euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariana Fernandez Castelli: 'Europan ez duzue ezagutzen nola bizi dugun euskaldun izatea Euskal Herritik kanpo'

2007/04/25

Mariana Fdez. Castelli Buenos Aireseko Eusketxeren egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)
Mariana Fdez. Castelli Buenos Aireseko Eusketxeren egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Mariana Fernandez Castelli euskal argentinarrak hiru mintzaldi eskaini ditu berriki Seguran (Gipuzkoa) Iparra-Hegoa elkarteak antolatu duen kultur astean. Aste honen helburua euskal herrialde guztien arteko ezagutza eta elkar trukaketa bultzatzea da eta aurtengoan aurreko edizioetan falta izan zaien herrialdea izan da protagonista: 'zortzigarren herrialdea', Diaspora alegia. Argentinara bueltatzerakoan BasqueHeritage.com-ek Mariana Fernandezekin esperientzia honi buruz hitzegiteko aukera izan du.
Joan den martxoan Iparra-Hegoak elkarteak antolatzen duen Kultur Astearen XII edizioa ospatu zen Seguran eta euskal Diaspora izan zen protagonista. Jarduera ugari egin ziren gai honen inguruan, mintzaldiak, dantza eta musika erakustaldiak, gastronomia edota mus txapelketak, Euskal Herriko beste herrialdeak eta zortzigarren probintzia gerturatu nahian. Mintzaldiek Euskal Herria eta Argentinaren arteko erlazioa izan zuten ardatz, Argentinan dagoelako munduko euskal komunitate jendetsuena.

Iparra-Hegoa elkarteak Mariana Fernandez Castelli euskal argentinarrari Asteko ekitaldietan Diasporaren ahotsa izateko gonbitea luzatu zion. Fernandez Castelli Historia irakaslea da eta egun EHNA ekimena kudeatzen du Argentinan. Guzti hori dela eta Iparra-Hegoa elkarteak euskaldunen historia Argentinan eta gaur egun euskal komunitatearen nondik-norakoak ere ezagutzera emateko pertsona egokia zela pentsatu zuen.

Hiru mintzaldi Diasporari buruz

Fernandez Castellik hiru mintzaldi eman zituen Seguran. Lehendabizikoan Argentinari buruzko datu orokorrak eman zituen, entzulegoak Hego Ameriketako herrialde hau hobeto ezagutzeko aukera izan zezan. Bigarrenean euskal Diaspora izan zuen ardatz: nola heldu ziren euskaldunak Argentinara, non kokatu ziren eta ze jarduera ekonomiko bideratu zituzten azalduz. Azkenik, hirugarren mintzaldian euskaldunek Río de la Plata-n hasitako bideari jarraituz egun euskal komunitateak Argentinan duen zabalkundea eta antolaketa azaldu zituen. 'Europan gure herrialdearen natura zoragarria ezaguna da, baina ez dakite nola bizi dugun Euskal Herritik kanpo euskaldun izatearen esperientzia. Horregatik sortu zen aste honetan parte hartzeko ideia', adierazten du Mariana Fernández Castellik.

Hiru mintzaldi hauek osatzeko eta Diaspora beste ikuspuntu batetik erakusteko asmoz, antolatzaileek beste bi berbaldi antolatu zituzten. Lehendabizikoan Benoit Etcheverry eta Pantxika Maitia euskal emigrazioaren fenomenoari buruz aritu ziren, baina Iparraldetik euskal Diasporarekin harremanetan lan egiten duten kultur eragileen ikuspuntutik. Beste mintzaldiaren izenburua 'Argentinan Euskaraz' izan zen, eta HABEk Argentinan euskara irakasleak trebatu eta ikastaroak bultzatzeko sustatzen duen ekimenari buruzkoa izan zen. Hizlariak hiru izan ziren: Marina Paglialunga euskal argentinarra, programako ikasle ohia eta gaur egun Segurako bizilaguna; Gurutze Arrieta, ekimeneko lehendabiziko irakasleetako bat eta Jon Urdangarin, egun programako irakaslea dena.

Bideo konferentzia erakuslehioa izan zen

Kultur Astearen azken jardunaldian, igandean, Euskal Herria eta Argentina zuzenean batu zituen jarduera egin zen: Segurako Kultur Etxea eta Buenos Aireseko Eusketxe batu zituen bideo-konferentzia. Mexico 1880ko egoitzan bildutako euskal argentinar taldeak euskal dantzak erakutsi, euskaraz mintzatu eta egunero euskal kulturan interesa duten euskal argentinarrak hartzen dituen egoitza hau aurkeztu zuten.

'Seguran zeudenek interes handiarekin jarraitu zuten bideo-konferentzian ikusten zena. Argentinako euskal komunitatea ezagutu eta harremanetan jarraitzeko gogoa are gehiago piztu zien. Pantaila hain urruti gertatzen ari dena erakusten zuen lehioa bihurtu zen', azaltzen du Mariana Fernández. 'Baina esperientzia ez zen Seguran bildu ginenentzat bakarrik garrantzitsua izan, Eusketxekoentzat ere euren lana eta Euskal Herriarekin konpromezua erakusteko bidea izan zen'.

Mintzaldi gehiago Tolosa, Azpeitia eta Iruñean

Kultur Astea bukatu ondoren Fernández Castellik Euskal Herriko hainbat lekuetan Argentinako euskaldunen berri emateko gonbitea jaso zuen. Horrela euskal argentinarrak hiru mintzaldi gehiago eman zituen: Tolosako udaletxean, Azpeitian eta Iruñean. Azken bi hauetan ekitaldiak kultur etxeetan izan ziren.

Gainera beste erakunde eta ekimen desberdinak bultzatzen ari diren pertsonek ere Fernandez Castelli ezagutu nahi izan zuten. Euskal Kurrikuluma, Euskal Herrian Euskaraz eta Bilgune Feminista elkarteetako ordezkariak berarekin bildu eta euren ekimenak Diasporara helarazi eta elkarlana bultzatzeko aukerak aztertu zituzten.

Elkar ezagutzeko gogoa

'Bideo konferentziaren metaforarekin jarraituz', adierazten du Fernández Castellik, 'lehioa irekita gelditu dela esan daiteke eta komunikazioa izango dela Diaspora eta Iparra-Hegoa elkartearen artean. Etorkizunari begira, elkar ezagutzen jarraitu eta elkarlanean aritzeko gogoa dago. Badakigu batzutan bizia ez dela erreza Euskal Herrian', jarraitzen du euskal argentinarrak, 'baina hainbeste jende lanean eta gauzak egiteko gogoarekin ikusteak esperantza ematen du. Nire aldetik bakarrik ez sentitzeko esan nien, ez dezatela pentsa Euskal Herria lur zati hau bakarrik denik; baizik eta jakin dezatela badagoela jende asko Euskal Herriko parte sentitzen dena, nahiz eta urrun egon'.


LOTURA INTERESGARRIAK

XII, Iparra-Hegoa astea, euskal Diasporari eskainia
Seguran, Gipuzkoan, martxoaren 12tik 18ra

Eusketxekin bideokoferentzia eginez itxiko da Iparra-Hegoa astea
BasqueHeritage.com-en argitaratuta 2007ko martxoaren 17an

'Euskal Aztarna' erakusketa Eusketxen
BasqueHeritage.com-en argitaratua apirilaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia