Arrecifes, Argentina. Euskal Herrirako bidaiak antolatzen hasi zenean, asmoa, gonbitea Arrecifes eta inguruko euskal etxeetako kideei luzatzea zen,baina urteen poderioz Argentina osora zabaldu da, eta aurtengo bidaiariak Trenque Lauquen, General Rodríguez, Bragado, Arrecifes, Buenos Aires, Necochea, Bolivar, Perez Millan, Comodoro Rivadavia, Junin eta San Nicolasekoak izan dira.
Mariana Dominek berak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “leku askotako lagunak bildu gara eta elkarbizitza ezin hobea izan dugu". "Plazer handia da niretzat bidaiariei Euskal Herria erakusteko aukera izatea. Hori baita egiten dudana: Euskal Herria, Euskal Herriaren arima erakusten saiatzen naiz eta, egiari zor, liluratuta bueltatu ohi dira”. Baina lekuak ez dira bidaiaren helburu bakarra. 'Bidaia pertsonalizatuak' dira eta beste ezaugarri bat ere izan dezakete: “Taldean etortzen diren batzuk, lehenengoz bisitatzen dute Euskal Herria eta euren sustraien bila datoz, kasu askotan inoiz ikusi ez dituzten ahaideak bilatu eta posible bada ezagutzera; zinez, hunkigarria da bilaketen ezinegona konpartitzea eta topaketen bozkarioa bizitzea”, diosku antolatzaile arrecifestarrak.
2018ari begira osatu nahi den taldea Mariana Dominek Euskal Herrira eramango duen laugarrena izango da eta ibilbidea aurtengoa bezalakoa izango du: irteera abuztuan izango da Ezeizatik eta hamabost bat egunetan zehar Euskal Herriko hiriburuak, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko hainbat herri eta leku bisitatuko ditu, tartean, Getxo, Portugaleteko zubia, Gaztelugatxe, Getaria, Zarautz, Hondarribia, Gernika, Tolosa, Oñati, Zumarraga… eta baita Arriaga Antzokia, Santimamiñe eta Zugarramurdiko kobazuloak ere, eta Arantzazuko Santutegia". Txango guztietan tokiko gida batek lagunduko du taldea, goi mailako autobusetan bidaiatuko da eta hotelak 4 izarrekoak izango dira. Asmoa Bilboko Aste Nagusirako iristea da, egun horietan, festa giroarekin batera, kultur aukera ugari baitago Bilbon. Eta ezin zaie huts egin”, aitortzen du.
Lekuak eta kontaktua
Gonbitea euskal etxe guztiei eta bertako kide eta lagunei dago zuzenduta; beraz taldea leku askotako partaideak izan ditzake. Interesa duten euskal etxeak antolatzaileekin kontaktuan jar daitezke euren euskal etxean informazio-bilera egitea eskatzeko. Bidaia hogei pertsonarentzat dago pentsatua eta lehentasuna izena lehenik ematen dutenek izango dute. Prezioari dagokionez, mezu pribatu bidez jakinaraziko da; pesotan ordaindu ahal izango da eta kreditu txartelekin. Informazio gehiago jasotzeko, hona kontaktatzeko bideak: mdomine2002@hotmail.com helbide elektronikoa edo 02478-15 498361 / 02478-454687 telefono zenbakiak.