euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariasun Landa omenduko du aurten Etxepareren "Excellence in Basque Studies" udako ikastaroak

2015/06/03

Mariasun Landa idazlea
Mariasun Landa idazlea

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak "Excellence in Basque Studies" ikastaroa emango du aurten ere, UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan. Helburua Etxeparek munduko hainbat unibertsitatetan dituen euskara eta euskal kultura irakurletzetako irakasleak eta irakaslegaiak trebatzea da. Aurten ikastaroak Mariasun Landa omenduko du; haur eta gazte literatura idazlea. Landa euskal idazlerik itzuliena da, Atxagarekin batera!

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak 34 irakurletza ditu egun Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kultura irakasten duten 27 irakurle ditu. Excellence in Basque Studies ikastaroak egungo irakurleen eta etorkizunekoen formazioa sendotu nahi du, baina interesa duen edonorentzat ere zabalik dago.

Ikastaroak protagonista berezi bat izango du, Etxeparek aditzera eman duenez: Mariasun Landa haur eta gazte literaturako idazlea. Sortzaile oparoa, Landa euskal idazlerik itzuliena da, Bernardo Atxagarekin batera.

Irakurleak irakasle

Programak Landak bere ibilbidean jorratu dituen hainbat gai izango ditu ardatza: haur eta gazte literatura, genero ikasketak, irakurzaletasuna garai digitalean edo gizarte eleanitzek idazleari sortzen dizkioten erronkak. Arlo praktikoan, unibertsitatean euskara irakasterakoan sortzen diren zailtasunei aurre egiteko tresnei eta baliabideei erreparatuko diete, besteak beste.

Mintegi praktikoetan irakasleak Etxepare Euskal Institutuaren sareko hiru irakurle izango dira: Miren Ibarluzea (Université Sorbonne Nouvelle III, Paris), Gorka Mercero (University of Liverpool) eta Aitor Arruza (University of Warsaw). Arlo teorikoan, atzerriko adituak nahiz bertakoak ariko dira: Olga Anokhina (Centre National de la Recherche Scientifique, Paris), Francesc Xavier Pla i Barbero  (Universitat de Girona), Gemma Lluch (Universitat de València), Gema Lasarte (UPV/EHU), Nerea Arruti (University of Aberdeen) eta Mikel Ayerbe (UPV-EHU). 

Irakurketa literarioa

Uztailaren 9an, bestalde, publiko orokorrari zabalik izango den irakurketa literarioa izango da Donostiako Aquariumean, "Mariasun Landarekin solasean" izenburupean. Bertan Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Miquel Desclot eta Fina Casadelrrey idazleek esku hartuko dute, zuzenean marrazkiak sortuko dituzten Antton Olariaga, Elena Odriozola eta Jokin Mitxelena ilustratzaileekin batera; Juantxo Zeberio musikaria lagun izango duten pianoan.

Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egingo da eta 30 orduko balio akademikoa izango du; matrikulatzeko epea zabalik da honezkero.

Programa osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia