euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariana Uribeondok euskal zeramika herrikoi tailerrak eman ditu Trelew-en, Haraneko Euskal Etxea antolatzaile

2024/10/24

Mariana Uribeondo (hirugarrena ezkerretik) Udal Artisautza Eskolan emandako tailerreko partaideekin
Mariana Uribeondo (hirugarrena ezkerretik) Udal Artisautza Eskolan emandako tailerreko partaideekin

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Euskal zeramika herrikoia zabaltzeko eta berreskuratzeko proiektu baten barruan, Chubut Ipar-ekialdeko Haraneko Euskal Etxeak, buztingintzan trebatzeko hainbat jarduera eskaini ditu urriaren 11tik 13rako asteburuan. Jarduera Trelewko Udal Artisautza Eskolan garatu da, Mariana Demicheli Uribeondo, euskal zeramika herrikoia berreskuratu eta sustatzea xede duen Amalur elkarteko arduraduna buru. Horrekin batera, euskal jatorriko buztinlariak publiko orokorrari irekitako hitzaldia eman zuen Haraneko Euskal Etxearen egoitzan, baita txikientzako tailer bat ere eta, zeramikari maputxeekin bat eginez, mural baten burutzea koordinatu zuen.

Udal Artisautza Eskolarekiko hitzarmen bat tarteko, hitzaldia —zeramikalariei zuzendua— eta gaikuntza tailerra, udal instalazioetan egin ziren. Eskolak, izan ere, bere tresneria eskaini zuen, eta pieza batzuen prestaketan lankide aritu zen. “Euskal Buztingintzaren Formak” izenpean zeramika irakasle, ikasle eta zaleei zuzendutako tailerra, tornuaren erabilera esperimentatzeko aukera izan zuten partaide izan ziren 10 lagunek, euskal zeramikaren forma bereizgarriak dituzten pieza erabilgarriak sortuz. Zeramika dekorazioko bi tailerretan, bestetik, buztina eta esmalte zuriaren konbinazioa eta euskal zeramika herrikoiaren kolore bereizgarriak erabiltzen aritu ziren 20 pertsona. Bi kasuetan, partaide kupoa beteta..

 
Zeramika dekorazio tailerreko partaideak lanean

 
Neska-mutilak jolasean, ikasten eta Galtzagorriak egiten

Larunbatean, urriaren 12an, arratsaldez, Amalurren sortzaileak euskal zeramika herrikoiari buruzko hitzaldi irekia eskaini zuen Euskal Etxean. Ekoizpenaz, ekoizpen prozesuaz, salerosteaz, gastronomiarekin duen harremanaz eta zeramika herrikoiaren egungo egoeraz mintzatu zen. Haurrentzako tailer bat ere eskaini zuen. Aritza Bergara euskal idazlearen kontakizun labur batetik abiatuta, euskal mitologiako galtzagorriak pieza zeramiko txikietan birsortu zituzten 16 neska-mutilek.

Zuzeneko modelaketaren bidez, orratz-egile bat eta bere iratxo txikiak gauzatu zituzten. Jardunaldien amaiera ere Haraneko Euskal Etxean antolatu zen. Mariana Demicheli-ren eta Ñuke Mapu (Ama Lurra) maputxe zeramika taldeko Sandra Zarini eta Nadia Sandoval zeramikarien koordinaziopean, tamaina diferentetako buztin plakak landu zituzten, haiekin mural kolektibo bat moldatzeko. "Haziak" izeneko murala, pertsona bakoitzak komunitateari egiten dion ekarpena irudikatzen du, eta Euskal Etxeko hormetako batean kokatu behar dute.


"Haziak" mural kolektiboan lanean

 
Ezker eskuin, Trelew-ko zinegotzi Ángel Cayupil, Haraneko Euskal Etxeko kide Maite Caracotche, Trelew-ko ‘Honorable Concejo Deliberante’-ko presidente Claudia Monaji, Haraneko EEko lehendakari Milagros Ibarbia eta HCDko aholkularia

"Esperientzia ederra eta erakundeen arteko uztarketa bikaina izan da —Euskal Etxea, eremu publikoko Artisautzaren Udal Eskolarekin eta hirugarren sektoreko parte den La Minga Fundazioarekin— eta aukera polita eman digu gure lana egoki gauzatzeko, gure helburu estrategikoetako batekin bat, esan nahi baita komunitateari zabalik dagoen elkarte bat garen aldetik", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Haraneko Euskal Etxeko lehendakari Milagros Ibarbiak.

Euskal Zeramika Herrikoiari buruzko prestakuntza Udal eta Kultura Interesekoa jo zuen Trelewko ‘Honorable Concejo Deliberante’ak (Hiriko Udalbatza) eta Chubut Probintziako Legebiltzarrak, Probintzia Interesekoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia