euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Dina Antonini artista plastikoaren 'Donostiako olatuak' erakusketa ikusgai Baireseko Eusketxe Arte Galerian

2007/10/20

Dina Antonini margolaria bere lan baten onodan eginiko argazkian, Mexiko kaleko  Eusketxe¡ galerian
Dina Antonini margolaria bere lan baten onodan eginiko argazkian, Mexiko kaleko Eusketxe¡ galerian

PUBLIZITATEA

'Euskal Herrian haizea itsasoarekin mintzatzen da oso modu berezian'. Honela deskribatzen ditu bere margolanak Maria Dina Antoninik. Urriaren 10az geroztik Eusko Kultur Etxeko Artea Galerian 'Donostiako olatuak' izeneko erakusketa du ikusgai argentinar margolariak. Egun, Euskaltzaleak-eko euskara ikaslea ere bada Maria Dina eta honela azaltzen du bere arbasoen hizkuntza eta artelanen arteko erlazioa: 'euskararen sekretuak ezagutzen joateak nire amaren aldeko euskal senitartekoengana hurbiltzeko aukera ematen dit. Sorron familia dira beraiek eta hain juxtu Zurriola hondartzaren parean bizi dira, munduko bazter miresgarri horretan. Egunero ikusten dituzte honako olatu hauek'.
Indarrean dagoen 2007. urteko sasoin edo epe honetan euren emaitza eta margolanak erakusteko aukera eman die Eusketxek hainbat artistei. Oraingoan Maria Dina Antoniniren txanda izan da, Buenos Aires probintziako Bernal hirian duela 41 urte jaio zen artista plastikoa. Aldo Severi margolari famatuaren ikasle izan zen Maria Dina eta Patricia Delmar, Oscar Serra eta Ann Pabs Hebenen tailerretan ere parte hartu zuen.

Bere kurrikulumean sakonduz, Prilidiano Pueyrredon Arte Ederretako Eskola Nazionalean egin zituen Margolaritza, Marrazki, Eskultura eta Grabatu ikasketak eta egun Eduardo Giusianoren tailerreko partaide da. Ibilbide artistikoaz at, ingeles itzultzaile tekniko-zientifiko eta literarioa ere bada margolari trebea, azken ikasketa hauek Hizkuntza Bizien Goi Mailako Ikasketen Juan R. Fernandez Institutuan egin zituelarik.

Haizea eta itsasoa elkarrekiko solasean

[Goiko irudian Eusketxen ikusgai dagoen margo olatudunetako bat]

'Euskal Herrian haizea itsasoarekin oso modu berezian mintzatzen da', adieraziz laburtzen du artistak bere margolanen ideia nagusia. 'Euskararen sekretuak ezagutuz noan heinean nire amaren aldeko euskal senitartekoak, Donostiako Sorrón familia, gertuago sentitzen ditut. Beraien hizkuntza gogo biziz ikasten ari naiz. Orain, margolan hauei esker, beraiengandik oraindik gertuago sentitzen naiz', dio.

Ikaskideak dantzari

Bere aiton-amonei dedikatzen dien erakusketaren aurkezpenera Dinaren lagunak eta familia ere bildu ziren. Eurekin batera Euskaltzaleak-eko bere gelakideak eta erakusketa prestatzen lanean aritu ziren Eusketxeko kide ugari ere. Euskaltzaleak-ekoen artean Victoria Abasolok, euskara klaseko Antoniniren ikaskideak, aurreskua dantzatu zuen Marianela Rimini txistulari arrecifestarrak lagunduta.

Donostiako olatuak bere margolanetan islatzea lortu duen artista oso pozik agertu zen inaugurazio ekitaldian. Eusketxeko lehendakari Maria Elena Etcheverryk ere goraipamen hitzak egin zituen aurkezpenean. Donostiako olatuak ikusgai dago astelehenetik ostiralera, 15etatik 20etara, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean, México 1880 kalean, urriaren 30a arte.


Lotura interesgarriak

Eusketxeren XIX. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 16ean

Zurriolako olatuak zuzenean
Zurriolako webcamean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia