson Valley eremu osoan euskalduntasunaren ikurra. Urrutitik etortzen zaizkio bezeroak JTri, euskaldunak zein amerikanoak, famatuak baitira, besteak beste ostatuko bildots saiheskiak eta idi txuleta lodia. West-eko egiazko ingurua da JT, euskal keinu eta istorioz josia, Zazpiak Bat-eko armarri handia jangela nagusiaren buruan.

Marie Louise, zu hemen berean jaioa zara, zure gurasoek JT erosi zuten urte berean: Lekumberrytarren JT eta zeu adinkideak zarete.

-Bai. Aita 1947an etorri zen Nevadara, baina gurasoek 1960an erosi zuten ostatua, ni jaio nintzen urte berean, eta ni hemen hazia eta ibilia naiz geroztik gaurdaino.

55 urte daramatza beraz JTk zure familiaren eskuetan. Aurretik ere euskal ostatua eta euskaldunen biltoki zen.

-Gurasoek eta osabak beste euskaldun batzuei erosi zieten. Izan ere JT izena, Jaunsaras (J) eta Trounday (T) deiturei dagokie; biak baxenabartarrak ziren, aita bezala.

Ostatuaren eraikinak, baina, aspaldiagoko istorio luzeagoa du; JT sinbolo eta instituzio da Gardnervillen.

-Batetik, herrian garai batean ugariak ziren euskal ostatuetako azkena da, iaz Overland itxi ondoren. Baina bestetik gure eraikinaren ibilbide zaharragoak gure erroak gehiago sakontzen ditu bailara osoko historian. Ibilbidea diot, gure egoitza den egurrezko West-eko eraikin osoa, bere horretan, Virginia City-tik ekarri baitzuten hona, garai hartan askotan egiten zen bezala. Eta hori Gardnerville herri gisa sortu eta gutira gertatu zen, XIX. mende azkenean.

Duela urtebete Konderriko Historia Elkarteak bere lehenengo kontserbazio domina eman zizuen. Eta joan den maiatzean, elkarte bereko hitzaldi aretoak 150 bat jende bildu zituen bailarako historiari buruzko lehenengo istorio-kontatzaile zikloko aurreneko hitzaldian, zuei emateko eskatua, JTren historia kontatzeko.

-Egia da gure ostatuak eta gure eraikinak historia aberatsa duela kontatzeko, eta egia da baita ere hori egin dezakegula bizirik eta lanean segitzen dugulako, gure ondoan ziren beste hainbat leku bota egin baitituzte, itxi edo zernahi gisaz ez daude gehiago hor. Bestalde, aipatzen duzun hitzaldi hori aukera ona izan genuen euskaldunei buruz, eskualde honetan ehun urtetik gora daramatzaten euskaldunei buruzko hurbilpentxo bat egiteko.

'Basque' esan (euskalduna), eta jende guztiak entzun du hemen euskaldunei buruz.

-Hitzaldi horretan, konparazio, gure aitaren istorioaren berri eman genuen. 1960etan gure amak, Euskal Herrira joan ginenean ateratako filme bat ere erakutsi genuen, eta bitxia izan zen ikustea jende askok uste zutela Euskal Herria Nevada, Idaho edo Kaliforniako basamortuen parekoa izango zela; harritu egin ziren Ortzaize eta bertako inguru berdeak ikustean, eta ez zuten konprenitzen nola 22 urteko gazte bat etor zitekeen hura guztia eta familia utzita, hemengo basamortuetan ardiak zaintzen ibiltzeko. Arrazoiak, jakina, ekonomikoak ziren, han aurrera egiteko aukerak mugatuak baitziren oso. Hori, bistan da, gertatu zen, garai hartan soilik Carson Valley gure bailara txiki hau kontutan hartuta, hemen 55.000 edo 60.000 buru ardi zeudenean, eta beraz lana. Hura zen orduan, behiekin batera, hemengo industria. Gaur ez da hemen ardirik gelditzen.

Hemen euskaldun esan eta zer datorkie burura.

-Bada hiru gauza esatekotan, esango nuke... picon punch (edari euskal-amerikar alkohol grado askoduna), bildots-saiheskiak... eta zerbait Espainia eta Frantziari buruz, baina arazoekin deus zehazteko. Batzuk egingo lukete, baina askori Euskal Herria kokatzea kostatuko litzaieke, eta hizkuntzari buruz, ez lirateke gutxi izango euskara espainola eta frantsesaren nahasketa dela esango luketenak. Euskaldunak ezagunak bai, baina sakontasunean, ezagutza horren kalitatea eskasa dela esango nuke.

-Nola aurkeztu bi hitzetan zer den JT?

Gure bezero askorentzat, zerbait gertukoa da, etxekoa, lotura bat iraganarekin. Hona lehen aldiz etorri zirenean, euren guraso edo aiton-amonekin etorri ziren eta familia erreferentzia da haientzat. Euskaldunentzat, biltokia da, iraganari oraina eta geroa ematen enseatzen dena, gure aurrekoek markatutako bide eguneratuari jarraiki. Gardnervillen geratzen den euskal ostatu bakarra bada ere, bizi-bizi eta osasuntsu segitzen du, arrakastatsu. Euskal musika ipintzen dugu, maite dugulako, eta bertsolariak ere izan ditugu uda honetan, Euskal Herritik etorriak; aukera eskaintzen digutenean egiten dugu, euskaldunak baikara, hemengoak eta euskaldunak. Anaia eta biok hemen jaio gara eta gure etxea da hau. Eta bisitan datozen euskaldun guztiena ere izan dadin enseatzen gara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia