euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Marcos Pazeko Zuhaitzaren Herria Euskal Etxeak 2018an bere egoitza eraikitzen hasiko dela iragarri du

2017/12/29

Euskal standa Marcos Pazeko 2017ko Gizataldeen Jaian
Euskal standa Marcos Pazeko 2017ko Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

Urte amaierako jaian urte berrirako plangintza aurkeztu du Marcos Paz herriko Euskal Etxearen Zuzendaritza Batzordeak. Ekintzak martxoan hasiko dira eta urtero bezala elkartearen ekitaldi nagusia irail aldera izango da, Gizataldeen Jaialdiaren inguruan. Erronka ederra ere izango dute marcospaztarrek 2018an: Udaletik jasotako ‘komodato’ bati esker erakundearen egoitza hasiko dira eraikitzen.

Marcos Paz, Argentina. Zalaparta handirik egin gabe baina urratsak tinko aurrera doa Buenos Aires probintziako Marcos Paz herriko euskal taldea. 1999an sortutako Zuhaitzaren Herria euskal kulturaren erreferente bihurtu da herrian eta euskal kolektibitatearen ordezkari da Udalak antolatzen dituen ekitaldietan.

Datorren urteari begira eta erakundea oraindik gehiago sendotze aldera, Euskal Etxea egoitza propioa hasiko da eraikitzen Udalak 'komodatoan' utzitako lursail batean. Elkarteko ordezkari den Martin Garitonandiak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “lursaila Ferrari eta Rivadavia kaleetan dago. Udalaren politika da bitarteko elkarteei laguntza ematea eta orain guri tokatu zaigu. Ondo erabiltzen badugu komodatoa berrituko digute behar dugun heinean”.

Berri honekin batera, datorren urte osoko programa aurkeztu zuen Fernando Garitonandia buru duen batzordeak, honako mugarriekin: apirilean kide eta lagunentzako bazkaria egingo dute herriko nekazaritza eskolan; maiatzean bazkideen biltzarra; irailean herriko euskal astea, inguruko euskal etxeak lagun; azaroan kolektibitateen jaialdia; eta abenduan, urte amaierako festa.

2017ko ekintza nagusiak

Abenduan egin berri dute marcospaztarrek urte amaierako jaia, gonbidatu ugari lagun, tartean Ricardo Curutchet alkatea bera. Topaketan komodatoaren hitzarmena eskuratu zien herriko agintariak euskal etxeko kideei. Elkarretaratze berean euskal kantak abestu zituzten eta bildutakoek afaria partekatu zuten.

Urtekoari gainbegiratua emanez, azaroaren 10etik 12ra Euskal Txokoa muntatu zuen Euskal Etxeak herriko Gizataldeen Jaian. Bertan, euskal plater tipikoak eskaintzeaz gain, zahato txapelketak antolatu zituzten euskal kolektibitatearen ordezkariek.

Zuhaitzaren Herria-ko kideek beste euskal etxeek antolatutako ekintzetan ere hartu ohi dute parte, hala nola Cañuelasko Denak Bat-ek eta Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat-ek antolatutakoetan. Hona, Marcos Pazeko euskal kantariak Gral. Las Herasen: egin klik hemen.

Marcos Pazeko Zuhaitzaren Herria Euskal Etxeko kideek hautatutako batzorde berria honela geratu da:

-Lehendakaria: Fernando Garitonandia
-Lehendakariordea: Andrea Echart

-Idazkaria: Marcela Barragan
-Diruzaina: Joaquin Garitonandia
-Batzordekide titularra: Martín Garitonandia


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia