euskal diaspora eta kultura
2014/03/26
PUBLIZITATEA
Mar del Plata, Argentina. ‘Hego Amerikako Belak’ izeneko belaontzien topaketan hartu zuen parte joan den martxoaren 4an Mar del Platako Nafar Etxeak. Ekitaldia hiriko Playa Grande hondartzaren aurrean burutu zen eta Hego Amerika osoko belaontzien tripulazioei ongietorria ematea zuen helburu nagusi.
Marinelei egindako harrera arratsaldean gauzatu zen, Argentinako Armadaren musika bandaren emanaldiarekin hasita; ondoren, ontzi militar zein zibiletako kideak desfilatu zuten Costa Galana hoteleko zabaldegian zeuden Armadako agintarien aurrean. Marinelekin batera, hiriko kolektibitateen ordezkariek ere osatu zuten kabalkada euren jantzi tipikoak luzituz.
[Hamaika bandera eta ikur zabaldu ziren martxoaren 4an Mar del Platako 'Playa Grande' hondartzaren aurrean, tartean Nafarroakoak (argazkiaNE)]
Belaontzien Topaketari buruz, esan dezagun, 2010ean egin zela lehendabizikoz eta izandako arrakastak bultzaturik lau urtean behin antolatzea erabaki zuten Hego Amerikako Armadek, euren arteko harremanak sendotzea helburu. 2014 honetakoak harrera paregabea izan zuen hirian eta ehunda hirurogei milatik gora lagun –bertakoak zein turistak– hurreratu ziren hondartzara ekitaldia ikustera.
Etxearen 4. urtemuga eta 'Riau-riau'
Martxoan baita ere, instituzioaren laugarren urteurrena gogoratu dute Mar del Platako Nafar Etxeko kideek. Dataren ospakizuna, ordea, apirilaren 6an egingo da, lagunarteko bazkari batekin. Elkarretaratzearen baitan, etxeko ‘Sexta Merindad’ Dantza Taldea arituko da eta dantza errepertorio polita eskainiko dio publikoari. Horrez gain, etxeko kideek argitaratzen duten ‘Riau Riau’ aldizkariaren zenbaki berria aurkeztuko da.
“Etxeko kide eta lagunok egongo garenez, aprobetxatuko dugu ‘Riau Riau’ gure argitalpenaren bigarren zenbakia aurkezteko. Oso eduki interesgarriak dakartza albistegiak, hala nola, kirola, kultura eta gizarteari buruzko artikulu eta elkarrizketak”, esan digu Nafar Etxeko diruzain Sebastian Borrok. ‘Riau Riau’ paperezko bertsioan zein sarean azabaltzen da. Paperezko bertsioa hirian eta inguruan banatzen da. Bertsio digitala, berriz, munduko edozein bazterretik eskura daiteke, internet bidez. Materiala ISSUU formatuan dago eta hemen dago ikusgai.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus