euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariana Spallato Sáenz argentinarra irailean euskalerriratuko da bekadun, UPV-EHUn masterra egiteko

2009/08/05

Mariana Spallato Sáenz dantzariz jantzita Buenos Airesen (argazkia EuskalKultura.com)
Mariana Spallato Sáenz dantzariz jantzita Buenos Airesen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Krisi ekonomikoa askoren kezka da gaur egun, Europan nahiz Ameriketan eta Euskal Herria eta Argentina ez dira egoera horretatik kanpo geratu. Bi herrialdeon arteko zubiak indartsu mantentzeko, Eusko Jaurlaritzak Diasporari eskaintzen dion beka sistemak martxan jarraitzen du. Horri esker, Mariana Spallato Sáenz argentinarra euskalerriratuko da datorren irailean Euskal Herriko Unibertsitatean master bat egitera. 'Oso aukera ona da lan arlotik erreparatuz eta baita arlo pertsonaletik ere. Masterrak zerikusi handia du nire espezializazioarekin; bestalde, leku askotako jendearekin izateko aukera izango dut eta hori ere oso aberasgarria izango dela uste dut', esan dio EuskalKultura.com-i.

Buenos Aires, Argentina. Mariana Spallato Sáenzek 24 urte ditu. Zientzia Politikoa ikasi du Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBAn), eta Nazioarteko Harremanetan espezializatu da. Bestalde, duela hiru urte Argentinako gobernuz kanpoko erakunde (GKE) sare batean ari da lanean, Garapenerako Nazioarteko Kooperazioarekin lotuta dauden hainbat gaitan. Beste urte batzuetan bezala, aurten ere Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) ikerketa masterrak egiteko beka deialdia egin zien Latinoamerika, AEB eta Filipinetako ikasleei eta Marianak bere burua aurkeztu zuen beka horietako bat lortzeko asmotan: 'EuskalKultura.com-en irakurri nuen beka deialdia ireki zutela. Eta jakin bezain pronto egin beharreko guztiak egiten hasi nintzen. Ez zen batere zaila izan eskatzen zutena lortzea. Agiri kontua izan zen, bereziki', azaltzen du Marianak beka lortzeko prozesua zaila ala erraza izan zen galdetu diogunean.

-Zertan datza eman dizuten beka?

Bekak 2009-2010 ikasturteko kalitate aipudun doktoretzatara sarbidea ematen duten ikerketa masterrak egingo dituzten ikasleei zuzenduak dira. Diru-laguntza 4.500 eurotakoa da, eta gainera unibertsitateak ez digu ikasleoi masterraren prezio publikoa kobratuko. Nire kasuan, egingo dudan masterra Nazioarteko Ikasketak eta Garapenerako Lankidetzari buruzkoa da.

-Zerk bultzatu zaitu beka hau eskatzera?

Alde batetik, masterrak zerikusi handia duenez nire espezializazioarekin oso aukera ona dela uste dut nire ibilbide profesionalean eta lanbide garapenaren arloan. Beste alde batetik, bizitza pertsonalean ere oso esperientzia polita izango da leku askotako jendearekin izateko aukera izango baitut eta hori oso aberasgarria da. Gainera, etxetik nahiko urrun izango naiz eta hori ere aipatzekoa da.

-Etxetik urrun baina kultura ezagun batean…

Bai, eta espero dut horrek gauzak erraztea. Nahiz eta etxetik urrun izan, Euskal Herriarekin daukadan lotura kontuan hartuta, etxean bezala sentitzea espero dut. Nire arbasoak, amaren aldetik, euskaldunak ziren, Iparraldekoak. Eta interneti esker, ama kontaktuan dago Nafarroa Behereko, Baigorriko, ahaide batzuekin. Euskal Herrian iritsitakoan  haiengana joateko asmoa dut. Horrez gain, ni Buenos Aireseko euskal etxe batekoa naiz. Orain dela urte batzuk ama hasi zen euskara ikasten Euskaltzaleak-en, eta geroago ni neu ere hurbildu nintzen Mexiko kalean dagoen euskal egoitzara. Euskara ikasten dut baina batez ere dantzetan aritzen naiz. Eta oso gustura, gainera. Arrazoi hauen guztiengatik masterra egiteaz aparte, Euskal Herrian eta Euskal Herriko kulturan murgiltzeko gogo bizia daukat.

EHUk argitaratutako datuen arabera, 120 ikasle aurkeztu ziren aipatu neka deialdi honetara: 43 izan dira hautatuak eta horietatik sei dira argentinarrak. Horien artean dago Mariana Spallato Sáenz, Euskal Herrian graduondoko ikasketak jarraituko dituen beste euskal argentinar bat.

Lotura interesgarriak

EHUko Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Ataria
www.ikasketak.ehu.es

Euskaltzaleak
www.euskaltzaleak.org.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia