Buenos Aires, Argentina. Giro bikaina izan zen iragan irailaren 22an Maral taldeak Iparraldeko Euskal Etxean eman zuen kontzertuan: musika, euskal kantak, lagun asko eta euskal kulturari maitasuna nagusi izan ziren bertan. Buenos Aires hiriko euskaldun asko bildu ziren ekitaldira eta euren ekarpenek Euskaltzaleak euskaltegiaren lana sostengatzen lagunduko dute.
Maral taldeak, Mariana Dominé kantaria buru, euskal kanta herrikoien kontzertua eskaini zuen eta entzule askok eurekin bat egin zuten kantuan. Bertara bildu zirenen artean abestien letrak banatu zituzten Euskaltzaleak elkartekoek, eta horrela, kantuan aritzeaz gain, euskara ere praktikatu zuten entzuleek.
[Itxura eder hau zuen Iparraldeko Euskal Etxearen frontoiak Maral taldearen kontzertuan (argazkia Euskaltzaleak)]
[Euskaltzaleak-eko korukide eta partaideek ere euren hondar-alea ipini zioten gauari, zenbait kantu herrikoi eskainiz (argazkia Euskaltzaleak)]
[Giro bikaina izan zuen kontzertuak, euskara eta euskal kantuak protagonista eta partaide, kantari inprobisatuen artean Euskaltzaleak-eko lehendakaria bera ere, Carlos Bordagaray, urdinez (argazkia Euskaltzaleak)]
Kontzertuaren atsedenean, festalariek euskal pintxo dastaketa egin zuten. Aukera zabala izan zuten: 'Onena' izeneko pintxoa (piperrak eta urdaiazpikoa), izokin mousse-a, onddo pintxoa, txaka pintxoa eta pintxoetan klasikoa dena, tortila pintxoa, besteak beste.
[Tabernan pintxoak eta edariak zerbitzatu zituzten, Euskaltzaleak-eko lagunak paratzaile eta zerbitzari (argazkia Euskaltzaleak)]
[Horrelako pintxoekin berreskuratu zituzten indarrak Maral-en kontzertuaz gozatu zuten festalariek (argazkia Euskaltzaleak)]