euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Elena Etcheverry Argentinako euskaldunen herriminaz aritu zen, haien abesti eta poesiak aztertuz

2007/05/09

Maria Elena Etcheverryk Eusketxen eman zuen mintzaldia (argazkia BasqueHeritage.com)
Maria Elena Etcheverryk Eusketxen eman zuen mintzaldia (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Arrakastaz bukatu zen apirilaren 27an 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketak Eusketxen, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean, eman duen denbora tartea. Apiril osoan izan da ikusgai Argentinako euskaldunen historian zehar eginiko ibilbide sakona eta hunkigarria eskaintzen duen erakusketa. Eusketxek, gainera, mintzaldi eta ekitaldi osagarriak antolatu ditu erakusketa dela eta. Horietako bat Maria Elena Etcheverryk eman zuen mintzaldia. Bertan, abesti eta poesiak oinarri hartuta Argentinako euskaldunek sentitzen zuten herrimina aztertu zuen.
Eusko Kultur Etxeak apirilaren 27an bukatu zuen Mexico 1880ko bere egoitzan hilabete osoan ikusgai izan zuen 'Euskal aztarna Argentinan' erakusketa. Arrakastatsua izan da erakusketa eta bere inguruan antolaturiko ekitaldi eta mintzaldiek ere lagun asko bildu zituzten. Ekitaldi horietariko bat izan zen Maria Elena Etcheverry-k eskaini zuen mintzaldi-tailerra. 'Euskal emigrazioa: bere ondorio sozialak eta eragina iritzi publikoan. Begirada bat euskal musika eta poesia herrikoitik' izenburua hartu zuen mintzaldiak, eta bertan euskal kantu eta poesien lerroetan irakur daitekeen herrimina aztertu zuten.

'Badago Ameriketara etortzeko gogoa, baina honek ez du esan nahi herrimin sentimendua gogorra ez denik. Familia zatitu, lagunminak utzi, bidaia ondo joango ote den jakin gabe... familia berriz ikusiko ote duen ez dakienaren sentipenak esperientzia oso gogorrak dira, mingarriak oso. Kasu gehienetan ez daukagu erbestera joan behar izan zutenen samin horren testigantza zuzenik. Hala ere sentipen horien arrastoa aurki daiteke euskal musika eta poesian', azaldu zuen Etcheverryk.

Mintzaldian Etcheverryk euskal poesia eta abestien testuak hartu zituen oinarri, besteak beste Ameriketara joan nintzan, Adio Euskal Herriari edota Nere herriko gazteei. Bere esanetan, bertan badago hainbat sentipen aurkitzeko aukera: galerak eragindako samina, esperientzia berriak sortarazten duen beldurra, etorkizuna eraiki nahia eta bizitza sorterrian bukatzeko desioa, adibidez. [Ezkerreko irudian Maria Elena Etcheverry 'Euskal aztarna Argentinan' erakusketa dela eta eman zuen mintzaldiaren une bat (argazkia BasqueHeritage.com)]


Lotura interesgarriak

'Euskal aztarna Argentinan' erakusketa Eusketxen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 23an

Argentinako euskaldunei buruzko erakusketaren inaugurazioa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko martxoaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia