euskal diaspora eta kultura
2013/05/20
PUBLIZITATEA
Reno, AEB. 2004an Donostian eta Hendaian hilabeteko egonaldia egin ostean, Mariann Vaczi antrolopogoak euskal kulturan espezializatzea erabaki zuen. 2007an arlo honetan doktoretza hasi zuen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-en, eta horretarako gai bila ari zela, lagun batek Athletic aipatu zion.
"Euskaldunekin bakarrik jokatzen zutela banekien, baina lagunak esandakoak horri buruz pentsarazi zidan", azaldu dio Mariann-ek EuskalKultura.com-i. "Ideia tutoreari aurkeztu nionean, beste gai bat ere prestatuta nuen, badaezpada, hau oso azalekoa irudituko zitzaiolakoan. Zorionez, oso gogokoa izan zuen; euskal ikerketen arloan futbola oraindik ukitu gabeko gaia zelako".
Antropologoaren ikuspegitik, Athletic tresna bikaina da euskal kultura ikertzeko. "Harrigarria da Athletic-ek bere burua eremu oso txiki batera mugatzea, atleten migrazio eta salerosketatik bizi den futbolaren kultura globalizatu honetan. Zergatik erabaki du goi-mailako talde batek bere emaitzen kalterako izan daitekeen filosofia mantentzea? Zer gizarte, politika eta kultura balore daude erabaki horren atzean? Eta zer diosku horrek euskal gizartearen baloreei buruz?", galdera horiek guztiak egin eta erantzun ditu Vaczik tesi honen baitan.
Athletic eta abertzaletasuna
Taldearen sorrera euskal abertzaletasunaren hastapenekin bat badator ere --EAJ sortu eta hiru urtera jaio zen Athletic-- antropologoaren aburuz euskaldunen aldeko filosofia berezi hau ez zen estrategia konsziente bat izan 1950a arte. "Ordura arte, bertako jokalariekin aritzea ohikoa zen, talde guztiek egiten zutena. 40 eta 50eko hamarkadetan bizkaitarrak ziren jokalari gehienak eta taldeak izan zuen arrakasta itzelak jarri zituen Athletic-en filosofiaren oinarriak: euskaldunek bakarrik osatutako taldea oso lehiakorra izan zitekeen ideia, alegia".
Tesiaren egilearen ustetan, Athletic "abertzaletasunaren ikurra da askorentzat, baina ez denentzat. Abertzaletasunaren ideiaren aldeko ez diren hainbat bilbotar, eta erabat aurkako diren beste zenbait ere, San Mamesera doaz eta zaletu handiak dira", agertu du Vaczik. "Athletic abertzaletasun sinbolikoa baino gehiago da eta horrek badu garrantzia. Ideologikoki gatazkatsua den gizarte batean, agian denak bil ditzakeen erakunde bakarra da berau. Uste dut bilbotarrak horren jakitun direla, eta horregatik politika Athletic-etik kanpo mantentzen saiatzen direla".
Harrotasuna eta sakrifizioa, txanponaren bi aldeak
Bertako jokalariak soilik baliatzea gaur egungo lehian kaltegarri izan badaiteke ere, zaletu gehienak filosofia horren aldekoak dira. "Gutxiagotan irabaziko duzu, agian, baina irabazten denean, harrotasuna eta poza atzerritarrekin jokatuta baino handiagoa da", esan du ikerlariak. "Filosofia honen baitan, porrot batzuk ere ospatu egiten dira, hala nola Bartzelonarekin galdu zen 2009ko Kopa finala (...) Haatik, horrek berak bolada txarrak ekar ditzake, bi-urteko beltza bezala. Athletic-ek filosofia hori mantentzen badu, bigarren mailara jaitsi daiteke, eta orduan ez litzateke gehiago izango l'Equipe-k zioen 'futbol munduko kasu bakarra'; alabaina, filosofia hori albo batera utzita, zaleek ez lukete lehen adina gozatuko. Edozeinetara ere, sakrifizioa behar da".
Vaczi-ren aburuz taldeak filosofiari eutsiko dio, Athletic-ek Lehen Mailari eusten dion bitartean, behintzat. "Zaletu askok diote Bigarren Mailan ere eutsiko lioketela, baina hori ikusteko dago".
Edonola ere, filosofia berezi horretxeri esker Athletic-ek atzerrian ere zaletu asko izatea lortu du. Vazciren esanetan taldea "Goliaten artean lehian ari den David-en gisa ikusten dute; futbol globaleko Asterix eta Obelix-ak bezala. Zaletuek Athletic-en garaipenak ospatzen dituzte gaur egungo lehiaren joera eta legeen aurka doazelako, eta futbolaren hastapeneko tradizioa mantentzen dutelako", amaitu du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus