Mariana D'Orazio, ezkerrean, "Origen" saioaren aurkezle Olga Zabalgogeaskoarekin (argazkia Origen ETB)
ETBko "Origen" saioak gaur aurkeztuko du bere azken atala, Mariana D'Orazio argentinarrarekin. Mariana euskara ikaslea da Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian eta bere birramona Antonia Esnaolaren iraganari buruzko jakinminak gidatuta etorriko da Euskal Herrira. Ustekabeko istorio zirraragarria aurkituko du: maitasunak, tiroz hildako norbait, eta atzean utzitako seme-alabak. Azken atal hau ETBn 22.25etan izango da ikusgai, eta baita Canal Vasco/ETBSat-en ere. Aurreko atal guztiak ikusgai dira online ETBren webgunean.
Donostia-San Sebastián. Gaur gauean "Origen" saioak aurreneko denboraldiko lehen azken atala aurkeztuko du. Programa honetan Diasporako sei lagun Euskal Herrira etorri dira beraien euskal sustraien bila. Gaurko ataleko protagonista Mariana D'Orazio argentinarra da. Mariana ikusentzunezko ekoizlea da eta euskara ikasten ari da Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en.
Marianak bere birramonaren bizitzari buruzko datu gehiago aurkitu nahi ditu, ez baitaki ezer Antonia Esnaola Dorronsoro 1914an Buenos Airesera iritsi aurreko garaiari buruz. Zergatik emigratu zuen, seme-alabak atzean utzita? Ikerketaren bitartez, Marianak maitasun istorio bat, tiroz hildako norbait eta Antoniaren Euskal Herriko bilobak ere aurkituko dit. Mariana eta bere senitartekoen arteko topaketa hunkigarria izango da, Ameriketako eta Euskal Herriko adarrek ez baitzuten elkarren berririk.
Azken atal honetaz gain, ETB nahieran webgunean aurreko guztiak ere ikus daiteke:
-Guillermo Amuchastegui. Frontoietako "Monarca"
-Pilar García Gurtubay . Bilboko Gurtubay aberatsen eta Albako dukearen familiarekin harremanik ba al du?
-German Martitegui, Argentinako Chef onena euskalduna da
-Eduardo Strauch Urioste. Andeetan iraunbizitzea lortu zuen euskaldunen ondorengoa
-Juan Martín Guevara. Bai, Ché Guevara euskalduna zen.