euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maral talde euskal argentinarrak jauzia eman eta lehen aldiz kantatuko du abenduan Euskal Herrian

2008/11/21

Mariana Dominé Irigoyen ahots eta lider daukan taldeko lau kide, aurrean eserita Mariana bera.
Mariana Dominé Irigoyen ahots eta lider daukan taldeko lau kide, aurrean eserita Mariana bera.

PUBLIZITATEA

Euskal Herrira ari diren lehenengo aldia dute eta Europara abiatzeko aste bete pasexe falta bazaie ere, Gasteizen Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunetan kantatzeko, ezin dute ezkutatu honek guztiak dakarkien emozioa eta baita urduritasun punttua ere. Argentinan jotzen duenean bere errepertorioa euskarazko piezez edertzen duen Arrecifes-eko talde honek hiru emanaldi eskainiko ditu abenduan Euskal Herrian: 3an Gasteizen, Oiartzunen 6an, eta Durangon 8an, azken hau Durangoko Azokaren baitan.

Arrecifes, Argentina. Datorren abenduaren lehenean aurreneko aldiz lurreratuko da Euskal Herrian Maral Talde argentinarra. 2000. urtean Arrecifesen, Buenos Aires probintzia iparraldean, jaio zen talde honek musika errepertorio zabala eskaintzen du Argentinan jotzen duenean: folklorea, tangoa eta Euskal Herriko kantuak. Lotura estua dauka taldeak euskal kulturarekin eta izan ere taldeko abeslari eta liderra, Mariana Dominé Irigoyen, Arrecifeseko 'Euskaldunak Danak Bat' Euskal Etxeko lehendakari izandakoa da hamarkada hone hasieran.

Marianarekin batera, Adrian Charras, Christian Rodriguez, Billy Vogt eta Maria Eugenia Cozzak osatzen duten taldea. Maralek, besteak beste, Argentinako zenbait Euskal Aste Nazionaletan jo izan du, hala nola Necochea 2005en eta Cordoba 2006an. 2007an, berriz, Nazioarteko EuskoCantat txapelketa irabazi zuen, 'Maitia nun zira' eta 'Begira nago' kantuekin.

Emanaldiak Gasteiz, Oiartzun eta Durangon

Aurten, Euskal Herrira joan eta Gasteizen Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzeko egingo diren ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena jaso du Maralek, eta horrekin batera aspaldiko ametsa betetzeko aukera: Euskal Herrian lehenengo aldiz kantatzea. “Egia esateko, kosta egiten zait sinestea gertatzen ari zaiguna. Harrituta gaude oraindik eta espero dugu gauza izatea, behin han egonda, geure musika hemen egiten dugun moduan ezagutarazteko”, aitortzen dio Dominék hunkituta Euskalkultura.com-i .

Euskal Herrian, abenduaren 3an Euskararen Egunean kantatu ondoren, Juan Mari Beltranen eskutik antolatutako kontzertu batean joko dute abenduaren 6an Oiartzunen, gaueko 9an bertako Udaletxean. Birarekin bukatzeko, Durangon, Euskal liburu eta Disko Azokaren baitan ere aurkeztuko dira, Azokaren Aretoan, abenduaren 8an, arratsaldeko 5etan.

Lotura interesgarriak

-Aita semeak tabernan daude pieza, Maralek kantatua
-Lau teilatu gainean, Maralek kantatua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia