euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platan Udako Jaialdia ospatuko dute larunbat honetan, dantza eta zuzeneko musikarekin

2025/02/13

Jaialdiaren aurreko edizioetako irudiak, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile, musika zuzenean eta euskal dantza ardatz
Jaialdiaren aurreko edizioetako irudiak, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile, musika zuzenean eta euskal dantza ardatz

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina. Datorren larunbatean, otsailaren 15ean, 21etan, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko areto nagusiko ateak zabaltzen direnean, aspaldian itxaroten den Jaialdia hasiko da, 'Euskal Kulturaren Udako Festa'. Zortzigarren edizioan, dantza ugari, zuzeneko musika, janari tipikoak, euskara zabaltzeko stand bat eta euskal jantziak eta artikuluak saltzeko beste bat eskainiko ditu. Festibalera ondoko herrietako eta Mar del Platan oporretan dauden urrunagoko euskal etxeetako lagunak bertaratuko dira, baita, euskal gizataldearen ordezkari, Denak Bateko lehendakari ohi eta egungo FEVAkoa den Asier Iriberri Plazaola, besteak beste.

Musika, dantza eta gastronomia bertakoak eta turistak kopuru beretsuan biltzen dituen jai honetan. Euskal Etxea osotasunean mugiarazten du, eta inguruko euskal etxeetako kide asko erakartzen

Jaialdia udako topaketa tradizionala bihurtu da Mar del Platan, eskaini ohi duen musika eta dantza ikuskizun bikainari esker. Edizio bakoitzean bertakoak zein turistak kopuru beretsuan deitzen ditu eta euskal etxe osoa mugiarazten du. Denak Bateko lehendakari Gustavo Elichiribehetyk EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, "Hunkigarria da ikustea nola berpizten den euskal kultura instituzioetara hurbiltzen diren belaunaldi berriekin". Bera izan zen, izan ere, euskal etxeko korridoreetan korrika zebiltzan ume horietako bat, eta orain, eta orain, aitona titulua estreinatzear dagoela, biloba imajinatzen du urte gutxiren buruan lehen urratsak entseatzen.

Eta entseatzea bada kontua, Denak Bateko dantzariek asko dute kontatzeko, edo hobeto esanda, erakusteko. Izan ere, larunbatean, nagusien taldeko arduradun diren Andoni Iriberri eta Nerea Balzolaren zuzendaritzapean, "Beti Alai" euskal dantza taldeko hiru formazioak taularatuko dira. haur txikienak, Lourdes Altuna, Unai Hormaechea eta Maite Bengoechearen eskutik igoko dira oholtzara, eta ertainak, Rosario Altuna, Itziar Aguirrezabal eta Juan Cruz Aguel zuzendari. Zuzeneko musika bertako Aitor Hormaecheak, Juan Manuel Iriartek, Nerea Balzolak eta Martina Saak joko dute. Boutiquean nikiak, zapiak eta euskal oroigarriak izango dira salgai. Ondoko standean, euskara zabaltzeko gune bat zabalduko da. Bertan, Monica Usubiaga, Esteban Capurro eta Kattin Artola irakasleek, ikasle aurreratu batzuekin batera, euskal etxean ematen dituzten ikastaroei eta euskarari buruzko informazioa eskainiko dute.

Ekarri zeure edalontzi jasangarria

Sarrerak, Idazkaritzan $ 3.000 pesotan eros daitezke ostiralera arte. Larunbatean bertan Denak Bateko atean erosiz gero, $ 5.000 izango dira. Denak Batek ohi duenez, botatzeko plastikozko ontzien erabilera murriztea sustatuko da eta beraz, begi onez ikusiko da festara datozenek euren edalontziak ekartzea. «Bistan da, alboko herrietako euskaldunak besoak zabalik itxaroten ditugu, eta urrunagotik badatoz, are  gehiago», gonbidatzen du gogotsu Gustavo Elichiribehety mardelplatatarrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia