euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariana D'orazio ETBk Diasporako euskaldunei eskainiko dien saio berriko protagonistetako bat izango da

2016/02/19

Mariana D´orazio euskal argentinarra, euskara ikasten duen Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiaren aurrean (argazkia EuskalKultura.com)
Mariana D´orazio euskal argentinarra, euskara ikasten duen Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiaren aurrean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

"Todos los apellidos vascos" saio arrakastatsuaren ildotik abiatutako ekimena den ‘Cuestion de Origen’ programa berria eta ameriketaratu ziren hainbat euskaldunen ondorengoen historian sakonduko du. Alderantzizko bidaia honetan, Euskal Herrian inoiz izan ez diren euskal jatorriko lagunek, arbasoen jaioterria zapalduko dute aurrenekoz eta posible denean familiakoekin elkartuko dira. Programa egiteko lehenengo hautatuetako bat, Mariana D´orazio argentinarra izan da. Mariana Buenos Aires probintzian bizi da, Kazetaritza ikasten du eta baita euskara ere, Buenos Aires hiriko Euskaltzaleak euskaltegian.

Buenos Aires, Argentina. ‘Todos los apellidos vascos’ saioaren ondoren, euskal jatorria aztertzen duen beste ekimen bat jarri du abian EITBk. “‘Todos los apellidos vascos’ saioaren arrakastak bultzaturik sortu zen proiektu berria. Orain artean, euskal abizena zuten pertsonaia ezagunak gonbidatu izan ditugu eta abizenari tiraka arbasoen historiak ezagutzen joan gara, eta aldi berean gure Herriaren historia”, azaldu dio EuskalKultura.com-i programa berriko aurkezle izango den Olga Zabalgogeaskoa kazetariak,

“Astero ordu beteko saioa izan da, prime time ordutegian eman da eta audientzia aldetik ere oihartzun handia izan du. Programa egiterakoan, baina, gonbidatu askoren arbasoak Ameriketara joan zirela ikusita, esparru hori sakon aztertu dugu saioan. Horregatik oraingoan, alderantzizko bidaia egitea erabaki dugu programa berrian, oso interesgarria izango delakoan”, azaldu du, telefonoz eginiko adierazpenetan.

'Cuestión de origen' saiorako sei istorio grabatuko dira, Euskal Herritik bere garaian joan zirenen ondorengoak bertara eramanez. Helburua da saio bakoitzaren protagonistak bere arbasoen jaioterria ezagutzea, artxibategietan dokumentuak kontsultatzeko aukera izatea –produkzioko ikertzaile eta historialarien eskutik–, eta posible baldin bada, familiakoekin elkartzeko aukera sortzea.

Programan parte hartzeko deialdia kaleratu zenean, gutun andana jaso zuen produkzioak. Zabalgogeaskoak adierazi digunez “ehundaka eta ehundaka pertsonaren eskaerak jaso ditugu baina guztiek ez zeukaten bilatzen ari garen profila. Marianak, berriz, –Mariana D´orazio argentinarrak– bai. Irrika bizian dagoelako arbasoen sorterria ezagutzeko, inoiz izan ez delako Euskal Herrian, eta posibilitate horren aurrean gori gorian dauzkalako emozioak”.

Mariana D´orazio

Mariana, Buenos Aires Handiko San Fernando hirian bizi da familiarekin. Euskal Herritik etorritako familiakoei buruzko datu gutxi ditu baina badaki birramona, Maria Antonia Esnaola Dorronsoro, donostiarra zuela. Hainbat saiakera egin ditu Marianak familiaren historia osatzeko; Argentinako euskal diasporara ere hurbildu zen bere sustraiek erakarrita. Izan ere, gaur egun euskara ikasle da Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegian. Baina bere euskal haria ezagutzeko egindako ahalegina ez da nahikoa izan orain arte. “‘Cuestion de origen’ saioan parte hartzeko deialdia ikusi nuenean, ilusio handiz idatzi nuen, baina ez bakarrik Euskal Herrira bidaiatzeko aukera ematen duelako, baizik eta ziur neukalako produktore handi batek, baliabide gehiagorekin, errazagoa izango duela, nik baino, haria topatu eta nire familiaren historia osatzeko”.

“Eskaera bidali nuenean ez neukan hautatuko ninduten itxaropen handirik, baina bai sentitu nuen momentu ona zela bilaketarekin jarraitzeko. Horregatik, deitu zidatenean abisatzeko hautatu nindutela, negarrez lehertu nintzen, gelditu ezinean. Ezin nuen sinetsi eta oraindik ere kosta egiten zait sinestea egun gutxi barru nire historiarekin aurrez aurre egingo dudala topo”, kontatu dio hunkituta EuskalKultura.com-i.

Marianaren historiaren grabazioa martxoan egingo da, Emisio data, berriz, adierazi bezain pronto argitaratuko dugu. Zorionak, Mariana!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia