euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Artaburu Euskara Elkarteak eratutako Euskararen Astea datorren larunbatean bukatuko da

2009/12/07

Gernikako Arbolaren kimua Mar del Plata erdigunean dagoen San Martin plazan. Lore-eskaintza egin zen bertan, Euskararen Nazioarteko Egunean (argazkia EuskalKultura.com)
Gernikako Arbolaren kimua Mar del Plata erdigunean dagoen San Martin plazan. Lore-eskaintza egin zen bertan, Euskararen Nazioarteko Egunean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtero sasoin honetan bezala, Mar del Platako 'Artaburu Euskaltzale Elkartea' euskararen inguruko egitarau batez ari da bukatzen urtea, joan den ostegunean --Euskararen Egunean-- hasirik, datorren larunbatean --abenduak 12--bukatzeko, beti ere Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxearen baitan. Ekitaldien artean, lore-eskaintza Gernikako Arbolaren aurrean, Kaperotxipi margolariari buruzko hitzaldia, liburu erakusketa bat, 'Kutsidazu bidea, Ixabel'en emanaldia eta Urte Azkeneko Afaria eta haur eta gaztetxoentzako mitologia tailerrak eta antzezpen bat, Herensugeaz, eta txokolatealdia.

Mar del Plata, Argentina. Bederatzi eguneko egitaraua joan den ostegunean hasi zen, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatzeko Mar del Platako San Martin Plazan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean lore-eskaintza bat eginez eta egunaren esanguraz hitz batzuk jaurtiz arratsaldeko ordubatean. Egun berean baina iluntzean eta Euskal Etxean, 'Kutsidazu bidea, Ixabel' filma eta Kimuak saileko izenburu batzuk eman ziren. Aldi berean, erakusketa bat ere zabaldu zen, Nevada-Renoko Unibertsitate estatubatuarrak --EuskalKultura.com medio-- Euskal Etxeko liburutegiari oparitutako liburu sortekin.

Ostiralean, hitzaldi bat eskaini zuen Mauro Vitullok, "Mauricio Flores Kaperotxipi, Euskal Artearen enbaxadari Mar del Platan" izenburupean, gai bera harturik parte hartu baitzuen hizlariak Deustuko Unibertsitatean antolatutako Exilioari buruzko X. Kongresuan. Larunbatean, berriz, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera, Denak Bat-eko Urte Azkeneko Afari Handia egin zen, eta urtero ohi bezala Artaburu Euskaltzale Elkarteak eginiko 'Euskara Denontzat' urtekaria banatu zen bertaratutakoen artean.

Azkenik, datorren larunbateko ekitaldiei dagokienez, arratsaldeko zazpietan hasiko dira, Euskal Etxeko Hitzaldi Aretoan txokolatealdia eginez, baita haur eta gaztetxoentzako tailerrak eta Herensugeari buruzko antzezpen bat. Olentzeroren bisita ere hartuko dute bildutakoek. Parte hartzeko txartelak, aldez aurretik salgai Euskal Etxean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia