Miami, AEB. Euskal haur literaturaren maixu gisa aurkeztu ditu Miami Book Fair azokak Mariasun Landa eta Juan Kruz Igerabidea idazleak topaketaren egitarauan. Izendapena ez da exajeratua, izan ere Igerabidek haur literaturako 30 liburutik gora idatzi ditu, eta Landak beste hainbeste. Are gehiago, Landa dabeste hizkuntzetara gehien itzulitako euskal idazlea, Atxagarekin batera.
Bi autoreek azokako “Iberoamerican Author Program” delako sailaren barruan ekintza ezberdinetan hartuko dute parte. Hasteko, larunbatean “De cocodrilos bajo la cama y caminos de tinta en la nieve: dos maestros de la literatura infantil vasca” panelean parte hartuko dute. Biharamunean, igandean, De viva voz irakurraldian egongo dira biak; ekitaldi honen bitartez itxiko da azokaren 32 edizioa, eta bertan nazioarteko beste hainbat idazlerekin batera euren obren zatiak irakurriko dituzte.
Horrez gain, igandean bertan Mariasun Landa Entre cuentos y microficciones ekimenean izango da José Lorenzo Fuentes idazlearekin batera. Egun berean, Juan Kruz Igerabidek Conversaciones transatlánticas: Las ediciones digitales: ¿un reto para el autor? mahai-inguruan hartuko du parte, Mexikoko Álvaro Enrigue eta Valeria Luiselli idazleekin batera.