euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariana Fdez Castellik emandako Euskal Kultura tailerraren oso balantze positiboa egin du Azulgo Gure Txokoak

2014/09/18

Mariana Fernandez Castellik Euskal Kultura Tailerra eman zuen Azulgo euskal etxean
Mariana Fernandez Castellik Euskal Kultura Tailerra eman zuen Azulgo euskal etxean

PUBLIZITATEA

Gure Txokoa euskal etxeak gonbidaturik, euskal kulturari buruzko tailer trinkoa eskaini zuen Mariana Fernandez Castelli irakasleak Buenos Aires probintzia argentinarreko Azul herrian. Ekintzaren programa oso zabala izan zen, historiaurretik hasita gaur egun arte, anitz gai barne. Berri honekin batera, Udaberria ospatzeko ‘Mateada'ra gonbidatzen du euskal etxeak, datorren igande honetan, Udal parkean dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren gerizpean.

Azul, Argentina. Euskal Herriari buruzko tailer trinkoa eman du irailaren 13an Mariana Fernandez Castellik Azulgo Gure Txokoa euskal etxean. Jardunaldia goizeko 9etan hasi eta arratsaldeko 5ak alderarte luzatu zen, eta programan honako puntu hauek garatu ziren: Nafarroako Erresuma, Euskal Herria, Euskadi, eta Nazio eta Estatuaren ideiak. Horretaz aparte, ibilbide historiko luzea ere egin zuen irakasleak, historiaurretik egundaino.

Euskarari eta euskararen garrantziari buruz ere mintzatu zen Fernandez Castelli eta baita Euskal Herriko paisaje, ekintza ekonomiko eta kirolei buruz ere. “Ikastaro labur eta trinkotua izan zen, eta erronka, hari nagusi bat aurkitzea gai asko jorratu ahal izateko, jendearen arreta galdu gabe. Eta denon artean lortu genuen. Funtsezkoa izan zen jendearen partaidetza aktibitatea ondo atera zedin”, azaldu dio Fernandez Castelli-k Euskalkultura.com-i. Tailerraren jarraipenari dagokionez, datorren urteko agendan jarriko du euskal etxeak, ziur aski lehenengo seihilekoan.

Gogora dezagun hainbat euskal etxetan aritzeaz gain ‘Euskal Herria ezagutzen hasteko on line tailerra’ kudeatzen duela Mariana Fernandez Castellik Facebook sare sozialean. “Azulgo euskal etxeko kideek facebook-en bidez kontaktatu ziren nirekin. Eta aitortu behar dut oso pozik nagoela ikastaro birtual hau ematen ari zaizkidan aukera hauekin; izan ere, beste euskal etxe batzuk ere jarri dira kontaktuan nirekin tailerraren baitan”, adierazi du. Facebook-eko 'Euskal Herria ezagutzen hasteko tailerra’ doanik da eta parte hartzen hasteko, Taller de Introducción a Euskal Herria delako kontuan sartu baino ez da behar.

Tailerra ez da izan, ordea, joan den asteburuan Azulgo euskaldunek izan zuten hitzordu bakarra. Igande goizean Rauch hiriko ‘Ave de Raza’ delako Nazio Festako desfilean hartu zuten parte bertako Gure Txokoa eta Las Flores hiriko Loretako Euskaldunak euskal etxeetako lagunekin batera. Eta aktibitateek datorren asteburuan jarraituko dute. Irailaren 21ean, arratsaldeko 4etan, Udaberriaren Eguna ospatuko dute azuldarrek, Udal Parkean, Gernikako Arbolaren Kimuaren itzalpean eta ‘mateada’ batekin.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia