Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxearen bultzatzaile nagusia eta sortzaileetako bat izan zen Maria Julia Ercoreca, lehenengo lehendakaria eta pertsona gakoa elkartea zein elkarteko dantza taldea arimaduna eta sustrai sendoduna sortzen. Tupustean eta gazterik joan zen, eta erakundea nola jaio zen gogoratzean, Maritaren alde egin zuten topa Puerto Madryngo Euskal Etxeko lagunek brindis hunkigarri batean.
Puerto Madryn, Argentina. Chubut probintziako kostaldean kokatuta, Buenos Aires hiriburutik1400 kilometrora, Patagoniako hiri turistikoenetako bat da Puerto Madryn. Urtero milaka bidaiari iristen dira Valdez penintsulara baleak begiztatzera.
Argentinako beste hainbat hiritan bezala, etorkinen presentzia eta lana funtsezkoa izan ziren hiriaren sorreran, tartean euskaldunena. Baina nahiz eta euskal jatorriko immigrante ugari egon, hamarkada honen hasierara arte ez ziren Etorritakoengatik euskal etxera bildu. Marita Ercorecak markatu zuen diferentzia, egoera aldatu egin baitzen Maria Julia Ercoreca, hirira iritsi zenean Buenos Aires probintziako Maiputik, berak eman baitzituen euskal etxea berria abiatzeko urratsak: konpromiso handiko jendea bildu eta dantza talde baten ‘haziak’ landatu zituen. Bi zutabe hauek sendotu zirenean, Etorritakoengatik Euskal Etxea sortu zen Puerto Madrynen, nahiz eta denbora laburrez ikusiko zuen, tupustean hil baitzen.
Sei urte hauetan euskal gizataldearen ordezkari den instituzioa lanean aritu da hiriko kultur eta gastronomia ekitaldietan; eta hiriko euskaldunen ordezkaritza eraman du Euskal Etxeak euskal kolektibitatearen ekitaldietara, tartean Euskal Aste Nazionalera eta Patagoniako Euskal Etxeen Topaketetara.
Seigarren urteurrena
Berrogeita hamar bat lagun bildu ziren maiatzaren 12an Apuntadores Marítimos aretoan, Etorritakoengatik-en 6. urteurren jaia ospatzeko. Menua Euskal Etxeko sukaldarien esku egon zen: mota ugaritako pintxoak, dilistak euskal erara eta postrea. Argentinako banderaren eta ikurrinaren itxura zeuzkaten tartak ere prestatu zituzten lagunen artean partekatzeko.
Zeremoniari hasiera emateko Aurreskua dantzatu zion Miriam Zabala dantzariak Carlos Aristarain elkarteko lehendakariari. Afariaren baitan brindisa proposatu zuen Batzordeak Maria Julia Ercorecaren omenez. “Maritaren oroimenaren alde egin genuen topo bera izan zelako erakunde honen oinarriak jarri zituena”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Euskal Etxetik.
Eta Maria Juliak utzitako etxekolanei dagokienez, bi betebehar izango ditu taldeak datozen asteetan, herriko hitzordu garrantzitsuetan euskal gizataldearen ordezkari izate lanetan: Maiatzaren 25ean hiriaren ekitaldi ofizialetan ordezkatuko du euskal gizataldea. Ekainaren 23tik 25era, berriz, Euskal Herriko mokadurik tipikoenak aurkeztuko dituzte ‘Madryn Platerean’ jaialdiko 10. edizioan.