Montevideo, Uruguai. Milaka lagun bildu ziren 1994ko abuztuaren 24an, Montevideoko Filtro ospitalaren inguruan, Uruguain bizi ziren hiru euskal iheslariri euren elkartasuna adierazteko, Espainiako agintariek haien estradizioa eskatu ondoren. Poliziak manifestariak erreprimitu eta bi lagun hil zituen, Fernando Morroni eta Roberto Facal. Zaurituak ehunka izan ziren. Gertaera larri hau jorratuko du abuztuaren 31an Montevideon Maria Goiricelaya bilbotarrak estreinatuko duen Filtro antzezlanak. Lanaren estreinaldiak ikusmina sortu du euskal gizataldearen baitan, Euskal Erria Euskal Etxeko lehendakari Paola Rosano Ampok EuskalKultura.eus-i azaldu dionez.
Antzezlana abuztuaren 31tik irailaren 15era eskainiko da Montevideoko Verdi Aretoan eta 2025eko martxoaren 20an iritsiko Donostiara, hiriko dFeria-Arte Eszenikoen Feria-ra
Gidoiaren abiapuntua Julio Cesar Pariss idazlearen “¿Qué fue de ellos? El enigma de los etarras en Uruguay” liburua izan bazen ere, irakurlan handia egin zuen Goiricelayak istorioa “beharrezko errespetu eta distantziarekin” kontatu ahal izateko, aitortu dio egileak La Diaria Cultura egunkari uruguaitarrari. Eta nahiz eta gidoilaria Euskal Herriko euskalduna izan, antzezleak Marcos Valls, Agustín Urrutia, Camila Parard eta Luis Pazos akore uruguaitarrak izango dira.
‘Filtro’ Montevideoko Verdi Aretoan ikusi ahal izango da abuztuaren 31tik irailaren 15era arte. Datorren urtean, berriz, Donostian aurkeztuko dute hiriko Arte Eszenikoen Feria-dFerian martxoaren 20tik aurrera. Kontuan izan dezagun Filtro antzezlana Montevideoko ‘Verdi Aretoa’ren eta Bilboko ‘La Dramática Errante’ Konpainiaren arteko koprodukzioa dela eta Montevideoko Departamentuko Batzarraren babesa duela, Montevideoko eta Durangoko Udalek duten kultur lankidetza hitzarmenaren baitan. Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeak ere lagunduko du zuzendarien egonaldian. Argibide gehiago, hemen.