euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Julia Ercoreca gogoan garatu dira atzo arte Necochean 2011eko Euskal Asteko ekitaldiak

2011/11/14

Necocheako Euzko Etxearen sarrera joan den larunbatean, herriko kaleak ibili zituen kalejira herrikoia hasi aurretik (argazkia EuskalKultura.com)
Necocheako Euzko Etxearen sarrera joan den larunbatean, herriko kaleak ibili zituen kalejira herrikoia hasi aurretik (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Egun Argentinako euskal etxeetan ari diren hainbatentzat irakasle eta laguna zen Maria Julia Ercorecarekiko oroitzapenak markatu du atzo igandez Necochean bukatu berria den 2011ko Euskal Aste Nazional Argentinarra. Astean zehar hamaika ekimen garatu dira, hala nola erakusketak, film emanaldi eta saio eta dastaldi gastronomikoak, eta baita ere euskal dantza garaikide erakustaldiak --Aukeran taldearen eskutik--, Necocheako ohiko danborrada donostiarra, dantza taldeen emanaldiak, FEVAren bilera, euskal liburutegien eta zuzendarien bilkurak, herri jolas eta kirol saioak, kalejirak --buruhandi eta erraldoiekin--, dantzaldiak --Drindots taldearekin--, abesbatzen emanaldiak, eta abar. Larunbat gaueko emanaldian hogeita hamar dantza talde aurkeztu ziren herrialde osotik etorriak. Gaurko sarrera-artikuluaren ondotik, datozen egunotan ohiko argazki-kronika eskainiko du EuskalKultura.com-ek Argentinako Euskal Asteari buruz.

Necochea, Argentina. Une hunkigarriak eta sentimentu sakon azaleratuak, joan den abuztuaren 10ean hildako Maria Julia Ercoreca laguna eta irakaslea gogoratzerakoan: egun bizileku zuen Puerto Madryn-en dantza talde eta euskal etxe berria abiatuak zituen eta ahalegin horren erdian heriotzak harrapatutako emakume maitakor, irribarretsu, eraginkor eta euskaltzale handiaren gomutak Necocheako 2011eko Euskal Argentinar Aste Nazional honetara etorritakoak oro hunkitu ditu, hain izan baita handia bertan izan duen presentzia, lagun eta ikasle-ohien gogo eta begi-bihotzetan, eta doaike oinordeko dituen eta berak ereindako haziari segida duina ematen umezurtz baina deliberazio eta azkardura handiz saiatzen ari diren Madryn-eko 'Etorritakoengandik' Euskal Etxeko kideen artean, bertako presidentetza hartzeko gonbiteari azkenean baiezkoa eman eta berarentzat zeregin zinez berri duen hau Maria Juliari eskainitako azken maitasun seinale eta erronka gisa hartua duen Nicolas Fagoaga 'Cachin' bere alargunarentzat.

Espero zen gisan, berez Necocheako 'Centro Basko Argentino Euzko Etxea' izena daraman euskal elkartearen egoitza eta instalazio zabalek jende andana bildu zuten Euskal Astearen zazpi eguneko programak deiturik, jenderik gehiena, ohi denez, ostiral, larunbat eta igandez inguratu zelarik Argentinako euskal gizataldearen urteko hitzordu nagusia den honetan.

Euskal Herriko ordezkaritza artistikoa...

Euskal Herritik, dantzari eta musikariak necochearatu ziren antolatzaileek gonbidaturik: euskal dantza garaikidea lantzen duen Aukeran taldea, batetik, Necochean duela 16 urtedanik ezagutzen duten Edu Muruamendiaraz zuzendaria buru. Antolatzaileek, ikusleek eta bertaratu ziren guztiek txalo-zaparradez hartu zituzten Aukerak-en ikuskizunak, eta eurak ere hala eskertu zuten, euren artea eta sormen-lanak eskuzabalki plazaratuz, sinbiosi ona eginez.

Eta musikari gisa, ostiral eta larunbateko berbenak girotzeko, Drindots talde lazkaotarra bildu zen, Jon Urdangarin kantari eta irakaslea buru. Izan ere, eremu hauetan, bere 'beste alorrean, euskara-irakasle gisa ezagutzen zuten gehienbat Urdangarin, eta oraingoan musikari gisa bertaratu da. Oso ongi moldatu zaizkio publikoari eta kanpotarren artean, bat baino gehiago harritu da taldeak jotzen zituen euskal kantuak bertako gazteek hitzak buruz kantatuz segitzen zituztelarik.

..instituzionala eta oinezko herritarrena

Europatik etorria, baita ere, ordezkaritza instituzionala, Julian Celaya Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria buru, Kanpo Harremanetarako teknikarietako bat, Andoni Martin, lagun; Buenos Airesen bildu zaie Elvira Kortajarena, Argentina eta Mercosurrerako Euskadiko Ordezkaria. Baziren, bestalde, euren kasa bidaiatutako euskaldun solte batzuk, tartean aurreko gobernuan Gizataldeetako zuzendaria izandako Josu Legarreta --inguruan dagoen Tandilgo euskal etxean hitzaldia eman zuen ostiralean--; Necocheara bertako Hator Hona programarekin aurreko urteetan sartutako gazteak, edota Floren Aoiz bera, Argentinako zenbait euskal etxe eta inguruetan bira egiten ari baita hitzaldiak emateko gonbidatuta, trikitixa ere bizkarrean; edota Josu Tellabide Donostiako tokiko historian espezialdutako idazlea, emaztearekin oporretan hona ia kointzidentziaz etorria, danborrada jotzeko Gaztelubideko talde donostiarrarekin helduta, ondoren bidaia euren kasa segitzeko Argentinan iparraldera.

Asteari atzo ipini zitzaion amaiera ofiziala Necocheako Eskola Daniarreko polikiroldegian eginiko bazkariarekin, 900 pertsona partaide, zazpi egunetan zehar eguraldi aldetik zein jende-giro aldetik berotasun atsegina lortu ondoren programako ekitaldi guztietan.

'Maria Julia Ercoreca' emanaldia

Astean zehar programapean egin ziren ekitaldien artean aipa daitezke, asteartean, Roberto Arizmendiren 'Gora Vasco (milonga de temple y carretilla)' filmaren emanaldia, Guillermo Larregui izan zenari buruz; asteazkenean, euskal sukaldaritza saio eta erakustaldia, 'Pilpileando Argentina' ekimena aurkeztuz, Itziar Aguirre sukaldariaren eskutik; ostegunean, Cesar Arrondoren hitzaldia 'Euskal Nazioa'z eta Aukeran taldearen ordu laurdeneko emanaldi bat, biharamunean eman behar zutenaren aurre-aurkezpen, eta sagardotegi-gaua, euskal etxeko aretoan sagardotegi-menua zerbitzatuz, Bereziartua sagardo botilaratua barne; ostegunean, joko eta jolasak hondartzan, abesbatz emanaldia eta, gauez, Aukeran-ek aurkeztuta, 'Gernika' ikuskizuna Paris antzokian, eta ondoren, euskal etxean, berbena Drindotsen eskutik.

Larunbatean, FEVAren bilera, euskal liburutegien eta euskara bilera eta zuzendariena, danborrada --aspaldi jotzen da hemen, urtero, urtarrilean, danborrada donostiar erara, Euskal Aste honetan Juanmari Abad eta Donostiako Gaztelubideko jende multzo bat ere partaide--, kalejira Necocheako kaleetan --buruhandi eta erraldoiak eta zenbait trikitilari eta txistulari ibilbidea girotzen-- eta 'Maria Julia Ercoreca' dantza-emanaldia --2011 honetan izen hau ezarri zaio Euskal Aste guztietan emanaldi nagusia den larunbat iluntzekoari, herrialde osotik etorritako dantza taldeek parte hartzen duten elkarretaratzeari--, aurten Argentina osotik etorritako hogeita hamar bat talde izan dituela partaide, eguna Drindotsen musikak alaituriko berbena berri batekin amaitzeko.

Amaiera ekitaldia eta sari banaketa

Azkenik, igandeko saioa Karmengo elizan eginiko meza batek abiatu zuen, euskal abesbatz musika barne. Ondoren kanpoaldean, danborrada jo zen eta Aukeran taldekoek Sarriegiren musikan oinarritutako dantza bat dantzatu zuten danborrada garatzen ari zela, donostiar omenaldi gisa, aurreko egunean egin bezala; ondoren lore-eskaintza egin zitzaion inguruan dagoen Gernikako Arbolaren kimuari eta Euskal Astean parte hartutako dantzari taldeen alardea egin zen. Goizari, egunari eta Asteari amaiera emanez, herri bazkaria egin zen, bederatziegun bat ertsona partaide Daniar Eskolaren polikiroldegian, bazkarian zehar FEVAren lehiaketen sari banaketa egin zelarik, gonbidatu etorritakoei beste opari batzuk banatzearekin batera.

-Artikulu honen osagarri, EuskalKultura.com-ek Necocheako Euskal Asteari buruzko argazki-kronika artikulu sorta bat argitaratzeari ekingo dio bihar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia