Buenos Aires, Argentina. Argentinan eta munduan zehar, futbolzaleen eta hain zaleak ez direnen artean ere, Diego Armando Maradona beti dago guztion ahotan. Urriaren 30ean, Argentinako eta nazioarteko komunikabideek ‘10’ zenbakiarekin planeta osoan ezaguna egin zen futbolariaren 60. urtebetetzearen berri eman zuten. Eta egun hauetan, prentsak gertu-gertutik jarraitzen ditu Maradonaren osasun gorabeherak, buruaren ezkerraldean hematoma subdural kroniko bat tratatzeko ebakuntza egin behar izan ziotelako.
Bereziki Argentinan pertsonaia izaten segitzen duen futbolari ohiaren 60. urtebetetzean, nolabaiteko omenaldi bat egiteko, eta ‘ingelesen kontrako’ golaren 34. urteurrenean [gol mitikoa Mexikoko 1986ko Munduko Futbol Txapelketan sartu zuen Maradonak], Buenos Airesko Euskatzaleak euskaltegiko ikasle batek, hemen "Mendeko gola"ren zinez kontaketa mitikoa den Victor Hugo Moralesen hitzak euskaratu eta grabatu du.
Julieta Gaztañaga ikasleak azaldu digunez, “Ideia ikasle ohi batek proposatu zigun. Jorge Montanarik, gola esperantora itzuli baitzuen, eta animatu gintuen euskaratzera. Erronka handia izan da, ez bakarrik testuarekin lan egitea, baizik eta Moralesen kontaketaren intonazioa eta zirrara berezia egin ahal izatea. Lana burutzeko, Irene López de Vicuña irakaslearen laguntza izan nuen, era Jorge Montanari bera arduratu da edizioaz”. Hona bideoa:
['Mendeko gola' euskaraz, Julieta Gaztañaga esatari. Jatorrizko bertsioa, hemen]
"Berriro ere beste askotan egin bezala, adibidez matea hartzeko jarraipideak euskaratzerakoan, Euskaltzaleak-ek eguneroko bizimoduaren gainean egiten du lan, bere irakaskuntza lana gizartera eta ikasleen egunerokotasunera ekarriz, Euskal Herriko hizkuntza jendartetuz eta esparru berrietaratuz", adierazi digute Euskaltzaleak-etik.