euskal diaspora eta kultura
2013/07/15
PUBLIZITATEA
Bego Miñaur/Donostia-San Sebastián. "Excellence in Basque Studies" ikastaroaren hirugarren edizioa Donostian eman zen iragan uztailaren 4an eta 5ean, UPV-EHUko Udako Ikastaroen baitan. Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin antolatu zen eta institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregik ikastaroaren balioespen oso baikorra egin du.
"Matrikula kopuruari eutsi diogu: ikastaroak 70 bat partehartzaile izan ditu eta otsailean eta apirilean egin genituen online ikastaroek beste hainbeste", azaldu dio Olaziregik EuskalKultura.com-i.
Euskal kultura birpentsatuz
Olaziregik azaldu duenez, ikastaro honek --eta baita irakurletza programak-- "euskal kultura gaur egun nazioarteko parametro akademikoetan pentsatzea eskatzen dute: ikastaroa nola planteatuko genuke, ze estandarretan, ze baliabide teknologiko erabiliko genituzke...". Horrez gain, urtetik urtera ikastaroko egitaraua goitik behera berritzen dela dio eta, hori dela eta, erabilgarria dela "euskal kultura arloko edozein kontutan eguneratzeko".
Halatan, partehartzaileen artean euskal kulturan eguneratu nahi duten lizentziatuak eta irakasleak izan dira; eta baita egun irakurletzatan lanean ari diren irakasleak zein ikastarora irakurle gisa atzerrian lanpostu bila etorri direnak ere.
Ikastaroan parte hartu duten nazioarteko adituen ekarpena azpimarratu du Olaziregik, horien artean Jose del Valle, City University of New York (CUNY) unibertsitateko Literatura eta Hizkuntza Prehispanikoen eta Lusitaniar-Brasildarren Programako zuzendariarena, eta Stanford University-ko irakasle Joan Ramón Resinarena. Azken honek, esaterako, Saizarbitoriaren "Hamaika Pauso" eleberriaren irakurketa bat egin zuen --"zoragarria", Olaziregiren esanetan-- eta euskal ikasketak ikasketak iberiarren markoan emateak dituen onurak aipatu zituen.
Nazioarteko unibertsitate sarean
"Gaur egungo egoeran internazionalizazioa klabea da", azpimarratu du Olaziregik. Zentzu horretan, "euskal kulturarentzat irakurletzak eta euskara eskolak munduko unibertsitateetan egotea, beste hizkuntza sail eta programekin harremanetan, oso garrantzitsua da", azaldu du. "Unibertsitate horietan egon daitezke euskararen etorkizuneko ikerlariak; ikasle horien artetik sor daitezke etorkizuneko euskara itzultzaileak..."
Etxepare Institutuak argi du irakurletzek norabide horretan lanean jarraitu behar dutela. Hala ere, "egungo egoera ekonomikoa dela eta gure aurrekontuak murriztu egin dira eta optimizatu beharra dago. Irakurletza berriak sortzea oso ondo pentsatzen ari gara, eta daudenak optimizatzea da helburua", agertu du.
Irakurletza berria Irlandan
Gauzak horrela, datorren ikasturtean hiru irakurletza itxiko direla baieztatu dio EuskalKultura.com-i Olaziregik, orohar, matrikula kopuru baxua dela eta: Stanford University (AEB), Universidad de Bahía Blanca (Argentina) eta Universidad Iberoamericana (Mexiko). "Hala ere, bidea egina dagoela uste dugu eta aurrerago berriz ere ireki ahalko direla espero dugu", esan du.
Aldiz, 2013-2014 ikasturtean irakurletza berri bakarra irekiko da, Irlandako Cork hiriko unibertsitatean. "Hizkuntza sail oso indartsua abian jarri duen unibertsitate berri bat", Olaziregiren esanetan. Horrez gain, institutua beste bi katedra abian jartzeko lanean ari da, baina epe luzeagoan gauzatuko direla espero dute arduradunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus