euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Zinemalditik pasa ondoren Fermin Muguruzaren 'Zuloak' Buenos Airesen ikus daiteke

2012/12/04

'Zuloak'en neskak: Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta eta Naiara Goikoetxea
'Zuloak'en neskak: Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta eta Naiara Goikoetxea

PUBLIZITATEA

Fermin Muguruzaren hirugarren proiektu zinematografikoa da 'Zuloak' eta aurreko ‘Libano’ eta ‘Marruecos’ bezala, hau ere estreinatu da Argentinan. Mar del Platako Zinemaldian izan ondoren, ‘Zuloak’ Buenos Airesera iritsi zen joan den ostegunean astebeterako geratzeko, eta beste hainbeste luzatzeko aukerarekin. Muguruzak berak aurkeztu zuen dokumentala ostiralean, hiriburuko Constitucion auzoko Arte Cineman burututako emanaldi berezi batean. Muguruzaren ‘Libano’ eta ‘Marruecos’ filmak, bestalde, Buenos Airesko Arabiar Zinemaldiaren II. edizioan proiektatu dira eta "Bondi a Palestina" jaialdian hartu du parte Muguruzak, kontzertua ere eskainiz.

Buenos Aires, Argentina. Ezohiko eskaintza batez gozatu ahal dute egun hauetan Argentinako hiriburuko zinemazaleek. Joan den ostegunetik abenduaren 5era arte Fermin Muguruzaren azken pelikula egongo da Buenos Airesko ikuskizunen sailean. Hitzordua, ordea, ez da zinemazaleentzat bakarrik. Izan ere, Muguruzak bere jarraitzaileak, euskal rockaren maitaleak, talde feministen ordezkariak eta baita Buenos Airesko Diasporako hainbat lagun ere bildu ziren INCAA Gunean bere hirugarren filma hau ikusteko.

Dokumentalari dagokionez, ‘Zuloak-ek istorio luze eta korapilo askokoa du atzean’. Zuloak taldea Muguruzak --Eider eta Arrate Rodriguezen laguntzaz-- sortu zuen film hau egiteko, eta delako taldearen historia da pelikularen haria; haria eta aitzakia, hainbat gairi buruz --feminismoa, matxismoa, sexua, musika, gazteak...-- hitz egin ahal izateko. «Generoari dokudrama deitu izan zaio, nahastu egiten dituelako dokumental klasikoaren zenbait atal eta fikziozko beste zenbait”, azaltzen du Muguruzak.

['Zuloak' dokumentalaren trailer-a]

Originala da proposamena eta originaltasun horri txikia ez den beste detaile bat erantsi ahal zaio Argentinako estreinaldiaz hitz egiten badugu. Pelikula Buenos Airesen euskaraz ematen ari da, gaztelaniazko azpitituluekin. Honi buruz ere hitz egin zuen zuzendariak Buenos Airesko aurkezpenean: “Ez da garrantzi gutxiko gauza bat pelikula euskaraz estreinatu ahal izatea hemen. Ez dakit zenbat aldiz eman diren hemen Argentinan pelikulak euskaraz; guretzat, ordea, paregabeko esperientzia da”, adierazi zuen musikari euskaldunak aretoan zeuden euskaldunen eta euskal-argentinarren presentzia gailenduz.

Zuloak Buenos Airesen 2012 01

[Buenos Aireseko aurkezpenean, kolore puntua ‘La Universidad de la Concha’ delako talde feministako kide batek jarri zuen bere olerki musikalizatuekin (argazkiak EuskalKultura.com)]

Agenda erabat betea izan zuen Fermin Muguruzak aurretik Mexikora ere eraman zuen bira honetan. ‘Zuloak’ Mar del Platako 27. Zinemaldian proiektatu zen azaroaren 24an. Horren ostean Buenos Airesera bidaiatu zen bertan dokumentalaren hedapenarekin jarraitzeko. Bide batez, Buenos Aireseko Arabiar Zinemaldiaren II. edizioan bere beste pelikula bi proiektatu ziren, ‘Libano’ eta ‘Marruecos’. Eta azaroaren 29an ‘Bondi a Palestina’ delako jaialdian hartu zuen parte.

-‘Zuloak’ Buenos Airesen ikusteko aukera bihar arte izango dute oraindik ikusi ez dutenek. Hitzordua arratsaldeko 18:45etan da, Arte Cinema Aretoan, Salta kaleko 1620. zenbakian



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia