euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platan egingo da datorren ostiralean Hego eta Ertamerikako Euskal Etxeen eskualdeko bilera

2018/10/26

Kongresuarteko azkeneko bilera joan den otsailean egin zen Kaliforniako San Frantziskon. Mar del Platan, bertako euskal etxeak aurten 75 urte betetzen dituela kointzidituz antolatutako Euskal Astearekin bat antolatu da bertan (arg. EuskalKultura.com)
Kongresuarteko azkeneko bilera joan den otsailean egin zen Kaliforniako San Frantziskon. Mar del Platan, bertako euskal etxeak aurten 75 urte betetzen dituela kointzidituz antolatutako Euskal Astearekin bat antolatu da bertan (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Mundu-Batzar arteko bilera datorren ostiralean, azaroaren 2an, egingo da Mar del Platan, 2019an Bilbon egingo den Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu.Batzarrarerako bidean. Hamar bat herrialdeko ordezkariek baieztatu dute orain arte euren partaidetza Mar del Platan, bilkuraren itxieran Urkullu lehendakaria partaide. Izan ere ondoren eta dagoeneko Mar del Platako Euskal Etxean, Lehendakariak Argentinako 2018ko Euskal Aste Nazionalaren asteburuko programa inauguratuko du.

Mar del Plata, Argentina. Hego eta Ertamerikan parte hartzeko eskubidea daukaten 12 herrialdeen artean, dagoeneko hamarrek baieztatu dute euren partaidetza La Platako Spa Republica hotelean gauzatuko den bileran. Hain zuzen ere Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela, Brasil, Peru, Kolonbia, Kuba, El Salvador eta Paraguaik, baieztatzeke informazio hau idazteko momentuan Puerto Rico eta Dominikar Errepublika.

Bilera antolatzeko ardura Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren esku dago eta arlo horretako buru den Gorka Alvarez Aranburu EuskalKultura.com-i adierazi dionez, elkarretaratzea lan-bilera trinko bat izango da, hainbat gai eta proposamen mahaigaineratuko baitira elkarrekin mintzatu eta lantzeko, begirada datorren urteko urrian Bilbon egitaraututa dagoen Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarran ipinita.

Antzeko kongresuarteko eskualde-bilerak egin dira aurretik Europa-Asiako euskal etxeekin (iazko maiatzean Parisen) eta Ipar Ameriketan (aurtengo otsailean San Frantziskon), beti ere gaiak aztertu, proposamenak bildu eta Gobernuak euskal etxeekin eta munduko euskaldunekin dauzkan erlazio, programa eta ekimenen eraginkortasuna hobetu eta areagotzeko asmotan.

Bilkuran izango da baita ere, kargua urte hasieran hartu zuenetik honelako bere lehenengo kontaktuan, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia