La Plata, Argentina. Herrialde osoko muslariak elkartu dira pasa den asteburuan La Platan hiriko Euzko Etxearen 80. urteurreneko programaren baitan egin den 44. Mus Txapelketa Nazionalean. Juningo Arbola Bat-eko Mariano Iribarren eta Edgardo Ratto bikotea izan da irabazle eta txartela lortu du, beraz, urriaren 19tik 27ra Cuscon (Peru) egingo den 2024ko Munduko Mus Txapelketarako. Txapelketa ofizialarekin batera, “Víctor H. Landa” paraleloa ere lehiatu da. eta Lapridako Lagunen Etxeko ordezkari Adrián “Chirola” Arosteguyk eta Macachineko Euzko Alkartasunako Fernando Mujicak bereganatu dute lehen postua. Kanasta Txapelketa klasikoa ere jokatu da.
Ordezkaritzak abuztuaren 16an, ostirala, hasi ziren iristen Euzko Etxearen egoitzara. Iluntzean, ordezkarien bilera egin eta 17 muslari bikotek parte hartzea baieztatu zuten, honako euskal etxeetako ordezkari: Pergamino, Buenos Aires, Chacabuco, Cañuelas, San Nicolas, Maipú, Laprida, Chascomús, Mar del Plata, Saladillo, Tandil, Junín, Ayacucho, Macachín, eta La Plata bertakoak. Asteburu osoan Cuscorako txartela nork lortuko aritu baziren ere, afaltzeko orduan elkarretaratzeko poza islatzen zen euren aurpegietan.
Bi txapelketetako irabazleak, txapeldunorde eta Mus Batzorde Nazionaleko ordezkariekin batera
Txapelketa Paraleloko partidak: Adrián "Chirola" Arosteguy eta Fernando Mujica, irabazleak
Kanasta Txapelketaren sari banaketa
Larunbat goizean hasi ziren partidak. Lehenik, “80. Urteurrena” izenpean jokatutako 44. Mus Txapelketa Nazionalekoak, eta ordu erdi geroago, “Victor H. Landa” Txapelketa Paralelokoak, azken honetan 51 bikotek parte hartu zutelarik. Kanasta Txapelketa ere jokatu zen, 8 bikote partaide. Etxeko bikotea izan zen txapelduna, Stella Gallek eta Carmen Jaramillok osatua, eta txapeldunordeak Ayacuchoko Elena Alberro eta Silvia Farre izan ziren. Bazkariaren ondotik lehiak iluntzera arte jarraitu zuen. Afari hasieran, La Platako “Denak Bat” dantzari taldeko Dolores Infantek eta Matias Vignolok aurreskua eskaini zuten. Talde anfitrioiak bere ikuskizunarekin girotu zuen berrehun lagunek parte hartutako afaria. Arku dantza, Makil dantza eta, amaierarako, Fandango eta Arin arin dantzatu zituzten.
Igande goizean jokatu ziren txapelketetako azken partidak, finalerdiak eta finalak. Ehun lagun baino gehiago bertaratu ziren azken agurreko bazkarira eta, txalo zaparraden artean, sariak banatu ziren. “Txapelketaren garapena oso ona izan da. Dena positiboa izan da oso, giroa ere bikaina. Partaidetza handia bildu dugu, eta aurtengoa ohi baino egun bat gutxiagokoa izan bada ere, dinamikoa izan da, jendearen jarrera oso ona izan da, arrakasta handia izan da”, laburbildu dio EuskalKultura.eus-i La Platako Euzko Etxeko Batzordeko kide eta Txapelketaren antolatzaile Mauricio Broquelairek.