euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Teresa Vallet argentinarrak Ansalas-Aguirrebalzateguitarren zuhaitz genealogikoa sareratu du

2011/11/28

Blogaren irudia
Blogaren irudia

PUBLIZITATEA

Argentina bezala immigrazioak erakiak diren herrialdeetan oso diziplina preziatua da genealogia, eta famili ikerketa da hain zuzen Maria Teresa Vallet euskal-argentinarrak landu eta orain sarean ezarri berria duen emaitza. Vallet-ek birraiton-amonen aurreko eta ondorengoen datuak bildu eta sareratu ditu. Juan Braulio de Ansalas etxalartarrak eta Maria Francisca Aguirrebalzategui oñatiarrak sei seme-alaba izan zituzten Argentinan, hogeita bat biloba, eta hogeita hamabostetik gora birbiloba. Lan hori guztia eta familiari buruzko zenbait jakingarri topa ditzake irakurleak blogera sartutakoan.

Rosario, Argentina. “Argentinako beste hainbat familiatan bezala, gurean ere hainbat jatorri eta sorlekutako pertsonak nahasi ziren, eta beste askotan bezala ere euskaldunen adarra gailendu da besteen artean. Kari horretara eta gaur egungo familiako kideek gure iragana hobeto ezagut dezaten egin nuen eta plazaratu dut lan hau”, azaltzen du Maria Teresa Vallet-ek Ansalas-Aguirrebalzategui-tarren zuhaitz genealogikoa egiteko ideia nola sortu zitzaion galdetzerakoan.

Helburu horrekin 2006an hasi zen Maria Teresa Vallet Perego familiaren argazki, dokumentu eta mota askotako datuak biltzen. Bilketa lana 2010 amaieran bukatu zuen eta ondotik bloga osatzeari ekin zion. Dudarik ez du berak, sarean egoteak informazioa hedatzeko aukera berriak ekarriko dizkiola.

Etxalar eta Oñatiko jatorria

Lau atal nagusi dauzka webguneak. Kontaktuan jartzeko aukera emateaz aparte, Etxalar (Nafarroa) eta Oñati (Gipuzkoa) -- hurrenez-hurren birraitona-amonen sorlekuen -- historia laburra aurkezten du Vallet-ek. “Familia Actual” (Egungo familia) izeneko sarreran Ansalas-Aguirrebalzategui bikote euskaldunaren zuhaitz genealogikoa aurkezten du ikusgai. Blogaren azala edo lehenengo orria Mikel Ezkerroren hitz batzurekin edertzen du Vallet-ek.

“Orain Rosarion bizi naiz, eta bertoko Zazpirak Bat euskal etxeko kide", laburbiltzen du bere buruaren berri." Momentu honetan, gainera, bi azpibatzordetan nago, erakundearen mendeurrenaren jaia antolatze aldera”, kontatu dio blogaren egileak Euskalkultura.com-i. “Hala ere, eta lan handia egin arren oraindik ezin izan nizkien nire ikerketaren emaitzak Euskal Herriko familiakoei erakutsi. Gure arteko harremanak noizbehinkakoak dira eta eurak edadekoak dira oso”, azaltzen du Maria Teresa Vallet-ek.

“Bestalde, orain arte ez naiz Euskal Herrian izan, baina espero dut amets hori laster gauzatzea. Hala ere, nik omenaldia nahi nien gure arbasoei eta ikerketa eta blog hauekin uste dut helburua bete dudala”, aitortzen du Maria Teresa Vallet Perego euskal argentinarrak.

-Blogaren helbidea, http//ansalas-navarra.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia