euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mª Luisa Jauregui: 'Txikitan ez nuen nire familia nirekin izan, baina gero familia asko izan ditut bizitzan'

2011/02/07

Maria Luisa Jauregui “Euskaldunaren Hitza" irratsaioan
Maria Luisa Jauregui “Euskaldunaren Hitza" irratsaioan

PUBLIZITATEA

'Gerrako umeetako' bat da Maria Luisa Jauregui de Garmendia. Beste lau mila euskal haurrekin batera Bilbotik Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen 12 urterekin eta 21ekin Hego Ameriketara etortzea erabaki zuen. Argentinan, Rosario hirian hain zuzen, bere familia osatu eta gaur egun bi seme-alaba, sei biloba eta birbiloba bat ditu. “Bizitzako gertakariek pertsona ona edo gaiztoa bihur zaitzakete, batez ere erresuminagatik. Ni, ordea, gauza txar guztietan alde onak aurkitzen saiatu izan naiz”, kontatu zuen Jauregui andereak, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen “Euskaldunaren Hitza - Palabra de Vasco” irratsaioan egin zitzaion elkarrizketa hunkigarrian. Hona emakume euskaldun, kementsu eta baikor baten historia.

Rosario, Argentina. Zazpirak Bat Euskal Etxeak ekoizten duen “Euskaldunaren Hitza - Palabra de Vasco” irratsaioak gonbidaturik, Maria Luisa Jauregui de Garmendiak bere bizitzaren berri eman zuen solasaldi jatorrean. Laburregia geratu zen ordubeteko bileran, 85 urteko 'gerrako ume' honek bere historia kontatu zien Luis Maria Barrandeguy eta lagunei, eta programako entzuleei. 

“Den-denaz gogoratzen naiz. Aita hil egin zitzaigun, eta neba nagusia, Jose Luis, gudaria zen; Francoren soldaduak Gipuzkoara heldu zirenean, Bilbora ihes egin genuen, amak, Martxel neba txikiak eta hirurok. Martxel beldurrak airean egoten zen bonbardaketekin eta gauetan beste inor baino lehenago sartzen zen babeslekuan. Kezkatuta, amak medikuarengana eraman zuen eta medikuak esan zion laster itsasontzi bat abiatuko zela Ingalaterrara eta agian ongi legokeela, nebaren osasunagatik, Bilbotik alde egitea”.  Erritmo lasaiean, eta oraindik ere penintsulako gaztelaniako azentuarekin, Maria Luisa Jauregui bere bizitzako momentu garrantzitsuenak bilduz joan zen Rosarioko irratsaioan.

10 urte Ingalaterran

Herrialde askok hartu zituzten gerra zibilaren garaian Euskal Herriko umeak, Mexikok, Errusiak eta Frantziak, besteak beste. Maria Luisari Ingalaterrara joatea suertatu zitzaion. “Martxelek zazpi urte zituen eta nik 12 Habana itsasontzian sartu ginenean, beste lau mila ume euskaldunekin batera, 1937ko maiatzaren 20an. Nik ez nuen bidaia egin nahi, baina amak ez zuen neba bakarrik bidali nahi. Ingalaterrara iritsi eta berehala berrogeialdian jarri gintuzten ez zekitelako ze nolako gaixotasunik izan genezakeen”.

“Laguntza batzordeak sortu ziren Ingalaterrako hainbat hiritan haur euskaldunak jasotzeko. Herritarrek dirua ematen zuten etxe handiak alokatzeko eta etxe haietara bidaltzen gintuzten, 50 umek osatutako taldeetan”.

Denboraren poderioz, ume askoren gurasoak euren umeak etxera bueltatzeko eskatzen hasi ziren baina hori ez zen izan Maria Luisaren kasua. Bigarren Mundu Gerra hasi zenerako, Maria Luisak eta bere nebak ez zeukaten amarekin inongo kontakturik, neba nagusia preso zegoen Asturias-en; bigarren neba, Carlos, Frantziara joana zen eta Martxel-ek eta berak Ingalaterran geratu behar izan zuten.

Bizitza berria Argentinan

“Oso eskertuta nago ni nire familia ingelesarekin. Haiek hartu ninduten eta benetako familiakoa izan banintz bezala tratatu ninduten beti. Hala ere, Jose Luis anaiak bidalitako gutun batean esaten zidan bageneuzkala ahaideak Argentinan eta hona etortzea erabaki nuen. Ez nengoen oso ziur erabakiarekin baina Ingalaterrako familiako aitak esan zidan Europa suntsituta zegoela eta agian Argentinan hobeto egoteko aukera gehiago izango nituela”.

Argentinan, Josefa Garmendia, Maria Luisaren birramona zegoen eta bere etxeko ateak ireki zizkion. “Ni oso azkar moldatzen naiz egoera berrietara eta berehala ohitu nintzen herrialde berrira. 1947. urtean argentinaratu eta urtebete pasa ondoren ezkondu nintzen Carlos Garmendiarekin. Carlos eta biok lehengusuak ginen, baina Rosarioko apezpikuari garai hartako 90 peso ordaindu genizkion ez-ahaidetasun ziurtagiria lortzeko”, kontatzen du Jaureguik, oroimen eta barre artean. “Bi seme-alaba izan ditugu, sei biloba eta birbiloba bat. Eta oso emakume zoriontsua naiz”, aitortzen du.

Laurogeita bost urteko emakume honen bizitza ez da batere erraza izan; hala ere ez du inoiz amore eman. Aukeran hartuko ez zituen erabakiak hartzera behartu bazuten ere, bizitzak bidean jarri dizkion gauzei benetako balioa aurkitzen ikasi du. “Txikitan ez nuen nire familia nirekin izan, baina gero familia asko izan ditut. Nire neba Jose Luis hil zen baina kontaktuan nago Donostian bizi diren bere emazte eta seme-alabekin. Nire beste neben familiekin ere badut kontaktua, eta baita Ingalaterran hartu ninduen familiakoekin ere, nahiz eta odoleko ahaidetasunik ez izan, oso harreman estua baitaukagu”, azaltzen du Maria Luisak.

“Bizitzako gertakariek pertsona ona edo gaiztoa bihur zaitzakete. Erresuminak eta amorruak aldatu dezakete pertsona baten nortasuna. Ni gauza txar guztietan alde onak aurkitzen saiatu nintzen nire bizitza osoan. Bihotz handiko jendea izan dut beti nire ondoan eta horrek asko lagundu dit”, adierazten du Rosarioko eta mundu osoko euskaldunentzat eredugarri izan daitekeen emakumeak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia