euskal diaspora eta kultura
2008/10/27
PUBLIZITATEA
Colorado, EEUU. 'Ongi Etorri Gure Akelarrera' zioen kartelak egin zien harrera Coloradoko Euskal Etxeak antolatu zuen euskal Halloween jaira bildu ziren bazkide eta lagunei. 'Jaia oso alaia izan zen eta arrakasta itzela izan zuen', azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko kide Mary Ann Karrikaburu Matassak. Jaiaren leloa 'izena duen guztiak izana du' esaera zaharra izan zen eta esaldia azaltzeko antolakuntzak partehartzeileei euskal mitologiako pertsonaietaz mozorrotzeko gonbitea egin zien. Gero pertsonaia bakoitzak bere istorioa azaldu zuen eta horrela elkarteko kideek euskal mitologian era dibertigarri batean sakontzeko aukera izan zuten.
'Akelarrearen gaia euskal kulturan duen itzala dela eta aukeratu genuen', azaltzen du Mary Ann Matassak. 'Akelarrea Mari eta sorginek Akerbeltzaren inguruan egiten duten bilera da. Kondaira hauen jatorria gizakiek inguruko naturaren fenomenoak azaltzeko duten beharra da. Euskal tradizioa oso irudimentsua da gertakari hauek azalduko dituzten pertsonaiak sortzeko orduan. Euskal mitologia gure Amerikako indiarren mitologiarekin loturik dago, biek Amalurra dutelako oinarrian. Aldiz, greziar mitologia adibidez, panteista da'.
Mari bikoitza
Mari da euskal mitologiako pertsonai nagusienetako bat, suzko anderea eta naturako elementu guztien erregina. 'Gure Akelarrera bi Mari agertu ziren, han izan ziren ere bere bi semeak, Atarrabi eta Mikelats, eta baita ere Amalur Ilargi eta Eguzki alabekin, Akerbeltz, Akerzuria, Beigorri, Basajaun, Jaun Zuria, Gaueko, Mamurrak, Idinarru eta sorgin asko. Txatxoa, Lantzeko ihauterietako pertsonaia, ere etorri zen, eta Zubieta eta Iturengo Joaldun bat, pottoka bat, eta... Ezpelettako Piper bat!', azaltzen du Mary Annek.
[Euskal mitologiako jainkosa nagusia izaki, Marik ordezkaritza galanta
izan zuen Akelarre Jaian: bi Mari agertu
ziren ekitaldira! Iruditan bi Mariak eta baten alaba, Naia (argazkia
Colorado EE)]
Jai honetan elkarteak bazkide berriei ongi etorria egin zien, besteak beste Irene Lopez Wessel eta Bill Wessel, Mari eta Akerzuriaz mozorrotuta. 'Ireneren euskal arbasoak 1800 inguruan heldu ziren AEBetara, bere birraitona Ekialdeko estatuetara etorri zenean', aipatzen du Mary Annek. 'Bere istorioak gure taldeko aniztasuna aberastu egiten du'. Jaia borobiltzeko bazkideek bazkari 'goxo-goxoa' egin zuten eta 'Sorgina Pirulina' haur-kanta abestuz bukatu zuten Akelarrea.
[Gaueko, gauaren jeinua, eta Mikelats, Mariren seme maltzurra,
bihurrikeriak eta barrabasadak prestatzen Akelarre Jaiaren lehen edizioan (argazkia Colorado EE)]
[Beigorri eta Akerbeltz, Coloradoko Euskal Etxeak egin zuen Akelarre
Jaira bildu ziren euskal mitologiako pertsonaiak (argazkia ColoradoEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus