euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maral talde euskal argentinarrak musika jarri zion San Pedroko XIV. Gizataldeen Jaiari

2009/10/21

Maral talde euskal-argentinarra San Pedron
Maral talde euskal-argentinarra San Pedron

PUBLIZITATEA

Urriaren hamarrean, asteburu luzearen hasierarekin batera, inauguratu zen San Pedron herriko XIV. Gizataldeen Jaia. Antolatzaileen arabera, aurtengo edizioa aurreko urteetakoak bainoa askoz jendetsuagoa izan da, eta oso pozik daude komunitate osoa bertaratu zelako jaialdira. Paseo Publico-n ipinitako standetan hainbat herrialderi buruzko informazioa eskuratu ahal izan zen baita janari tipikoak dastatu ere. XIV. edizio honetan, Argentina bertako talde batzuek ere hartu zuten parte, eta beste jakingarri batzuen artean, erreginaren hautaketa aipa daiteke: Laila Epelde, Ongi Etorri Euskal Etxearen ordezkaria, bigarren printzesa izendatu zuten. Musika arloan ere, euskaldunak gailendu ziren: Maral-eko musikari euskal-argentinarrak izan ziren tauletatik jendea dantzan eta kantuz ipini zituen taldea.

San Pedro, Argentina. Larunbateko ekaitzak ez zituen sanpedrotarrak kikildu. Ekintzetako batzuen ordutegia moldatuz, berehala konpondu zuten tupustean gertatutakoa, festarekin hasi ahal izateko. Asteburu luzea pasatzeko Parana ibaiaren ertzean dagoen hiri hau aukeratu zutenak bildu zituen hiru eguneko ekitaldi honek eta euren musika, dantza, eskulan eta janari bidez herrialde askotako kulturak ezagutzeko helburua zeharo bete zuen.

Jai honetan urtero parte hartzen duten kolektibitateei, Argentinako jatorrizko herri batzuk gehitu zaizkio aurten. Agertokian aurkeztutako ikuskizunez gain, zeremonia indigena bat eskaini zitzaion publikoari. Aldi berean, eta aurreko urteetan ez bezala, aurten Erreginaren hautaketa egin zen. Epaimahaiak Paula Crelliere, Frantziako ordezkaria hautatu zuen erregin, eta berarekin batera, alemaniarren delegatua, Camila Gimenez, eta Laila Epelde, euskaldunena.

'Pozik baino pozago gaude Gizataldeen Jaiarekin', esanez hasi dute balantzea festako arduradunek. 'Bai bisitari kopuruaren aldetik bai erakusketen aldetik aurreko urteetan baino askoz hobeto atera da dena. Talde gehiagok izan dute tokia edizio honetan, eta baita beste herri batzuetako artistak ere'. Besteak beste Rosarioko ballet batzuek eta Maral talde arrecifestarrak dantzaz eta musikaz bete zuten San Pedroko Pasealeku Publikoa.

Lotura interesgarriak

San Pedroko gizataldeak
www.sanpedro.gov.ar/turismo.colectividades.php

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia