euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Euskal Etxeko txikiek Olentzerori gutuna idatziz ospatu zuten Euskararen Eguna

2008/12/22

Mar del Platako euskara lantegiko haurrak Olentzerorekin (argazkia Mar del Plata EE)
Mar del Platako euskara lantegiko haurrak Olentzerorekin (argazkia Mar del Plata EE)

PUBLIZITATEA

Etxeko txikiak izan ziren Mar del Platako euskal elkarteko Artaburu Euskaltzale Taldeak antolatu zuen Euskararen Eguneko jaiaren izarrak. Taldeak Gabonetako ekitaldi berezia prestatu zuen ostiralero euskara lantegian aritzen diren neska-mutilentzat. Jaia abenduaren 5ean izan zen eta haurrek 'Olentzero, Gabonetako ipuina' filmea ikusi zuten, euskaraz. Gero, jostailuen izenak euskaraz ikasi eta Olentzerori gutuna idatzi zioten. Postaria ziztu bizian ibili zen antza, handik minutu batzuetara bertan agertu zelako Olentzero, haurren artean banatu zituen goxokiz betetako zaku batekin.

Mar del Plata, Argentina. Mar del Platako Euskal Etxearen Euskararen Eguneko egitarau zabalaren barruan Artaburu Euskaltzale Elkarteak Beti Alai euskara lantegiko txiki eta gaztetxoentzako ekimen berezia prestatu zuen. Ekitaldian neska-mutilek zineaz euskaraz gozatzeko aukera izan zuten: elkarteko gela bat zinema aretoa bailitzan atondu eta sartu ahala krispeta poltsa bana eman zieten antolatzaileek. Pantaila aurrean eseri eta --dena prest!-- 'Olentzero, Gabonetako Ipuina' marrazki bizidun filma ikusi zuten, euskaraz.

Euskararen Eguna eta Olentzero 2008 (2)

[Umeek jostailuen izenak euskaraz ikasi zituzten gero Olentzerori gutuna idazteko (argazkia Mar del Plata EE)]

Emanaldiaren ostean haurrek Olentzeroren gutuna idatzi zuten, Gabonetako opariak eskatuz. Euskara landu ahal izateko, irakasleek jostailuen izenak euskaraz nola esan erakutsi zieten. Gutuna bukatu ostean haurrei gelatik irteteko eskatu zieten, 'norbait oso bereziak etorri behar zuelako'. Bueltatu zirenean ezusteko galanta hartu zuten, marrazki bizidunetan ikusi berria zuten Olentzero bertan zegoela ikustean. Olentzerok goxokiak banatu zituen haurren artean eta beraiekin argazkia atera zuen. Haurrek eskerrak eman zizkioten Denak Bat Euskal Etxera etortzeagatik .

Euskararen Eguna eta Olentzero 2008 (3)

[Olentzero agertu zenean sekulako ezustekoa zuten haurrek! (argazkia Mar del Plata EE)]

Ekitaldiaren antolatzaileak Graxi Bakker, Mónica Usubiaga eta Esteban Capurro euskara irakasleak eta Milagros Pandolfo, Adriana Hernandorena eta Txuri Ardanaz Otaño euskara ikasleak izan ziren. Laguntzaile Luis Gáspari eta txiki eta ertainen dantza irakasleak --María Luz Vicente, Andoni Iriberri, Ana Carolina Elichiribehety eta Lucía Irazoqui-- ibili ziren, haurren guraso eta lagunekin batera.

Euskararen Eguna eta Olentzero 2008 (1)

[Olentzerok Mar del Plarako Beti Alai euskara lantegiko txikiei opariak ekarri zizkien (argazkia Mar del Plata EE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia