euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariana Dominé, Maral taldekidea: "Bapateko euskal kantuaren tradizioa berreskuratu nahi dugu Argentinan"

2015/05/14

Mariana Dominé Irigoyen
Mariana Dominé Irigoyen

PUBLIZITATEA

Bere ahots ozen itzelak zirrara eta oilo ipurdia sortzen ditu Itoizen Lau Teilatu bezalako kantuak kantatzen dituenean. Zortzi diskoren egile, aurkeztu berria du argentinar hiriburuko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdi handian bere azken lana, "Bazkalosteko euskal kantuak". Mariana Dominé Irigoyen du izena, nafarren ondorengoa da eta Arrecifesko Maral taldeko ahotsa eta liderra da: Argentinatik munduratutako barne euskal sentimentu gotorreko musika eta sentimentua da berea.

Joseba Etxarri. Erreferentziazko talde bilakatu da Maral azken urteotan Argentinako euskal festa eta erromerien arloan. Iazko Euskal Aste Nazionalean, La Platan, jo zuten, eta aurtengorako, urri hondarrean La Pampako Macachinen, bertakoek aspaldi baieztatu zuten euren partaidetza. Marianak familia bidez jaso zuen bere egin duen euskal sentimentu sakona, Arrecifes bere jaioterriko Euskaldunak Denak Bat euskal etxea ere prozesu horretako partaide. 1919an Argentinara etorritako Primitivo Irigoyen Torrearen biloba den begi eta ile beltzeko emakume hau gustura dabil Argentinan zehar euskal kantuak banatu eta aireratzen, "sakonki" sentitzen baita euskaldun. "Barruan daramat, nirekin, berez azaleratzen zait euskaldun sentipena" diosku Arrecifes bertako euskaldunen beste ondorengo batekin ezkondu eta bere hurrengo belaunaldia ere euskal etxe barnean hazi duen artistak. Garrantzirik ere ez dio ematen 2000 eta 2004a bitartean Euskaldunak Denak Bat elkarteko lehendakari gisa egin zuen lanari, konpromiso horri "naturala eta ezinbestekoa" baiteritzo. "Zuzendaritza Batzordean egon ala ez euskal etxea beti baita gure etxea eta beti gaude eta edukiko gaitu laguntzeko prest, behar denerako", diosku sineste osoz.

Maralek bere azken CDa aurkeztu du, "Kantuak bazkalosterako".

-Hori du izenburua eta baita asmoa ere. Euskal kantu tradizionalen selekzio bat egin dugu, geure galbahetik pasa eta, euskal kantutegiko parte bilakatu diren beste kantu berriago batzuekin batera bilduta diskoratu ditugu. Euskaldunen kantatzeko joera miresgarri hori galtzen ari garela ohartu ginen, familiartean, bazkaldu ondoren, norberaren etxean edo euskal etxean, eta berreskuratzen saiatu behar genuela pentsatu. Lagunartean bapatean kantatzen hasteko euskal ohitura gorde eta sustatu nahi dugu, CD hau horretarako tresna baliagarria izan daitekeela pentsatuta, kantu horiek eta beste batzuk ikasi edo gogora ekarri ditzagun. Bizi garen munduan, batera eta bestera korrika ibiltzea dugu nagusi eta honakoa une egokia zirudien usadio hori berreskuratzen hasi eta gure erroekin konektatu eta garenarekin lotzen gaituzten molde horiekin bat egiteko.

Diskoa entzuteko eta gozatzeko da, baina aldi berean funtzio didaktiko nabari hori dauka.

-Hala da. Gaztetxo ginela kantatzen edo entzuten genituen kantuak hautatu ditugu, Ixil-Ixilik-en potpourritik, Egun da Santimamiña edo Andre Madalen tradizionalera. Nork ez du Dispora osoan ezagutzen Andre Madalen?... baina azken bolada batean ez genuen entzuten. Bertsionatu eta xinple-xinple ezarri ditugu, nahi duenak diskoa baliatuz kanta ditzan. Halaxe daude Maritxu nora zoaz, Bagare, Zenbat gera, Guk euskaraz, bilbainadaren bat, edota gure artean ereserki modukoa den Ikusi mendizaleak. Kantu horiek guztiak dituen diskoa euskal etxeetan bana dadin nahi dugu, hala nahi duten gazte zein helduek kantatu ahal izan ditzaten.

Joan den igandean aurkeztu zenuten 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian.

-Gogoangarria izan zen, gure uste guztiak gainditu zituen... Oholtza gainean guri emana zegoen publiko batekin kantatu eta batere konturatu gabe, eramandako ale guztiak agortu ziren. Oraindik ere email eta mezuak ari naiz jasotzen, igandean aurkezpenetik etxerako bidea, autoan diskoa entzuten egin eta izugarri gustatu zitzaiela esaten. Guretzat ez dago sari hoberik honelakoak entzutea baino.

Lan polita egiten duzue Argentinan euskal musikari leku bat ematen.

-Herrialde osoan ditugu jarraitzaileak. Euskal etxe askok deituta kantatzen dugu. Errepertorio argentinarra ere badaukagu, baina edonola ere entzulego erabat argentinarraren aurrean kantatzen dugunean ere, beti sartzen dugu euskal kantaren bat. Pentsatzen dut gauza ona dela euskal erreferentzia, eurak ere maite dezaketen kantu eder baten bidez eskuratu eta etxeratu ahal izatea. Lortu dugu hein batean, ari gara, eta Arrecifesen, esaterako, gure kantuetako pare bat normaltasunez eskaintzen dituzte irratietan, hemen gure marka daraman Lau Teilatu adibidez.

Denbora gutxi barru bisita egingo duzu Euskal Herrira.

-Laugarrena izango dut 2000. urtean nire aurreneko bidaia egin nuenetik. Maral moduan, 2008an izan nintzen Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Nazioarteko Eguna zela-eta Gasteizen kantatzera gonbidatuta. Baina gero, orain bi urte, ahizpa Estefaniarekin batera --turismoan lizenziatua da bera-- ostera prestatu genuen Euskal Herrira, 15 egun, gida moduan, Hego zein Iparraldeko hainbat leku eta bertako historiaren gainbegirada bat emanez euskal-argentinar talde bati. Arima duen herrialde bat aurkeztu nahi genien, euren arbasoen herrietara joan eta Argentinara etortzeko atzean utzi behar izan zuten baserria eta ingurua aurkeztuz, zenbait kasutan. Arrakastatsua izan zen, eta horregatik planteatu genuen bigarren bidaia hau, datorren irailean. Iaz ez zen posible izan egitea baina aurten bildu dugu dagoeneko taldea, Orotara 22raino izan gaitezke eta dagoeneko 17 pertsona baditugu, lakuren bat badago beraz libre. Aurrekoaren planteamendu bera izango du, eta Euskal Herriaz, bertako jendeez eta kulturaz bustitzea da asmoa.

Bestelako planak epe labur edo ertainera?

-Urte batzuk dira Maraleko lagunekin euskal eta argentinar musika, hango eta hemengo lagunak uztartuko lituzkeen proiektu bat daukagula. Poliki poliki disketxe bila gabiltza eta denbora kontua baino ez da.


-Marianarekin kontaktatzeko ikus Facebooken, Mariana Dominé Irigoyen
 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia