euskal diaspora eta kultura
2011/05/10
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. “Puerto Madrynera heldu nintzenean hemengo euskal kolektibitatearen egoera, Maipu edo Mar del Platakoa konparatuz, erabat ezberdina zela ohartu nintzen”, kontatu digu Maipu-ko Anaitasuna Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen Maria Julia Ercorecak. “Puerto Madryn-en euskal jatorrizko jende mordoa dago, baina kasu gehienetan euskaldunen bilobak edo birbilobak dira eta, beraz, Euskal Herriarekin dagoen kontaktua, baldin badago, oso ahula da. Nik zerbait antolatzeko gogo handia nuen baina banekien kontzientzizatzeko lan handia egin behar zela. Euskal etxe bat sortzeko jendeak Euskal Herria maite behar du, bestela ez du sentidurik”, adierazi du Ercorecak.
Lan handia, bai, baina, ezinezkoa ez. “Euskal etxe baten hazia eta etorkizuna bere dantza taldean dagoela pentsatuz 2007an hasi nintzen jendeari deitzen dantza talde bar osatzeko eta oso erantzun ona jaso nuen. Oso denbora gutxian neska-mutil talde polit bat nuen dantzekin hasteko”, gogoratzen du Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko dantza taldean ere aritu zenak. “Ilusioak indar handia du, dudarik gabe, eta berehala jende gehiago hurbildu zitzaigun. 2008an egin genuen Aralarko San Migel-en jaiak izugarrizko arrakasta izan zuen”, gogoratzen du.
[Euskal etxeko dantzariek Aurreskua egin zuten joan den apirilaren 30an burutu zen bileran]
“Ez genuen presarik, hori dela eta itxaron dugu orain arte instituzioaren egoera formalizatzeko. Beste alde batetik, Bahia Blanca eta Mar del Platako euskal asteetan izan genuen partaidetzak eragin handia izan zuen euskal etxeko kideengan. Euskal astean sortzen den giroa sentitu ondoren, geure euskal etxea sortzeko momentua zela erabaki genuen”, aitortzen du Ercorecak.
'Etorritakoengatik' euskal etxearen sorrera
Hiru urtez egindako lana erakundearen oinarri bihurtu da eta joan den apirilaren 30an 'Etorritakoengatik' euskal etxearen sorrera-agiria irakurri zuten bazkideek zeremonia hunkigarri batean. Euskal Etxeko lehenengo zuzendaritza batzordea ere osatu zen eta denborarik galdu gabe batzordeak bere lehenengo bilera egin zuen pasa den astean. “Eman duguna urrats txiki bat baino ez da. Hemendik aurrera, orain arte bezala, lanean jarraitu beharko dugu euskal etxearen muinari eusteko. Hau da benetako erronka”, adierazi du euskal etxe berriaren lehendakariak.
Datozen hilabeteetan gauzatuko diren ekintzen egitarauaren berri eman dute 'Etorritakoengatik' euskal etxeko kideek. Ekainean, tripakiak prestatuko dituzte lagunen artean konpartitzeko. Irailean euskal etxearen inaugurazio jaia egingo da eta 2008an bezala Aralarko San Migel-en jaia ospatuko da.
['Etorritakoengatik' euskal etxeko zuzendaritza batzordea]
'Etorritakoengatik' euskal etxeko batzordea:
-Lehendakari: Maria Julia Ercoreca Ibargurengoitia
-Lehendakariorde: Andres Elorriaga Odriozola
-Idazkari: Liliana Martin
-Idazkariorde: Diana LLeonart Alberdi
-Diruzain: Gladis Olazabal Mariezcurrena
-Diruzainorde: Graciela Erro
-Batzordekide titularra: Carlos Rodolfo Aristarain
-Batzordekide titularra: Nicolas Alberto Fagoaga
-Batzordekide titularra: Candelaria Iramain
-Batzordekide ordezkoa: Eva Odriozola Taborda
-Batzordekide ordezkoa: Gustavo Esquercia
-Batzordekide ordezkoa: Julieta Esquercia
-Kontu ikuskatzaile titularra: Adolfo Castellino Alsua
-Kontu ikuskatzaile titularra: Pedro Anibal Iriarte Altuve
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus