euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Julia Ercoreca, Puerto Madryn: 'Euskal Etxe baten hazia eta etorkizuna bere dantza taldean datzate'

2007/06/15

Maria Julia Ercoreca Egunabar taldeko dantzariekin Maipuko Euskal Etxearen 20. urteurrenean (1996ko abendua). Ercorecaren agurra izan zen erakustaldi hura (argazkia MJErcoreca)
Maria Julia Ercoreca Egunabar taldeko dantzariekin Maipuko Euskal Etxearen 20. urteurrenean (1996ko abendua). Ercorecaren agurra izan zen erakustaldi hura (argazkia MJErcoreca)

PUBLIZITATEA

Maipú-ko Anaitasuna Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen, eta bertako dantza taldeko zuzendaria; are gehiago, iraultza moduko bat bultzatu zuen 80. hamarkadan dantza talde euskal argentinarren molde eta errepertorioan. Euskal Etxeetako dantza taldeen artean aski ezaguna izan da Maria Julia Ercoreca. 1996ean Puerto Madrynera bizitzera etorri zen eta egun bertan zabala den euskal komunitatearekin dihardu lanean, euskal etxe bat sortu nahian. Datorren urrirako deitu ditu lehenengo bilkurak. Abentura honetan parte hartu nahi duen orori luzatzen dio bertaratzeko gonbitea.
María Julia Ercoreca txikitatik hasi zen dantzan, baina Maiputik Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeraino joan behar izaten zuen horretarako. 1975ean, 22 urte zituela, bere lehen bidaia egin zuen Euskal Herrira eta horrek bizitza aldatu zion. Maipuko neska harek bere aitaren aldeko aitona-amonen baserria bisitatu zuen Euskal Herrian, Bermeoko lehengusuak ezagutu zituen eta amaren aldeko aiton-amonak ere ezagutu zituen Mungian. Gainera, euskal dantza taldeak zuzenean ikusteko aukera izan zuen. Liluratuta geratu zen haien dantza, musika eta jantziekin. Argentinan sekula ikusi gabe zituen horrelako dantza moldeak.

Bidaia gogoratzean, Ercorecak garai hartan Argentinan 8 dantza talde bakarrik zeudela azaltzen du. Dantza tradizional jakin batzuk baino ez omen zituzten dantzatzen: Ezpata dantza, Aralarreko San Migel, Maskarada xuberotarra, Arku dantza, Fandangoa, Suite eta Dagas. Euskal Herrian bizi eta ikasitakoaren indarrarekin Ercoreca Maipura bueltatu zen, Euskal Etxe bat sortzeko asmoarekin. Mar del Platako Euskal Etxearen babes osoa izan zuen, batez ere José Mari Echeverria dantzari eta txistulariarena eta Héctor Boubee dantza taldeko zuzendariarena. Euren laguntzarekin Maipuko jendeari euskal etxe bat zer zen eta zertarako balio zuen azaldu zioten.

Maipuko Anaitasunaren sorrera

Horrela sortu zen 1976ko maiatzaren 9an Maipuko Anaitasuna Euskal Etxea, barnean jadanik dantza taldeak antolatuak zituela: txiki, gazte eta nagusienak. Hurrengo urteetan indar handiz hazi zen eta 1978ko Euskal Astea bertan antolatzeko gauza izan ziren. Dantza taldea Argentinako handiena bihurtu zen eta 200 dantzaritik gora biltzera heldu zen. Ercorecak laguntzaile garrantzitsuak izan zituen alboan: Luis María Iriberrik gizonezkoen dantzen entsaioak zuzentzen zituen eta aita Iñaki de Azpiazuren laguntzari esker Maria Juliak Euskal Herrian dantza ikasten jarraitu ahal izan zuen, Euskal Etxeak lagunduta. Horrela berea, zubilana bihurtu zen Euskal Herriko eta Argentinako kultur transmisioan. [Ezkerreko irudian, María Julia Ercoreca bere senar Nicolás Alberto Fagoagarekin eta Egunabar taldearekin, Maipun egin zen lehenengo festan, 1976ean (argazkia MJErcoreca)].

Hurrengo bidaietan (1979, 1982 eta 1987) Donostiako Argia, Kresala eta Goizaldi taldeekin ikasi zuen eta dantza, musika, instrumentu eta jantzi berriak ekarri zituen Argentinara, bertako dantza taldeetan modernizazio garrantzitsua bultzatuz. Maipuko Egunabar taldeari ez ezik, Ercorecak Argentinako beste dantza taldeei erakutsi zien Euskal Herrian ikasitakoa, euskal etxe desberdinetan klaseak emanez eta aholkua eskatzen zietenei dantza, musika edo jantziak berritzen lagunduz.

Euskal Etxea sortu nahian Puerto Madryn-en

Egun Puerto Madrynen bizi da Ercoreca, Chubut probintzian, eta BasqueHeritage.com-i azaldu dionez 'han bizi den euskal komunitatea antolatzeko gogo eta kemenez gainezka' dabil. Euskal etxe bat sortzearen abentura gertutik ezagutzen du eta lan nekeza dela onartzen du, baina dagoeneko Puerto Madryneko euskaldunekin biltzeko ekimena martxan jarri du eta dantzari txikien talde bati lehengo klaseak ematen ari da.

'Euskal Etxe baten hazia eta etorkizuna bere dantza taldean datzate', segurtatzen du. 'Nik argi ikusten dut: Egunabarreko nagusien lehen taldea osatu zuten dantzariak dira gaur egun nire Maipuko Euskal Etxe maitea gidatzen duten helduak'. Hori dela eta Ercorecak berriz ere abarkak jantzi eta Puerto Madryneko euskal etxea sortzeko bilerak antolatzea erabaki du. Datorren urrirako da deialdia eta abentura honetan parte hartu nahi duen Puerto Madryneko hiritar orori zuzendua dago gonbidapena. Parte hartu edo, besterik gabe, xehetasun gehiago nahi duenak, hona idatz dezake.


Lotura interesgarriak

Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 30. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 23an

Dantzan, euskal dantzari buruzko web gunea
www.dantzan.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia