euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariasun Landa, Dabilen Elea 2011: "Badago sari honetan haur eta gazte literaturari errekonozimendua"

2011/11/23

Mariasun Landa ekainean Moskuko Nazioarteko Liburu Azokan izan zen, 'Krokodiloa ohe azpian' liburuaren errusierazko itzulpena aurkezten (argazkia MLanda)
Mariasun Landa ekainean Moskuko Nazioarteko Liburu Azokan izan zen, 'Krokodiloa ohe azpian' liburuaren errusierazko itzulpena aurkezten (argazkia MLanda)

PUBLIZITATEA

Mariasun Landa idazleak jaso du aurten Dabilen Elea saria, literatura arloan egindako ibilbide oparoagatik. Saria, bere lana aintzat hartzea izateaz gain, euskal haur eta gazte literaturari errekonozimendua ere badela dio Landak, "duela 30 urte pentsaezina zen zerbait". Orduan hasi zen Landa haurrentzako liburuak idazten, bere ikasleek euskarazko ipuinik ez zutela ikusi zuenean, EuskalKultura.com-i aitortu dionez. Bidean, haur literaturaren edertasuna deskubritu omen du, eta berarekin batera munduko milaka irakurlek ere, bere liburuak gaztelaniara, katalanera, galegora, ingelesera, errusierara, bretoierara, arabierara, alemanera, grekerara, albanierara, koreerara... itzuliak izan baitira.

Donostia-San Sebastian. Mariasun Landa idazleak jaso du aurten euskal liburugintzako bost erakundek ematen duten Dabilen Elea saria. Elkarte horiek Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea dira, eta Landak EuskalKultura.com-i agertu dionez bostek adostutako saria izateak satisfakzio handia izan da. 

Aipatu elkarteen aburuz Landa idazle “berritzailea”, “oparoa”, irakurzaletasunaren sustatzaile "nekaezina", hizkuntza askotara itzulia eta jende askok irakurria da. Mariasunek pozik hartu du saria, eta berau komunikabideen arreta haur eta gazte literaturaren "literaturtasuna" aldarrikatzeko baliatu du.

Istorio on bat abiapuntu

"Liburu bat idazten dudanean nire problema nagusiak estilistikoak dira, narratiboak, nola orekatu fantasia eta egiazkotasuna...", azaldu dio EuskalKultura.com-i. "Lehenengo behar da istoria on bat izatea, eta gero saiatzen naiz ideia idazten ahalik eta hobekien. Bigarren irakurketan hasten naiz pentsatzen norentzako, ze adineko irakurleentzat izan daitekeen".

Mariasun Landa Moskun 2011

[Mariasun Landa idazlea Moskuko liburudenda batean "Krokodiloa ohe azpian" liburuaren errusierara itzulpena aukezten, aurtengo ekainean (argazkia MLanda)]

Euskaraz idaztea hautua izan zen Mariasunentzat --23 urterekin hasi zen Landa euskaraz ikasten-- eta bizitzak eraman zuen haurrentzako lehen ipuinak idaztera. Parisen lizentziatu ostean, irakasle lanean hasi eta konturatu zen Mariasun bere ikasleek ez zutela zer irakurri. "Idazle izan nahi nuen, eta hasi nintzen testuak idazten ikasleentzako. Bidean benetan deskubritu dut haur literaturaren edertasuna eta, jakin gabe ere, literatur modalitate hau lantzeko balio dudala deskubritu dut", agertzen du.

Krokodiloa Moskun

Ahalegin horretan Landak ibilbide luzea egin du eta euskal literaturan nekez aurki daitekeen irakurlego zabala bildu du, makina bat hizkuntzatan gainera: gaztelaniara, katalanera, galegora, ingelesera, bretoierara, arabierara, alemanera, grekerara, albanierara, koreerara... "Duela 25 urte 'Txan fantasma' euskaraz eta katalanez argitaratu zen eta harrezkero egindako lanak apurka apurka bideak ireki dizkit. 2003an Sari Nazionala jasotzeak ere ateak ireki ditu", azaldu du.

Etenik gabeko jarduna izan da berea, eta urtero plazatzen ditu lan berriak edo beste hizkuntzetan itzulpenak. Ekainean, adibidez, idazlea Moskun izan zen, "Krokodiloa ohe azpian" ezagunaren errusierazko itzulpena aurkezten; eta berriki argitaratu da bretoieraz 'Galtzerdi suizida" liburua. Izan ere, duela 30 urte Landaren aburuz inork gutxik aintzat hartzen zuen haur eta gazte literatura nazioartean bideak urratzen ari da euskal literaturarentzat.

Mariasun Landaren bibliografia osoa, egilearen webgunean.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia