euskal diaspora eta kultura
2012/04/27
PUBLIZITATEA
Mar de Ajo, Argentina. "Durangon jaio nintzen, apirilaren 21ean eta 102 urte izango ditut aurtengo apirilean [elkarrizketa hau apirila baino aste batzuk lehenago egina da]. Durangotik gerra ikusi nuen; nire etxea bonba batek jauzi zuen eta ni atera nintzen eskonbro artetik. Nire aita bonbardaketak hil zuen". Pasadizo honekin hasten da elkarrizketa Maria Luisa, 'Maritxu' Irazabal nongoa den galdetzen diogunean, ‘Durango’ izena gerrarekin lotuz, horrela izan beharko balu bezala. Eta berehala azaltzen du nola egin zuen alde Durangotik eta Euskaditik. “Bonbardaketa eta gero denok, ateratzeko, Durangotik Bilbora joan ginen. Bilbon bazegoen izen handiko medikua, Basurtuko ospitaleko nagusia, Justo Garate izenekoa. Bere emaztea Belgikan zegoen, Bruselan, lau umerekin eta ni Bilbon nengoela Periodico Euskadi-n enteratu zenenean etorri zitzaidan eta esan zidan: ‘Nahi duzu nire familiarekin Belgikara joan?’ eta nik: ‘Edozein tokitara. Gerra honetatik edozein tokitara, ez dut nahi hemen bizi’”.
[Maria Luisa Irazabal-ek bere burua aurkezten du (bideo eta elkarrizketa Teresa de Zavaleta)]
Sofrikarioak itxura asko har ditzake eta askotan fisikoarekin lotzen dugu. Maritxuk kontatutakoa, ordea, ez da odoltsua izan. Hala ere egoeraren ankerra hitz eta keinuetan azalaratzen da. “Nire ahizpa Ondarroan zegoen, eta Durango eta Ondarroa ez daude hain urrutik, baina gu elkartu ezinik geunden, Ondarroan Franco baitzegoen. Holaxe harrapatu ninduen gerrak. 26 urte nituen Belgikara joan nintzenean. Belgikan 27 egin nituen”, esaten digu bizkaiera jatorrean (ikus bideoak).
Narrazioa detaile ugariz dago beteta, Bordele aldera barku txiki batean joan zirela, Belgikara pasatu ahal izateko txertoak jarri zizkietela eta besoa handitu eginzitzaiola, eta sosik ez zutela. Batzuetan 'joan etorriak' ere tartekatzen zaizkio hariari kontaketan. “Garate familiaren alaba bi Mendozan daude, 80 urte gorakoak. Behin baino gehiagotan ikusi dugu elkar eta telefonoz ere hitz egiten dugu”.
Belgikatik Argentinara
Belgikako egonaldia ez zen luzea izan Argentinara etortzeko asmoa argi zeukan-eta Garate familiak. “Belgikatik Holandara, eta Holandan Alcyone baporea hartu genuen Buenos Airesera. Garate senideek dirua bidali zioten medikuari bidaiatu ahal izateko, baina haientzat, ez niretzat. Beraz ni polizon bezala etorri nintzen. Kapitanak esan zidan ‘nik eramango zaitut, eta Argentinara joaten zarenean ordainduko duzu’. Zergatik Argentinara? Hemen baitzeuden Garate andrearen bi neba. Kirolariak ziren, saski baloian jokatzen zuten eta ospetsuak ziren. Buenos Airesera heltzean, Madrid Hotelean geratu ginen Mayo etorbidean. Hotel handia zen. Medikua eta nagusia lagunak zirenez, lekua eman zigun”.
Etorkin askorentzat bezala, Buenos Aires pasabidea baino ez zen izan. Egun batzuk geroago eta Justo Garate sendagileak La Plata hirian bere titulua berresten zuen bitartean, Maria Luisa eta Garateren familia Jujuy-ko La Quicara joan ziren. Hiru hilabete igaro zuten Argentinako iparraldean eta ondoren Necocheara abiatu ziren. Baina Necochea ez zen familiaren gustukoa izan eta azkenean Tandilen kokatu zen Garate sendia , Buenos Aires probintzia hegoaldean.
Tandileko garaia
“Tandilen hasi ginen. Lehenengo hotel batean, Benitorena izena zuena. Gero medikuak bilatu zuen non jarri bere kontsulta. Hasi ginen lanean eta kanpotik etortzen zen jendea. Nola euskalduna zen medikua kanpoko jende asko etortzen zen. Oilaskoak, esnea, arroza, gauza guzti hauekin ordaintzen zuten. Ni nire uniforme zuriarekin atean hartzen nituen nire salan. Zortzi urte eman nituen Garate familiarekin”, kontatzen du emakume durangarrak.
Norbaiti arraroa egingo zaio entzutea duela hirurogei edo laurogei urte Buenos Aireseko herrietan euskara entzuten zela. Liburu edo aldizkarietan maiz irakurtitako datua da. Maritxu Irazabalek horren lekukotasuna ematen digu, bera ere hala mintzo baitzen bertan ugari ziren euskaldunekin. Senarra ere euskaraz ezagutu zuen, Argentinan. “Garai hartan nik medikuaren seme-alabak plazara eramaten nituen eta egun batean gero nire senarra izango zenak entzun zigun guri euskaraz eta hurbildu zitzaigun. ‘Zuk euskaraz hitz egiten duzu? Ni Oriokoa naiz’, ‘Ni Durangokoa’ esan nion nik. Berak gipuzkeraz egiten zuen eta nik bizkaitarrez”, euskalkiak ez ziren batere oztopo izan eta urtebete pasa eta gero Maria Luisa eta Tomas ezkondu egin ziren.
Mar de Ajo-ra ezkondu
Bikotea Buenos Aireseko Cordoba kaleko Nuestra Señora del Vallen ezkondu eta kostaldean kokatu ziren, Mar de Ajó herrian hain zuzen. Hiru seme-alaba eduki zituzten: Amaia, Jose Antonio eta Maria Teresa. “Hirurak batxilerrak izan ziren; Jose Antoniok Euskal Echea institutuan ikasi zuen apopilo eta neskak San Clemente-ko Inmaculada Concepción Eskolan”.
Urteak poliki joan dira geroztik, eta hirurogeita hamar bat joan dira Mar de Ajó-n finkatu zirenetik. Maritxuren memoriak indarrean segitzen du, duen adinerako modu mirakulutsi batean. Are gehiago, pasadizoak bururatzen zaizkio Maria Luisari bata bestearen atzetik. Seme-alabek eskolan izandako arazoak euskaraz hitz egiteagatik, senarrak lantegian izandako istripua, eta ‘Cafetal’ Kafetegiaren Mar de Ajó-ko sukurtsala hartu zuenekoa.
Baina oroitzapen zaharragoek ere badute lekua ehun urteko memorio horretan: “Ni txikitan ikastolara joaten nintzen eta ikastolan denetik ikasi nuen eta euskaraz. Ama oso txikia nintzenean hil zitzaigun. Gu, lau ahizpok, elkarrekin lo egiten genuen ohe handi batean. Bi txikiak hil ziren. Gure aitak janaria prestatzen zien gudariei eta nik laguntzen nion”.
[Maria Luisa Irazabal-ek ‘Gernikako Arbola’ abesten du (bideo eta elkarrizketa Teresa de Zavaleta]
Sortu diren lekutik urrun bizi direnek, tartean Diasporako euskaldunek, atzean utzi zutena ere bizipen edo oroitzapen dute sarritan. Eta ez da beti pozgarria izaten: “Ahizpa orain Galdakaoko ospitalean dago, 99 urte ditu eta ez dago ondo burutik, baina badakizu zer esaten zidan? ‘Ai, Maritxu, zergatik joan zara Argentinara, zuk nirekin egon behar zenuen hemen’. Beti penarekin, biak bakarrik gelditu ginelako eta asko maite genuen elkar. Baina beno, gauzak Jaungoikoak berak daki nola jartzen dituen eta zer egin behar dugun.
Maria Luisa bi aldiz joan zen atzera Euskal Herrira eta sorterri suntsitua berreraikitzen ikusi ahal izan zuen. Gizartearen aldaketa ere sumatu zuen eta Durangoko hondakinetik bizirik atera zen emakumeak denborak eraginiko aldaketez burura datorkiona ere komentatzen dizkigu: “Uste dut orain pixka bat gehiago ulertzen ari dela, baina hala era, gazteek beste modu bat dute orain. Ni joan nintzen (Euskal Herrira) 1973 eta 1980 urteetan eta ez nuen sentitu bihotzean izan behar zutena, guk geneukana gu geu ginenean…” adierazten du Maritxuk esaldiak bukatu gabe utzita… “Frontera, Anbotora joaten ziren unibertsalei janaria prestatzen nienean… Berriro joan nintzenean Bizkaiko mendiak ikusi nituen baina ez zen gauza bera izan. Jendea ere ezberdina zen. Gu benetakoagoak ginen”.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus